Hasi da EiTB Maratoiaren elkartasun-jardunaldi handia. Gaur amaituko da euskal gizarte osoan azken hilabeteetan egin den eta barneratu den lan solidarioa. Horixe zen, hain zuzen ere, maratoiaren formatu berriaren helburua: 20. urteurrenean, kanpainaren iraupena luzatu nahi izan du. Eta, esan digutenez, arrakasta ezin handiagoa izan du.

Haurren minbiziak gizarte osoa mobilizatu du, eta guk ere gure ekarpentxoa egin dugu.

EiTB Maratoia elkartasun-ekintza bat baino askoz gehiago bihurtu da, eta guztiok urte osoan haurren minbiziari buruzko sentsibilizazioan parte hartzea lortu du. Eta nola zabaldu elkartasun-ahalegin hori gizarte osora? Bada, itxaropen guztiak gainditu dituen lankidetza-ekimen bat martxan jarriz. EiTB Maratoiak Lau Teilaturen bertsio onena interpretatzera animatu gintuen, eta 1.100 bideo jaso zituzten! Abestia elkartasunaren ereserki bihurtu da, esan digute EiTBtik: “Jendeari gustatzen zaio kantatzea eta laguntzea. Solidarioak gara".

Eta Euskaltelen ere bai:

Ekimen honi esker, ikusgarritasuna eman zaio kausari, eta jende gehiagorengana iritsi da. EiTBn, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan Lau Teilatu kantatu zuten 15.000 pertsonak ekarri dituzte gogora. Zirraragarria izan zen!

Lau teilaturena sentsibilizazio-kanpainaren oinarrizko eragileetako bat izan den arren, hainbat jarduera egin dira hilabete hauetan: enkanteak, produktu solidarioen salmenta eta askoz gehiago. Guztion ahaleginaren emaitza izan da.

Haurren minbizia

Gaur amaituko da EiTB Maratoia, jardunaldi solidario handi batekin. Azken eguna da 902 54 25 25 telefonora deituta edo eitb.eusen bidez diru-ekarpenak egiteko. Euskalteleko langileak boluntario gisa egongo dira, ekarpenak egin nahi dituztenen telefono-deiei erantzunez.

Orain arte, bost milioi euro baino gehiago bildu dira, eta Osakidetzan ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko Osasun Sailaren fundazioari, BIOEF fundazioari, emango zaizkio, haurren minbizia ikertzen jarrai dezan.

Elkartasun-gala

Egun osoan egingo dira jarduerak EiTBn, eta, amaitzeko, bi gala egingo dituzte, eguneko protagonisten, aktoreen, kirolarien, abeslarien eta abarren laguntzaz. Zuek parte hartu duzuen bideoak ikusi ahal izango ditugu, eta askoz gauza gehiago ere bai.

Dena martxan dago. Zu baino ez zara falta!