Gure etorkizuna berrikuntzari loturik dago. Iraultza digital baten erdi-erdian gaude, eta gizarte osoari eragiten dio: beraz, teknologiaren eskutik hazi behar dute belaunaldi berriek, eta lehenbailehen hasi behar dute ikasten gainera, ikasteko duten ingurune naturalean, eskolan.
Digitalizazioa ez da berria hezkuntza-eremuan, aspalditxo hasi baitzen ezartzen ikastetxe askotan; esaterako, ikastetxe batzuetan tabletak erabiltzen dituzte liburuen ordez, eta maisu eta andereño askok tresna digital berriak darabiltzate eskolak emateko; gainera, ikasgaien artean ere gero eta leku handiagoa du teknologiak.
Baina eraldaketa teknologikoa ez doa erritmo berean ikastetxe, eskola, ikastola eta institutu guztietan; tarte digital nabarmena dago teknologia berriak erabiltzen urte asko daramatzaten eta oraindik erabiltzen ez dituzten — edo oso gutxi erabiltzen dituzten— ikastetxeen artean. Hori kontuan izanik, Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak, zeinak Euskadiko 350 ikastetxe baino gehiago biltzen baititu, uste du beharrezkoa dela erakundeek plan estrategiko bat onestea hezkuntza-sarea digitalizatzen eta teknologia berriak eskoletan ezartzen lagunduko duena. Iñigo Salaberria, presidenteak Topaketa Digitalak ekitaldiaren aurkezpenean esan bezala, kontua ez da ikasgela tabletaz “betetzea”, baizik eta esparru egoki bat ezartzea ikastetxe bakoitzari aukera emango diona zer metodologia aplikatu nahi duen erabakitzeko eta ezagutza ikasleei helarazteko euskarri eta tresnak erosteko.
Euskaltel Konekta fundazioak urte asko daramatza Heizerekin lankidetzan Topaketa Digitalak ekitaldiaren babesle gisa, helburu garbi bat buruan: Euskal Eskola Publikoko sareko ikastetxeen garapena bultzatzea. Iñigo González Garapen Komertzialeko gure arduradunak azaldu duenez, lankidetza hau “aukera ezin hobea” da hezkuntza-komunitaterekin batera erabakitzeko nola ezarri teknologia berriak eta aztertzeko zer zerbitzu eskain diezazkiekeen enpresa teknologikoek. Euskaltelek kasurako. Elkarlan mamitsua da, hari esker gertu-gertutik ezagut baitezake Euskaltelek zer behar dituzten ikastetxeek beren lanean, gero soluzio teknologiko egokiak eskaintzeko.
Beraz, telekomunikazio-enpresa batek bazkide teknologiko izan behar du hezkuntza-sektorearentzat.
Lana erraztea da gure egitekoa, ikastetxeei digitalizazio-bidean aurrera egiten lagunduko dien aholkulari bat izan behar dugu, betiere ikastetxe bakoitzaren mailara egokituz.
Nola egiten da aurrera bide horretan? Iñigo Gonzálezek dioenez, lehenengo pauso gisa, ikastetxeek “heldutasun digital “minimo bat lortu behar dute, gero beste prozesu batzuei ekin ahal izateko: ikasgela birtuala, robotika, eta abar. “Soluzio eta zerbitzu oinarri sendo” honi “eraldaketa teknologiko eta digitala gauzatzeko teknologia” deritzo: ahalmen handiko komunikazio-azpiegitura bat osatzen du, edo, halakorik ezean, WiFi sare bidez edo beste teknologia batzuen bidez azpiegitura horietara sartzeko aukera ematen duten ekipoak behar dira. Azpiegitura horri esker, Euskaltelek zerbitzu eta soluzio bereziak eskaintzen dizkie dagoeneko zenbait ikastetxeri: “Internet of Things, BigData eta beste teknologia batzuetan oinarritutako zerbitzu eta soluzioak dira; esate baterako, edukiak grabatzeko eta editatzeko prestatu duguna, bideo-analitikan eta adimen artifizialean oinarritua, ekitaldien streaminga automatikoki sortzeko”.
Euskaltelek diseinatutako soluzio teknologiko horiek helburu bikoitza dute: batetik, ikastetxeen beharrak asetzea eta, bestetik, hezkuntza-sektorearen digitalizazio-prozesua sakontzea, funtsezkoa baita hori Euskadiren lehiakortasunerako eta garapen sozialerako.