Donostiara joatekotan bazara, Igeldo mendira igotzea ezinbesteko planetako bat da. Nola iritsi azalduko dizugu, eta Igeldoko funikular historikoaz, begiratoki bikainaz eta jolas-parkeaz hitz egingo dizugu, besteak beste.

Kontxako badiatik ikusten diren hiru tontorretako bat da Igeldo mendia; Santa Klara uhartea eta Urgull mendia dira beste biak. Baina tontor bat baino askoz gehiago da Igeldo.

Igeldo mendiaren gainaldean esparru ikusgarri bat duzu, 2014an Monumentu-multzo izendatua. Toki paregabea da, dibertsioz eta entretenimenduz betea, baina historia eta ondare garrantzitsuak ere baditu. Hasteko, ehun urte beteak dituen funikularrean igo zaitezke bertara.

Nola igo Igeldo mendira

monte igueldo donostia

Iturria: Donostia Turismoa

Zenbait modu daude Igeldo mendira joateko: errepidez edo funikularra erabilita.

Oinez joanez gero, Ondarreta hondartzatik hasten den ibilbidea egin dezakezu; ordu-erdi pasatxo beharko duzu.

Nahiago izanez gero, ibilbide hori egiten duen autobusa har dezakezu (15. linea).

Zeure ibilgailuan joatea hautatzen baduzu, Igeldo pasealekua zeharkatu beharko duzu, bukaerara iritsi arte. Iristean, ez duzu autoa aparkatzeko arazorik izango, doako aparkaleku handi bat baitago Igeldo mendira datozen guztientzat.

Hala ere, kontuan izan ezin dela kanpatu, eta ezin dela karabanarik aparkatu; gainera, ezin da bizikletaz edo ziklomotorrez joan.

Zure kontura bazoaz, Igeldo mendiko esparrura sartzeko kostua ordaindu beharko duzu. Hauek dira prezioak: 2,50 € pertsonako eta 10 € ibilgailuko. Ez dago erreserbatzeko eta aurretiaz erosteko sistemarik; bertan hartu beharko duzu zure sarrera.

Baina, zalantzarik gabe, funikularrean igotzea da Igeldo mendira joateko modurik ezagunena. Kasu honetan, funikularreko txartelak barne hartzen du esparrurako sarrera ere. Xehetasun guztien berri emango dizugu.

Igeldo mendiko funikularra

Esan dugunez, Igeldo mendira iristeko modu ohikoena funikular ezaguna erabiltzea da; Funikularreko plazan har dezakezu.

100 urtetik gorako historia dute zurezko bagoiek (Euskal Herriko funikularrik zaharrena da), eta 312 metro luze den burdinbide batetik zehar mugitzen dira, Igeldo mendiaren magalean. Modu horretan igarotzen ditu Ondarretatik (abiapuntua) Igeldo mendiko esparrura dagoen desnibela: 151 metro.

Erabilgarria izateaz gainera, funikularra ikono bat da Donostiako ondarean eta historian. 1912an inauguratu zuen Maria Kristina erreginaordeak, eta Igeldo mendiaren gainaldeko jolas-parkea ere orduan ireki zen. Garai hartan, Donostia zentro turistiko ezaguna zen: familia aberats ugari erakarri zituen, eta belle epoqueko estiloko etxeak eraiki zituzten. Familia horiek funikularra hartzen zuten, Igeldo mendiaren gainaldean zeuden kasino dotorera eta dantza-aretora joateko.

Jatorrizko estetika mantentzen du gaur egun ere, eta bisitari ugarik erabiltzen dute egunero Igeldo Mendiko monumentu-multzora iristeko.

Igeldo mendiko funikularra 11:00etatik 20:00etara izaten da martxan, 15 minutuko maiztasunarekin. Hona hemen tarifak.

Igeldo mendiko funikularraren prezioak

monte igueldo funicular

Iturria: Donostia Turismoa

  • Txartela (joanaldia edo itzultzea bakarrik): 3,05 € helduek eta 1,40 € haurrek (7 urte arte).

  • Txartela (joan-etorria): 4,50 € helduek eta 2,50 € haurrek (7 urte arte).

Tarifa murriztu bereziak daude taldeentzat (20 pertsona edo gehiago), desgaitasunen bat duten pertsonentzat eta San Sebastian Card txartela dutenentzat. Kasu horietan, tarifa 3,75 € da.

