Euskadin bideojokoez hitz egiteko, ezinbestean hitz egin behar da Jon Cortázarrekin. Relevo estudioaren sortzailea da, zeina baita Euskadin PlayStation ziurtagiria lortu zuen lehen enpresa eta PS Vitaren milaka erabiltzaile katigatzea lortu duen Baboon! bideojokoaren egilea. Jokalari porrokatua da, joko retroen eta Euskal Encounteren maitalea, eta Mindtaker jokoaren merkaturatzea prestatzen ari da. VR teknologiarekin bateragarria den joko horri bultzada txiki bat baino ez zaio falta argitara ateratzeko eta gu abentura txundigarri batean murgilarazteko.
Euskaltel Bloga. Bideojokoak sortzen dituzu, Relevo sortu zenuen, joko retroak atsegin dituzu, urdai frijituak txoratzen zaitu… kontaguzu beste zerbait zeuri buruz.Jon Cortázar. Laburpen ona egin duzu... xD. Beharbada falta zen esatea familiaz, harro dagoen senar eta aita bat naizela. Bestela, umetatik bideojokoetan jokatuz eta halakoak sortuz gozatu badut ere, nire lan-bizitza beti egon da lotuta komunikazio-sektorearekin. Irakasle ere ibili nintzen zenbait urtez, diseinua, animazioa eta interaktibitatea irakasten; rock-talde batean nuen; eta orain, Relevoko nire lanaz gain, aurrera egin nahi duten bideojokoen azterketa berriei laguntzen diet. Tira, ez daukat aspertzeko astirik... ;)
E.B. Hori seguru! Madrid Games Weeken izan berri zara. Zer itxura hartu diozu bideojokoen euskal sektoreari?J.C. Egia esan, azoka horretan ez dute presentzia handirik garapen independenteek. Bisitariei begira antolatutako ekitaldi oso handi bat da. Euskadin eta estatu mailan sortutako joko-postuak galdu egiten dira PlayStation, Microsoft eta Nintendo bezalako plataforma ahaltsuen stand handien artean, prestatzen ari diren ekoizpenen nobedadez eta demo jokagarriz beteta egoten baitira standok. Horrekin ez dut esan nahi ez dela izan presentziarik sektore mailan, baizik eta uste dudala ez dela tokiko garapena bultzatzeko industria-mailako ekitaldi bat. Izaten dira ekitaldi paraleloak Madrid Games Weeken inguruan, baina, esan dudan bezala, azokan bertan, 40 proiektu aurkeztu zituzten PlayStation Talents markaren babesean (haietako hiru Euskadikoak), eta indie eremuan hamabi bat joko-postu zeuden.
E.B. Euskadi prestatuta gaude, ekitaldiak ditugu, maila handiko garatzaileak... Madrilen ikusi duzunak erakusten du Euskadin zer egiten ari garen?J.C. Beharbada, Euskaleko Openguneak, AzPlayk edo Gamelabek erakusten dute gure garapenen egoera, industriarekin lotuago baitaude, baina Madrid Games Weeken oharkabean pasatzen dira, ekitaldiaren beraren izaera eta tamaina direla eta. Euskadi oraindik ez da sartu lehen mailan. “Oraindik” esan du, e! ;-)
E.B. Ohikoa zu Euskalen ikustea. Gure partyko zer gustatzen zaizu gehien? Joko retroak?J.O. Bideojokoak gustuko badituzu, ezin zara geratu Retro Euskalera joan gabe! Gazteenentzat ere, joko horiek zurrupatu ez dituzten arren, aukera ona da garai bateko sortzaileak aurrez aurre ezagutzeko eta ulertzeko garai hartan garapen-lana nolakoa zen eta nola iritsi garen industriaren gaur egungo egoerara. Eta, jakina, gune retroaz gain, hor daude Openguneko tailerrak eta hitzaldiak ere.
E.B. Hitz egin dezagun Relevo zure estudioaz. Pentsatu zenuen inoiz iritsiko zinetela iritsi zareten tokiraino? (Bai: lasai jarri dominak zeure buruari ;D)J.C. Zalantzarik gabe, Relevok mugarri oso garrantzitsuak lortu ditu, eta harro gaude. Bide luzea dugu oraindik sendotzea lortzeko, oso zaila baita nor bere garapenetatik soilik bizitzea. Baina 2009an esan izan balidate lortu dugun guztia lortuko genuela, ez nuen sinetsiko: 2013an, Play Station ziurtagiria duen Euskadiko lehen enpresa bilakatu ginen, eta 2015eko urtarrilean, kontsoletarako bideojoko bat argitaratu duen lehen euskal enpresa bihurtu ginen. Japonian, Txinan eta Asiako gainerakoan merkaturatu ditugu produktuak; gure produktuak Los Angeleseko E3 eta Tokyo Game Shown erakutsi ditugu; produktu fisikoak banatu ditugu dendetara, kontsolekin sorta berean...
