Prest denok abuzturako? Ez, ez, ez dugu galdetzen oporrengatik, ezta atseden, eguzki eta lasaitasunagatik ere. Horretarako, ez dago prestatu beharrikJ. Jaiengatik diogu. Hemen dira dagoeneko Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, eta ate joka ditugu Donostiako eta Bilboko Aste Nagusiak. Eta, jakina, jai den-denak aprobetxatu nahi ditugu!

Tradiziozaleak gara Euskadin, eta, nahiz eta urtero aldatzen den zerbait gure jaietan, badira urtero-urtero errepikatzen diren ohitura batzuk, hutsik egin gabe. Ondo markatuak ditugu denok egutegian ohiturok, eta beti errepikatzen dira, gertatzen dena gertatzen dela ere. Ea ezagutzen dituzun ;)

Andre Maria Zuriaren jaietara, Zeledonekin

Udako egutegiko lehenak dira Andre Maria Zuriaren jaiak, eta denetan motzenak, baina bizi-biziak, bai horixe! Gasteiztar guztiak kalera ateratzen gara txupinazoa entzun bezain laster, edo lehenago!, eta batetik bestera ibiltzen gara bost egunez, gelditu gabe.

Blusa eta Nesken egunarekin hasten da dena. Jaien eguna baino lehenago ere hasten garela esan dugu lehen; izan ere, nahiz eta jaiak hilaren 4an hasi, uztailaren 25erako martxan jartzen dugu motorra. Eta zer egiten dugu jaiak oraindik hasi ez badira? Denetarik, baina aspertu, behintzat, ez: San Frantzisko Aldapara joaten gara baratxuriak erostera, eta barru-barrutik bizi dugu han nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka. Aperitibo goxo baterako jaiegun aparta da kuadrillentzat: azoka, eskulanak, paseoa... eta bigantxak! Handik egun gutxira hasiko diren jaietarako berotze-ariketa aparta!

Eta hilaren 4an, Zeledonekin, jaia bazter guzti-guztietara! Milaka eta milaka lagun, bertakoak zein kanpokoak, Andre Maria Zuriaren Plazan elkartzen gara, cava-botila bat eskuan, ikusteko nola jaisten den Zeledon, purua eta aterkia hartuta, San Migeleko kanpandorretik. Gero, lur hartzen duenean, eromena: tradizioaren arabera, Zeledonen txapela ukitzea lortuz gero, zorte ona izango omen dugu. Pentsa, irudika itzazue milaka eta milaka lagun Zeledon agurtu nahian, cava botilen eta puruen kearen artean! Bizitzeko moduko esperientzia bat, zalantzarik gabeJ.

Donostia, jairik ikusgarrienak

Fuegos ArtificalesNorbaitek pentsa dezake donostiarrok San Sebastian egunean ahitzen ditugula indar guztiak eta , beraz, ez dugula hauspo handirik izaten udan. Baina bai zera! Aste Nagusirako ere prest egoten gara donostiar kaskarinok. Eta nola! Ezinbesteko ditugu kanoiaren danbada, su-festak, barrakak, musika...

Batzuek txupinazoarekin hasten dituzte jaiak; guk, berriz, kanoikada batekin, badaezpada, zalantzarik gera ez dadin. Une horretarako abesti bat ere badaukagu, gainera. Hala hasten dugu gure Aste Nagusia duela hogei urtetik, gutxienez Jaietako ikur handienetako bat bihurtu da kanoiaren danbada, eta ez dakigu hori gabe bizitzen! Beraz, Artillero, dale fuego!

Eta ba al da Donostian su-festak baino tradizio handiagoko zerbait? Nekez! 22:45ean, puntu-puntuan, kalean dira donostiar guztiak, izozki bana eskuan, Su-festaren nazioarteko lehiaketa ikusteko prest. Badakizue Europako lehiaketarik zaharrena dela Donostiakoa? Urtero-urtero babesten du Euskaltelek. Gainera, zuen su-festarik gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera duzue, jaietako aplikazio ofizialaren bidez (iOS eta Androiderako bertsioak dituzue).

Bilbon, Marijaiaren eskutik.

MariJaia“Bilbao, cómo has cambiao”, dio abestiak. Bada, nahiz eta izugarri aldatu den hiria, gure jaiak tradizioz eta ekitaldiz beteta daude, eta denetan parte hartu nahi dugu!

Eta Bilbon, jaiak aipatuz gero, barrakak datozkigu burura. Bene-benetako tradizioa dira. Ez pentsa, ez dira barraka xume txiki batzuk, ez, parke tematiko baten parekoak baizik. Tira, hainbeste ere ez, beharbada, badakizue, bilbotar jarriz gero... Edonola ere, apartak dira barrakak txiki nahiz helduek arratsalde pasa eder bat egiteko. Eta Etxebarria parkea, gainera, su-festak ikusteko lekurik onenetako bat da. Beraz, bi ekitaldi, jai-giro ezin hobean eta leku bakarrean biak: barrakak eta su-festak. Eta azukre-kotoi batekin edo txokolatezko gofre batekin, askoz hobeto! ;)

Bilbon ere, Donostian bezala, ez da Aste Nagusirik su-festarik gabe, eta ondotxo dakigu hori Bilbon bizi garen guztiok. Hori da, hain zuzen ere, jaietako ekitaldirik kutunena gehienentzat, eta milaka eta milaka lagun ateratzen gara gauero su-festak ikustera.

Eta, jakina, Aste Nagusia ez litzateke gauza bera izango Marijaia eta haren soinu-bandarik gabe. Kepa Junkerak jaietarako propio sortua! Badator Marijaia da Bilboko jaietan gehien entzuten den abestia. Bai eta, gehien kantatzen eta dantzatzen dena ere! Nor ez da jauzi eta salto ibili harekin txosnetan?

Beraz, ondo-ondo pasa gure hiriburuetako jaietan, eta eman gero zuen festa-egunen berri sare sozialetan. Zuen zain gaude!