Maiatzeko lehen asteburuan, Idiazabalek bere produkturik ezagunena omentzen du, Gaztaren Azoka tradizionalean. Une ona da gutizia gastronomiko hau nola prestatzen den ikasteko eta sasoiko gaztagile onenak saritzeko.

Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azoka erakusleiho bat da, EAEko eta Nafarroako artzainek egiten duten gaztaren garrantzia nabarmendu nahi duena, bai produktuari bai lan gogorrari dagokienez.

Aurten, maiatzaren 6an eta 7an (larunbata eta igandea) izango da hitzordua. Baina Idiazabalgo gazta-tradizioa aspalditik dator.

idiazabal

Idiazabal eta hango gaztak

Aralar eta Aizkorriko mendien artean, Goierrin, Euskadiko gazta ezagunenetako bat egiten da: Idiazabal gazta.

Idiazabal Gipuzkoan dago eta, han, aberastasun ekonomiko eta kulturalaren iturri garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du abeltzaintzak.

Idiazabalgo irudi tipikoena mendi arteko euskal baserri tradizionalek osatzen dute, baita urteko sasoi bakoitzean larre onenen bila artaldeak zaintzen eta mugitzen dituzten artzainek ere.

Idiazabalek herriaren bereizgarri bihurtu du gazta, Jatorrizko Deitura ere baduena.

Idiazabal Gaztaren Interpretazio eta Dastatze Zentro bat dago herrian, gazta horren historia eta belaunaldiz belaunaldi transmititu eta gorde diren prestaketa-prozesuak azaltzen dituena.

Halaber, herrian dauden gaztandegi ugari bisitatu daitezke.

queso-idiazabal-tradicion

Idiazabal gaztaren historia

Idiazabalen gazta duela zortzi mila urte ingurutik egiten duten arren, gaztaren historia “ofiziala” 1987an hasi zen, Idiazabal gaztaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea sortu zenean. Haren bidez, ardi latxen esnearekin egindako gaztaren euskal ekoizle gehienak elkartu ziren —une hartan desagertzeko arriskuan zeuden—.

Gaur egun, 500 bat ganadutegi eta 100 gaztandegitik gora daude jatorrizko deitura horretan.

1992an, Idiazabal gazta Europako Gastronomia Ondare izendatu zuen Frantziako Nekazaritza Ministerioak. Azken hamarkadetan, sari eta aintzatespen ugari jaso ditu, hala nola Europako ardi-gazta onenaren lehen saria, Parman, 1995ean.

1998. urteaz geroztik, Idiazabalgo Gaztaren Azoka egiten da Idiazabalen eta, hartan, kanpaina berriko gazta gazteak aurkezten dira.

queso-idiazabal-puestos

Idiazabalgo Gaztaren Azoka

Idiazabalgo Gaztaren Azoka sasoiko lehen azoka garrantzitsua da.

Gaztagileak Euskal Herriko mendietan diharduten artzainak dira. Horietako asko bertakoak dira, baina izaten dira Gipuzkoako beste eremu batzuetako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko beste gaztagile batzuk ere. Edizio honetan, Euskal Herriko 18 gaztagile egongo dira, baita kanpotik etorritako 6 gaztagile ere.

Batzuek eta besteek gazta nola egiten duten erakusten diete parte-hartzaileei. Elaborazio horietarako, artisau-lan tradizionala eta azken urteotan finkatzen ari diren teknika modernoenak erabiltzen dira.

Horretaz gain, sasoiko gazta berriak aurkezten dira, eta gazta prestatzeko prozesuari lotutako zenbait jarduera egiten dira.

queso-idiazabal-campeonato

Postuak eta Idiazabal gazten txapelketa

Goizeko lehen ordutik irekita egoten dira postuak, bertaratutakoek gazta dastatu ahal izan dezaten eta, are garrantzitsuagoa dena, gogokoen dutenari botoa eman diezaioten.