Animalientzako eta maletak eramateko txartel bereziak ere eros daitezke, 2,50 €-an.

Kontuan eduki beharreko xehetasun bat: funikularraren tokia eta jatorrizko egitura direla eta, ez dago gurpil-aulkietarako egokituta. Haur-kotxeak eraman daitezke, baina ez da erraz-erraza, koska batzuk igaro behar dira eta. Dena den, merezi du, Igeldo mendiko esparruak eskaintzen duen guztiaz gozatu ahal izateko.

Igeldo mendiko jolas-parkea

monte igueldo atracciones

Iturria: Euskadi turismoa

Funikularretik jaistean, denboran zehar bidaiatu duzula irudituko zaizu une batez. Izan ere, Igeldo mendiko jolas-parkeak ez du galdu garai bateko ukitu pintoresko eta erromantiko hori.

Hogei bat atrakzio ditu, eta haietako batzuk parkea zabaldu zenetik daude martxan , duela mende bat baino gehiago.

Atrakzio klasikoetan ibiltzeko aukera izango duzu: Suitzar mendian, adibidez, adrenalinak gainezka egingo dizu zurezko orgatxo historikoetan zabiltzan artean.

Badira beste aukera batzuk ere, hala nola barrearen pasabidea, ohe elastikoak eta Canopy, Donostiako lehenengo tirolina-parkea.

Ez dira falta, halaber, alfonbra magikoak, etxe sorginduak, labirinto amaigabeak, urmaeleko txalupak, autotxokeak, kosmikar eta ibai misteriotsuetako sirenak.

Ondareari dagokionez, dorre itzel bat ikusiko duzu parkean, garai batean itsasargia izandakoa.

Igeldo mendiko itsasargia

Igeldo mendiko dorre-itsasargia XVIII. mendean eraiki zen. Itsas mailatik 180 metrora dago. Funtzionamenduan zegoen garaian, piztuta edukitzen zuten irailaren 14tik maiatzaren 3ra; hau da, kondizio klimatologikoak, eta, bereziki, lainoa, arrisku handienekoak ziren sasoian.

Kalte handiak jasan zituen karlistadetan, eta erabiltzeari utzi zioten. Beste itsasargi bat eraiki zuten, modernoagoa eta kostaldetik gertuago kokatua (1854an hasi ziren erabiltzen).

Hala, itsasargi zaharra abandotatuta egon zen urteetan, harik eta Monte Igueldo elkarteak berreraikitzea erabaki zuen arte. Mendiaren ikono bilakatu nahi izan zuten. Hala, leihate zabaleko solairu bat gehitu zioten, begiratoki kristaldun baten antzekoa, eta terraza almenadun bat ere eraiki zuten; dorrearen goialdeko lau dorre apaingarrietako bitatik joan daiteke terraza horretara.

Ordudanik, Donostiako eta inguruetako ikuspegi onenez gozatzeko toki aproposenetariko bat da "Farola".

Igeldo mendiko begiratokia

Ikuspegiak aipatu ditugunez, jakin ezazu Igeldo mendiko terraza panoramikoetatik ikusten direla Gipuzkoako hiriburuko ikuspegi ederrenak eta Instagramen gehien agertzen direnak.

Ia egun osoa duzu ikuspegi horiez gozatzeko, begiratokia irekita egoten baita 10:00etatik 20:00etara.

Ez duzu kostu gehigarririk ordaindu beharko begiratokira joateko, esparruko sarreran sartzen baita.

Ikuspegiez gozatzeari utzi gabe, pintxo bat edo kafe bat har ditzakezu Karrusel gastrotabernako terrazan.

Eta Igeldo mendiko egonaldiari zukurik handiena atera nahi badiozu, hotel bat ere baduzu gailurrean, gaua pasatzeko (antzinako kasinoa luxuzko hotel bilakatu da).

Ikusi duzunez, sekulako plana da familiarekin Igeldo mendia bisitatzea. Eta, gainera, zure txakurrarekin joan ahal izango zara; dena den, uhalarekin lotuta eraman beharko duzu beti, eta, beharrezkoa bada, muturrekoa jarrita.

Goiburuko irudiaren iturria: Igeldo mendiko atrakzio-parkea.