Kanpinak beti dira plan ona familientzat. Udan joan gaitezke, eguzki-ordu gehiago ditugunean, baina edozein urte-sasoi da ona umeekin ihesaldi bat egiteko; zer esanik ez udazkena, Euskadiko paisaia zoragarriez gozatzeko.

Euskadin, kanpin-eskaintza bikaina dugu, itsasotik edo menditik hurbil. Instalazio eta jarduera ugari dituzte, gainera, bereziki umeentzat pentsatuak, eta, beraz, debekatuta dago aspertzea! Jakin nahi duzu zein diren? Familiarekin bidaiatu behar baduzu, hauek dituzu haurrekin joateko Euskadiko kanpinik onenak.

Oyam kanpina

Ur-parke klimatizatua duten kanpinak plan ezin hobea dira umeentzat, ezta? Baietz izugarri gustatu Oyam kanpineko ur-zorrotadak eta txirristak! Bidarten dago, Biarritz eta Donibane Lohizune artean.

Besteak beste, petankan, futbolean, eta saskibaloian aritzeko instalazioak daude, bai eta uretako jokoak ere, adin guztietarako. Gainera, txiki-klub bat dute, 4-7 eta 8-13 urte bitarteko haurrentzat. Lagunarteko Olinpiadak eta Altxorraren Bila jokoak ere antolatzen ditu kanpinak.

Gran Camping Zarautz

Urte osoan irekitzen den Euskadiko kanpinik handiena da Gran Camping Zarautz, Gipuzkoan.

Haurrentzako parke bat du: etxetxo goratu bat, zabuak, rokodromo txiki bat, ping-pong eremua, haurrentzako futbol zelaia eta ludoteka. Familiarekin txangoak ere egin ditzakezu, edo arrantzara joan, edo urpeko jarduerak egin.

450 partzela dituzu zure kanpin-denda, karabana edo autokarabana jartzeko, eta, horretaz gain, glamping eremu ikusgarri bat, non glamurrak goia jotzen baitu.

Itxaspe kanpina

Itxaspe kanpina Euskal Kostaldeko Geoparkearen (flyscharen geoparkearen) erdian dago, itsasoari eta kostaldeko labarrei begira. Gainera, ordubete baino gutxiagoan EAEko edozein hiriburutara joan zaitezke (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).

Erabat ekipatutako bungalowak ditu, eta 2, 4 edo 6 lagunentzako apartamentuak. Kirol- eta jolas-eremu bat du, eta han ping-ponga, futbola edo eskalada egin daiteke; baditu orobat berdeguneak, naturan piknik bat egiteko, eta superigerilekuak, gazteenen gozagarri.

Zumaiako kanpina

Geoparkearen eremuan, Gipuzkoan, dago Zumaiako kanpina ere.

Bungalowetan, mobil-homeetan eta partzelatan har dezakezu ostatu, eta oporrez gozatu, familia-giro lasaian.

Igerilekuak, haurrentzako parkea eta haurrentzako jolastokia ditu. Gainera, jarduera ugari antolatzen ditu kanpinaren barruan nahiz kanpoan, hala nola harkaitzeko eskalada, arku-tiroa edo paddle surfa.

Saturrarango kanpina

Sanfermin egun batez, 1964an, inauguratu zen Saturrarango kanpina. Mutriku eta Ondarroa artean dago, eta hondartzari zor dio izena.

Ingurune aparta da haurrek surfean egiten ikasteko, zaldiz ibiltzeko, eta Arrikrutzeko eta Ekaingo kobak nahiz Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko.

Leagui kanpina

Leagui kanpinak ezin hobeto konbinatzen ditu marinel-giroa eta euskal landa-ingurunea.

Kantauri itsasoari begira ditu bungalowak, eta oso eskura ditu Gernika-Lumo eta Gaztelugatxe, familiarekin joateko. Gainera, 13 urtetik beherako haurrek ez dute ordaintzen.

El Roble Verde kanpina

Arte-, haritz-, erkametz- eta pinu-basoak edo Gesaltza-Añana ezagutzeko txangoa egin nahi duzu familian? Horretarako aukera ezin hobea emango dizu El Roble Verde kanpinak, zeina Arabaren hegoaldean baitago.

Eta nahiago baduzu instalazioez gozatu, igerileku estali klimatizatua, haurrentzako parkea, ping-pongeko mahaia eta korrika eta saltoka egiteko berdegune zabalak dituzu. Eta haurrentzako jolasak, txapelketak, zinema-emanaldiak, puzgarriak eta tailerrak antolatzeaz arduratzen diren begiraleak ere bai.

Higerko itsasargiaren kanpina

Gipuzkoako kostaren erdian dago Higerko Itsasargiaren kanpina, Jaizkibel mendian. Kanpin-dendak, karabanak edo autokarabanak jartzeko toki apartu du, Kantauri itsasoari begira.

Kanpinak bi igerileku ditu, bat haurrentzat eta bestea helduentzat. Atseden hartzeko eta eguzkia hartzeko belardi zabal eta erosoz inguratuta daude biak.

Taberna-eremutik hurbil bi parke daude, eta haietan zabuak eta jolaserako tokia, haurren gozamenerako.

Ezingo diozu eutsi familiarekin Euskadiko kanpinen batean plana egiteko tentazioari. Konta iezaguzu: zer duzu nahiago, kostaldea ala barrualdea?