Iragartze ez da futbolari buruzko dokumental arrunt bat. Bi helburu lortu nahi ditu: batetik, arbitroek futbolarekiko grina egunerokoarekin uztartzeko egiten duten ahalegina ikusaraztea eta, bestetik, futbolzaleoi hori ulertaraztea eta toleranteago eta ulerkorrago izan gaitezen lortzea.

Eta hori guztia, gainera, arbitro emakumezko baten ikuspegitik: Iragartze Fernández Esesumaga, gizonezkoen mundu batean diharduen arbitro emakumezko bat. Irene Herrero del Valle zortzi minutuko film labur baina bizi-bizi honen zuzendariak honela laburbildu digu egoera hori: “Ikusi besterik ez duzu zer agertzen den YouTuben ‘mujer árbitro’ hitzak idazten badituzu”.

Iragartze filmaren zuzendaria arbitrajeari lotuta egon da gazte-gaztetatik. 16 urte zituela hasi zen arbitro gisa, eta 19 urte bete arte aritu zen. Gero, alde batera utzi zuen, ezin baitzion eman eskatzen zion denbora guztia, baina ez du galdu arbitro-lanarekiko grina.

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak bukatu ondoren, berriz heldu zion arbitrajeari, eta gradu-amaierako lan gisa erabaki zuen aztertzea nolako tratamendua ematen zitzaien arbitroei ikus-entzunezkoetan. Lan horretatik atera zen Iragartze filma egiteko aukera Thinking Football jaialdirako, zeina Athletic Club Fundazioak antolatzen baitu Euskaltelen babesarekin.

Eta nor da Iragartze? Filmeko protagonista da: batetik, gizonezkoen 3. mailako arbitro laguntzailea eta, bestetik, erizaina. Irenek kontatu digu zenbaterainoko ahalegina egiten duen emakume gazte honek egunero-egunero, arbitrajeak leku garrantzitsu bat izan dezan bere bizitzan.

Eta zergatik Iragartze? Honela azaltzen du Irenek Iragartze aukeratzeko arrazoia: “Oso pertsona konprometitua eta arduratsua da, bai maila profesionalean bai arbitro gisa”. “Naturala, gertukoa eta oso atsegina. Eta oso adibide fidagarria arbitro-taldeko ordezkari gisa. Gainera, gogo handiz bizi izan du filmaren produkzio-prozesu guztia, eta oso garrantzitsua izan da hori filma arrakastatsua izateko”.

Astebeteko bizimodua erakusten du film laburrak. Irenek erakusten digu zer egin behar duen Iragartzek egunero bere lana arbitrajearekin uztartzeko: “Bere eguneroko bizimodua da, bere ahalegina, egunero-eguneroko lana. Hitzaldi teknikoetara joaten da, proba fisikoak egiten ditu, entrenamenduak egiten ditu astean zehar... Futbolzaleok asteburuan bakarrik joaten gara partida ikustera, eta haserretu egiten gara ez gaudenean ados arbitroak hartutako erabaki batekin. Baina ez dugu sekula pentsatzen arbitroek beren bizimodua dutela eta bokazioz egiten dutela lan hori”. Beraz, argia da filmaren irakaspena:

“Autokritika egin beharko genuke, ez hain erraz egin eraso arbitroei. Ikusi beharko genuke nolako ahalegina egiten duten eta zenbat sufrimendu dagoen horren atzean”.

Eta ahalegin horri guztiari generoak dakarrena erantsi behar zaio. Ez da kasualitatea filmeko protagonista emakume bat izatea: futbolean, diskriminazio bikoitza jasaten dute emakumeek, arbitro izateagatik eta emakume izateagatik. Hala ere, Irenek azaldu digu gero eta ezohikoagoak direla halako egoerak eta futbol-zelaietan bakarrik gertatzen direla gaur egun, ez gainerako arbitroekiko harremanean.

Izan ere, film-zuzendariak ez du inoiz izan halako arazorik. Ezta arbitro gisa aritu zenean ere, nahiz eta garai hartan gizonezkoak ziren gehien-gehienak mundu horretan. Emakumezkoen futbola oso gauza txikia zen artean, eta, beraz, emakumerik ez zen ia Bizkaiko batzordean.  Arbitro gisa aritu zen hiru urteetan partida bakar batean aritu zen beste emakume batekin batera. Gaur egun, emakumeek arbitrajearekiko duten interesa emakumezkoen futbolaren presentzia igo den proportzio berean igo da, eta egoerak, beraz, nabarmen egin du hobera: sei hilabetean, arbitro emakumezkoen kopurua 500dik 627ra igo da (15.000 dira, guztira, elkargokideak).

Eta jarrera matxistak ere desagertzen ari dira pixkanaka, nahiz eta futbol-zelaietan ikusten diren oraindik ere. Ireneren iritziz, egiturazko arazo bat da, eta asko dira horren erantzule. “Gizartearen isla da futbola”, eta, Ireneren ustez, komunikabide batzuek “biktima bihurtzen dute beti emakumea”, baita emakumeek jasan behar izaten dituzten egoerak kritikatzen direnean ere. “Komunikabide batek jarrera sexista bat salatzen duenean, salaketarekin batera ez badira aipatzen emakume horren lorpenak eta lan hori egiteko egin duen ahalegina, biktimaren irudia zabaltzen da. Ez dut esan nahi salaketak ez duela balio, baizik eta hobeto egin daitekeela”. Horregatik dio:

“Ez da hain garrantzitsua partida batean entzun dezakezun zure kontrakoa biraoa; izan ere, harmailetan dagoen jendeak ere kargu hartzen dio halakoetan biraoa bota duenari. Kudeaketa politikoa, estaldura mediatikoa eta nola bistaratzen diren erreferenteak , hori da gakoa. Izan ere, horrek guztiak nabarmen murrizten ditu emakumeak giro maskulinizatu batean agertzeko aukerak. Arazoa ez da partida jakin bateko gorabehera bat, baizik eta futbolaren eta, oro har, gizartearen inguruko egitura osoa”.

Dokumental labur interesgarri hau ikusi nahi baduzu, BBK aretoan izango duzu hilaren 20an, 19:00etan. Sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Beraz, hartu garaiz lekua! Dena dela, egun horretan joaterik ez baduzu, laster ikusi ahal izango duzu Euskaltelen telebistan.