Astelehena, 7:00. Gaur ere, euria. Korrika egitera joatea tokatzen zaizu. Sasoian jartzeko egin duzun planak ez ditu kontuan hartzen ez eguraldi txarra, ez nekea. Gainera, Kepak azken orduko aitzakia bat jarri dizu. Berriro. Iritsi zaizu kirola egiteko motibazioa suspertzeko unea, eta telefono adimendunek lagunduko dizute horretan ere. Zer ezin ote dute egin smartphoneek?
Oso erraza da. Aplikazio asko daude, askotariko funtzioak dituztenak, korrikalarien komunitate gero eta zabalagoa gogoan sortutakoak. Hona hemen gomendio batzuk.
Erreferentziako aplikazioetako bat da. Egindako distantziak, denborak, kontsumitutako kaloriak eta abar erregistratzeko aukera ematen du. Gainera, zale-komunitate handi bat du, eta haiekin informazioa truka daiteke, batez ere entrenamenduekin zerikusia duen informazioa.
Musika-erreproduzitzailearekin batera erabil daiteke, lasterkaldiak atseginagoak izan daitezen. Androiderako eta iOSerako bertsioak daude. Doakoak eta ordainpekoak.
Lasterkarien artean oso arrakastatsua da. Mundu osoko 30 milioi lagunek baino gehiagok erabiltzen dute, aplikazioaren webgunearen arabera. Aplikazioan, nabarmentzekoak dira, besteak beste, ahots bidezko entrenamenduak, helburuen ezarpena eta aplikazioaren izaera soziala, lorpenak lagunekin partekatzeko aukera ematen baitu. Doakoa da, eta iOSerako eta Androiderako dago eskuragarri.
Kaleratu zuten lehenengo aplikazioetako bat da. Beharrezkoa da Nike+ sentsore bat izatea; etxe horretako kirol-oinetakoetan eta eskumuturreko nahiz erloju adimendunetan izaten dira. Batez besteko erritmoak, erretako kaloriak eta egindako kilometroak monitoriza daitezke. Gainera, musika entzunez egin daiteke korrika, eta lasterketak parteka daitezke. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
Mugikorretako aplikazioan ere lehiakide dira Adidas eta Nike. Adidasen miCoach aplikazioak entrenatzaile pertsonal bihurtu nahi du smartphonea, entrenamenduaren atal bakoitzeko erritmoa denbora errealean markatzen duen ahots-sistema bati esker. Gainerakoek bezala, distantziak, erritmoak, erretako kaloriak, etab. neurtzen ditu. Android, iOS eta Windows sistemetarako.
Beste aplikazio beterano bat. Berrituz joan da, erabiltzaileen iritzietan oinarrituta; hala, asko hobetu da azken urteotan. Facebookekin bateragarria da; han, Endomondo darabilten lagunak bila daitezke, eta desafio egin. Pantaila pertsonaliza daiteke, eta ibilbide gogokoak ezarri. Sony Ericssonen erloju adimendunarekin bateragarria da. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
Korrikalarientzat diseinatutako aplikazioetako batzuk besterik ez dira horiek. Badaude beste asko ere. Adibidez, My Asicsena (kirol-markentzat pagotxa izan dira mugikorretako aplikazioak bezeroak leialtzeko eta erakartzeko) eta Googleren My Tracks.
Azken aukera erabiltzailearen esku dago. Erabilita baizik ezin da jakin zer funtzio gustatzen zaizkigun gehiago. Alegia, aplikazioak probatu beharra dago. Eta aplikazioak probatzeko, bide bakarra: kirol-oinetakoak jantzi, eta korrika egitera joatea.