“Gure helburua da bestelako joko batzuk egitea, jokalariek gogoratzeko modukoak”E.B. Izugarria izan behar du PlayStation bezalako erraldoiekin lan egitea, ezta?
J.C. Hain plataforma ahaltsuetan lan egiten duzunean, xehetasun guztiak zaindu behar dituzu, eta haien kalitate-estandarretan lan egin, hor baitago aldea. Plataforma bakoitzak bere prozesuak ditu, eta PlayStation oso zorrotza da kalitatean; asko zaintzen du kalitatea zure produktua merkaturatu aurretik. Baina eskakizun-maila horrek laguntzen du estudio gisa hobetzen.
E.B. Ba al dago ezer hoberik errealitate birtualeko joko bat, Mindtaker, Sonyrekin batera Los Angeleseko E3n aurkeztea baino?J.C. Amaitzea, merkaturatzea eta funtzionatzea ;-). Funtsean, PlayStationi esker erabaki zen proiektua horrela bultzatzea, E3ren garaian Los Angelesen atiko zoragarri batean aurkezpen esklusibo batean tokia eginez. Horrelako gauzengatik eta ohikoagoak izan arren inpaktu berdina edo handiagoa duten beste batzuengatik, eskerrak eman behar dizkiot Roberto Yesteri, urte hauetan guztietan konfiantza izateagatik, baita PS Talents ekimena sortu baino lehen ere.
E.B. Eta zer moduz doa proiektua?J.C. Mindtaker garatzen jarraitzen dugu, pauso motel baina ziurrak emanez. Bai produktua bukatzeko bai jokoari balio erantsiko elementuak gehitzeko, kanpoko finantziazioaren bila gabiltza, azken txanpa honetan produktua guk nahi dugun eta jokalariek espero duten bezalako kalitatearekin amaituko dugula bermatzeko. Beraz, arren eskatzen dizuet, izan pazientzia Mindtakerekin: Anbizio handiko proiektua da guretzat, eta mimo guztiak eskaintzen ari gara!
E.B. VR teknologia al da jarraitzaile gehien dituena, etorkizunekoa?J.C. Ni ez naiz errealitate birtualaren zale ikaragarria, eta askotan esan izan dut. Egia da erakargarria dela, eta esperientzia itzela dela, baina ez dut uste "etorkizuna” hori denik. Etorkizuna baino gehiago oraina dela esango nuke, eta, beraz, orain aprobetxatu behar da, puri-purian dagoenean. Horregatik diot Mindtaker ez dela VRko joko bat, formatu horrekin bateragarri den joko bat baizik: hau da, ez da errealitate birtualeko gailurik behar joko horretan aritzeko. Eta, beraz, oso joko interesgarria da, ez bakarrik VRko erabiltzailearentzat, baizik eta emozioz beteriko abentura bat bizi nahi duen edozein jokalarirentzat.
E.B. Eta Relevon egiten duzun lana gutxi ez nonbait, eta, horretaz gainera, PS Talentseko Games Campen taldeen koordinazioaz ere arduratzen zara. Itxura itzela du horrek. Zer lan egiten duzu hor zehazki?J.C. Espainia osoko Games Campak mundu osoko PlayStation Iberiaren PS Talents ekimenaren parte dira, eta lekuko ekitaldiak sustatzea dute helburu. Sormenerako leku bat eskaintzen da, eta PlayStationek, horretaz gainera, garapen-tresnak ere ematen ditu. Gainera, produktuak aurkeztera azoketara joateko aukera ere badago, eta ekitaldien berri ematen da komunikabide orokor eta espezializatuetan. Ni ekoizpenburua naiz, eta Games Campetan garatzen diren produktuen eboluzioaz arduratzen naiz. Bilbokoaz arduratzen naiz batik bat; Design Kabin dago, eta Beaz-en eta PlayStationen arteko elkarlanari esker sortu zen. Saiatzen naiz taldeei laguntzen PlayStationen garapen- eta argitalpen-prozesuak uler ditzaten, eta produktu- eta komunikazio-aholkulari ere aritzen naiz. Zenbaitetan esaten diedan moduan: "Bilboko Campari esker, mundiala da nire bizitza".