Izan ere, Idiazabalgo Gaztaren Azokan gazta-txapelketa berezia egiten da.

Adituen epaimahaia bertaratutako pertsonek osatzen dute. Horretarako, azokara joaten direnei fitxa bat ematen zaie, gazta bakoitzaren balorazioa egin dezaten. Nahi badute, puntuazioa fintzen lagundu dezaketen adituak egoten dira.

oveja_queso_idiazabal

Mami Txapelketa

Gazta zein artzainek egiten duten lan gogorra ezagutarazteko jarduera gehiago ere egiten dira.

Adibidez, posible da artzain bat ikustea, artaldea gidatzen, edo gazta nola ketzen den eta mamia nola prestatzen den ikastea.

Hain zuzen ere, azokako jarduera ezagunenetako bat Mami Txapelketa da. Parte-hartzaileek ardi latxen esne gordina eta gatzagia bakarrik erabiliz prestatu behar dute, eta Udalak maiatzaren 5ean (ostirala), 18:30ean, Plaza Nagusian emango dituen ontzi ofizialetan aurkeztu.

feria-queso-idiazabal-actividades

Idiazabalgo Gaztaren Azokako jarduerak

Azokan, inguruko beste gutizia gastronomiko batzuk ere aurki ditzakezu, hala nola txokolatea, eztia edo ogia, baita txakolina, sagardoa eta ardoa ere.

Dastaketak, artzaintzari loturiko haur-jolasak, ile-mozketako erakustaldiak, artilea lantzeko tailerrak, herri-bazkariak, musika eta txistularien kalejirak egoten dira, besteak beste, familia guztiak azokaz goza dezan. Idiazabalgo Gaztaren Azokako agenda osoa kontsulta dezakezu hemen.

queso_idiazabal_elaboracion

Nolakoa den Idiazabal gazta

Idiazabal gaztak, Idiazabal jatorrizko deitura duenak, euskal artzainek mendeetan erabili izan duten errezeta tradizionalari jarraitzen dio.

Gazta ondua da, artisau-erara eta soil-soilik ardi latxen esne gordin, oso eta pasteurizatu gabearekin egina —Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, eta Nafarroako iparraldean bizi dira ardiok—.

Idiazabal Gaztaren heltze-aldi minimoa hilabete pare batekoa da.

Zilindro-forma izaten du, aurpegi arinki lauekin, azal gogorrarekin eta kolore arre ilunarekin.

Zapore bizia, orekatua eta garbia du, usaina bezalaxe.

Gantzaren ehunekoa ez da %45etik jaisten, eta 1 eta 3kg bitartean pisatu ohi du. Ideia bat izan dezazun, ia zazpi litro esne behar dira kiloko gazta bat egiteko.

queso-idiazabal-ruta-europea

Gaztaren Europako Ibilbidea

Idiazabal gaztaren ospea handituz doa, sariak jasotzen jarraitzen du, eta mugak zeharkatzen ditu.

European Cheese Route Asociation gaztaren erreferentziazko herriak biltzen dituen Europako sare bat da, 2015ean sortua eta Idiazabalgo Udalak sustatua.

Sarearen helburua da lankidetza sustatzea, baterako jarduera eta proiektuak eginez, eta artzainen premiei erantzun bateratua ematea, larreak hobetzen lagunduz edo ekoizpen-metodo berriak eta tresna informatikoak inplementatuz, lehiakorragoak izateko eta populazioa finkatzen laguntzeko.

Sarearen beste helburu nagusietako bat da gazta eta horren onurak Europako eskualdeetan ezagutaraztea eta zabaltzea, eta Gaztaren Europako Ibilbidea sustatzea Europako kultura-ibilbide gisa.

Ez galdu Idiazabal gaztak dastatzeko aukera, eta etorri Gaztaren Azokaz gozatzera.

Irudia: Idiazabalgo Udala, Gazta Azoka Idiazabal.