Nork dio sare sozialak txarrak direla? Bizitzako gauza guztiekin gertatzen den bezala, sareak ez dira ez onak ez txarrak, edo alderantziz: erabileraren mende dago dena. Guri, adibidez, gustatzen zaigu gure koadrilarekin argazkiak eta storieak partekatzea. Baina erabiltzen ditugu, halaber, hizkuntzak ikasteko, sukaldeko errezetak ikasteko, kirola egiteko, bideo-jokoetako trikimailuak jakiteko... Matematikako problemei buruzko kontsultak egitera ere iritsi gara! Eta 2019a hasi berri dugunez eta Instagram asko gustatzen zaigunez, proposatzen dizugu aurtengo hartu dituzun ikaskuntza-asmoak betetzea gustuko dugun sare sozial horren bitartez. Animatzen zara? Bada, jaso kontu hauek, ezagutzak barneratzen lagunduko baitizute, eta gainera oso ongi pasatuz!

 Hizkuntzak

  • Bai&By. Ziur izena entzuna duzula, euskaltegirik eta ingeles-akademiarik ezagunenetako bat baita: bada, beren Instagram kontuan, euskarazko hitz eta esaera pila bat daukate, gure kulturaz pixka bat gehiago maitemindu zaitezen. Begira, bestela, honako hau: “Zure bihotzaren taupada, nire bizitzaren musika”. Ai, ama! Ze polita! Eta euskaraz badakitenentzat, Shakespeareren hizkuntzan ere badaude hitzak eta esaerak.   Horrela, norbaitek “avocado” hitza esaten duenean, ez dezazula pentsa norbait gaztelaniaz “abogado” gaizki esaten ari dela: ahuakatea aipatzen ari da ingelesez.

  • Euskerakadak. Instagrameko beste kontu hau ere zoragarria da, euskararen esapide eta kontu jakingarriak erakusten baitizkizu, hala euskaraz nola gaztelaniaz, praktikatzeko aukera izan dezazun. Nahi duzu jakin bakarren bat? Adibidez: Badakizu García abizena, hain ohikoa gure inguruan, euskaratik datorrela? Erdi Aroko euskal izen batetik dator: Gartzea (gaztea). Ederra, ez? Bada, askoz gauza berezi eta jakingarri gehiago dago; beraz, sakatu Jarraitu.

  • Amigos ingleses. Izenak berak esaten du dena. Beraz, jada euskaraz baldin badakizu eta falta zaizuna ingelesa pixka bat praktikatzea bada, Instagrameko kontu honek laguntza emango dizu, umore handiarekin eta argazki zoragarriekin. Adibidez, gai zara esaldi honetako akatsa aurkitzeko? “Some idiot stole my bike’s seat”. Dena zuzen dagoela uste baduzu, bikote horri jarraitu beharra daukazu. Onlineko ikastaroak ere eskaintzen dituzte, beren webgunearen bitartez.

Ikasgaiak

  • Matemáticas Cercanas. Uste baduzu matematika umeen kontua dela, ezagun du ez duzula ikusi Amadeo Artacho irakaslearen kontu hau. Matematika hurbil-hurbileko gauzetara ekartzen dizu, eta burua bizkor mantentzeko problemak planteatzen dizkizu. Zerbaitegatik ditu 8.000 jarraitzaile baino gehiago. Adibide bat nahi? Ados, zeuk eskatu duzu: 2 + 4 x 3 + 6 x 0 = ? Erantzuna, mates cercanas kontuan.

  • Academia para escritores. Sareetako hizkuntza gehiegitan erabiltzen hasi zara, eta gaztelaniaz “x aki”, “tb” eta abar idazten dituzu? Bada, kontu honek lagunduko dizu hizkuntzaren muina berreskuratzen, eta bitxikeria oso interesgarriak erakutsiko dizkizu. Adibidez: “badakizu garunak gauzak odno irakrr dtzaklea naiz eta gaziki idaztita egno?” 55.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta lagunduko dizu aspalditik barrua jaten ari zaizkizun zalantza horiek argitzen: ea “solo” azentuarekin idazten den edo ez...

 Baliabideak

  • 3ways2teach. Irakaslea bazara edo ume bat baldin baduzu eta hari eskolak ematen hasteko asmoa, kontu honek ideia pila bat eskaintzen dizu, eta baliabide atsegin asko doan. Eta kontuari lotutako blogean, berriz, ordainpeko materiala dago, baina aurki ditzakezu doako gauzak ere, hizkuntzaz, matematikaz, ingelesaz, musikaz…

  • Abeceart. Eta beste kontu honek heziketako baliabideak ditu, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek beren alderdi artistikoa garatzeko. Mozorroak, serpentinak, Gabonetako apaingarriak... 14.000 jarraitzaile baino gehiago ditu eta ideia mordoa. Ez geratu begiratu gabe!

Heziketarako interesa duen beste konturen bat ezagutzen baduzu, ez birritan pentsatu: idatzi iruzkin bat eta esan zergatik iruditzen zaizun jarraitu behar diogula. Zain gauzkazu!