E.B. Ea, zu pixka bat hobeto ezagutzeko test bat.- Zer joko garatu nahiko zenukeen?J.C. Mekanika originaleko edozein joko arrakastatsu; esaterako, Bomberman, Lemmings, Portal... Azken batean, etorkizuneko garatzaileentzat lagungarri izan litekeen edozein joko, haiek berritzaile eta desberdintzat joko luketen edozein.
- Atsegin duzu online jokatzea?
J.C. Bai, jokatzen dut, baina nahiago ditut esperientziak jokalari huts izatea baino, edo gaur egun couch multiplayer esaten zaiona, hau da, etxean binaka jokatzea, beti egin den moduan.
- Joko zaharren artean, zein duzu gustukoen?
J.C. Asko eta asko. Zaila zait bakarra esatea... Tira, bat esateagatik, Street Fighter II. Zenbat diru utzi ote nuen garai batean joko-aretoetan!
- Bukatzerik izan ez duzun jokoren bat? Eta, bide batez, zergatik?
J.C. Asko dira bukatu ez ditudanak; batzuetan, zailak zirelako eta, beste askotan, denbora faltagatik... Baina bada bat bukatu gabe uztea amorru handia eman zidana: Gears of War-en lehenengoa; jokoaren esperientzia ikaragarri ona izan zen, baina ez nintzen gai izan azken etsaiari irabazteko, hamaika aldiz saiatuta ere.
- Eta, bukatzeko, galdera zail bat: bada sekula jokatuko ez zenukeen jokorik?
J.C. Hobe da “sekula” ez esatea, badaezpada! Oso gogoko dut genero desberdinekin esperimentatzea, ohikoa dudan eremutik atera eta beste batzuekin saiatzea; beraz, ezin dizut erantzun. Joko-munduko esperientzia guztiak probatu nahi ditut!
E.B. Eta, aurrera begira, zer proiektu dituzu? Edo, hobeto esan, zer joko egin nahiko zenuke?J.C. Joko desberdin bat egin nahi nuke, jokalariek erronka gisa hartuko luketena baina, aldi berean, maila emozionalean ere eragingo liekeena. Hori da niretzat sortzaile baten lorpenik handiena: jokalari batek joko baten sortzaile bat gogoratzea jokoak berarengan izan duen eraginagatik. Horretan saiatzen gara Relevon gure produkzio guzti-guztiekin!
E.B. Zure ustez zer behar da inor sektore honetan lanean hasteko? NAHITAEZKOA da jokozalea izatea?J.C. Bai, jakina. Nola bestela? Futbolari izan nahi duen norbaiti futbola gustatu beharko zaio, ezta? Edo idazle bati irakurtzea, ala? Bada, joko-sortzaile batekin, berdin: bai plazeragatik, bai beste produktu batzuetan aplika daitezkeenak ezagutzeko, jokatu egin behar du, etengabe jokatu gainera. Jakin behar du zerk erakartzen duen eta zerk ez. Kontatzeko modu askotarikoak bilatu behar ditu. Eta interaktibitatea aplikatzeko bideak. Jarrera bikoitza behar du, hori bai: batetik, jokalariarena eta, bestetik, garatzailearena, hau da, jarrera analitikoagoa.
E.B. Eta zuen estudioan lan egin nahi badu, zer baldintza bete behar lituzke?J.C. Pertsona irekia izan behar du, ikasteko eta taldean lan egiteko prest dagoena. A, eta onartu behar du MSX izan zela 8 biteko sistemarik onena! Nahitaezko baldintza da hori! ;)
E.B. Tira, esaguzu non utzi behar dugun curriculuma... Eta zuk, zer izan nahi duzu handitan? Bete da zure ametsa?J.C. Ez, bide luzea dut oraindik ametsa betetzeko. Garrantzitsuena falta da, hau da, estudioa sendotzea, ezagun egingo gaituen produktu bat sortuz, aukera izan dezagun abenturarekin aurrera egiteko. Hala, handitzean, “lortu dut!” esango nuke! ;)
E.B. Mila esker guztiagatik!J.C. Eskerrik asko zuri!