Ba zenekien Gasteizen dugula kartei soilik eskainita dagoen munduko museo bakanetako bat? Arabako Fournier Karta Museoan, karta bakoitzak istorio bat kontatzen du. Eta askotariko garai eta lekuetakoak daude. Hementxe duzu informazio guztia: kokapena, ordutegia, historia, fundatzailea eta bitxikeria mordoa.

Fournier Karta Museoak askotariko garai eta lekuetako 24.000 karta baino gehiago biltzen ditu; haietako batzuk, benetako artelanak. Baina orobat hitz egiten du Gasteizez, hiriaren historia industriala markatu zuen enpresa bati buruz eta han lan egin zutenei buruz, hala nola Fournierreko emakume kartagile ezagunak.

Post honetan, Fournier Museoan barneratuko gara, eta buelta bat emango dugu munduko karten artean.

Arabako Fournier Karta Museoa non dagoen

Arabako Fournier Karta Museoa Bendaña jauregian dago, Aiztogile kaleko 54. zenbakian, Gasteizko Erdi Aroko alde zaharrean bertan.

BIBAT multzoaren parte da, zeinak Fournier Karta Museoa eta Arabako Arkeologia Museoa biltzen baititu. Baina ez daude biak zehazki eraikin berean: Fournier Bendaña jauregi historikoan dago, eta Arkeologia Museoa, berriz, Patxi Mangado arkitektoak diseinatu duen eta besteari erantsia dagoen eraikin garaikide batean.

Bendaña jauregia harlanduzko eraikin errenazentista bat da, hiru solairutan antolatua. Bereziki deigarriak dira barne-patioa (eta bere arkuteria-galeria), arku zorrotzeko atea eta eskaileraren gaineko ganga oktogonala, izar-formakoa.

1994tik, Arabako Fournier Karta Museoaren egoitza da. Baina hasi gaitezen hasieratik.

Nor izan zen Heraclio Fournier, Karta Museoaren fundatzailea?

museo fournier naipes fundador
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Museoa ulertzeko, haren protagonista ezagutu behar da lehenik.

Heraclio Fournier González Burgosen jaio zen 1849an, eta Vitoria-Gasteizen finkatu 1870ean. Han, Plaza Berrian zegoen inprenta txiki batean hasi zen lanean, gaur egun El Globo liburu-denda dagoen lekuan. Hasieran ez zituen kartak soilik eskaintzen: hainbat produktu inprimatu eta idazmahairako materiala saltzen zuen. Handik gutxira, karten fabrikazioan espezializatzen hasi zen. Eta 1870ean munduko karta-marka ospetsuena sortu zuen.

Hemen hasten da Gasteizen izena mundu osora eramango zuen enpresa-historia bat. Izan ere, ba zenekien Vitoria izena agertzen dela haren karta-sorta askotako bateko urrean?

Fournier benetako berritzailea izan zen bere garairako. Inprimatzeko teknika desberdinekin esperimentatu zuen, eta karten materialak eta diseinua hobetuz joan zen.

1875 inguruan, Emilio Soubrier irakasleari eta Ignacio Díaz de Olano pintoreari karta-sorta bat diseinatzeko eskatu zien; gerora, harexek ezarri zituen espainiar karta-sorta izenez ezagutzen dugunaren oinarriak. 1889an, Augusto Riusek modeloa birdiseinatu zuen, eta Pariseko Erakusketa Unibertsalean brontzezko domina bat jaso zuen Fournierrek urte berean.

Fournierren eta haren karta-sorten historia

museo fournier naipes historia
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Negozioa hazten joan zen, eta instalazioak lekuz aldatu behar izan zituzten behin baino gehiagotan.

1882an, San Prudentzio kalera aldatu zen fabrika, eta, handik urte gutxira, 1887an, gaur egungo Foruen eta Manuel Iradier kaleen arteko izkinan zegoen eraikin berri batera pasatu zen. Fabrika hark atal bereiziak zituen zuritzeko, bernizatzeko, paketatzeko eta beste prozesu batzuetarako, eta trenbidera sarbide zuzena ere bazuen.

Geroago, 1948an, San Kristobal auzoan kokatu zen fabrika, eta enpresak dimentsio handia hartu zuen han. Mila pertsona ingururi eman zien lana, eta emakumeak ziren haietako asko. Hemen agertzen dira emakume kartagileak.

Fournierreko emakume kartagileak

museo fournier naipes palacio
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Emakume kartagileak funtsezkoak izan ziren Fournier fabrikaren funtzionamendurako. XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen tarte luze batean, emakumeak langileen zati oso garrantzitsu bat izan ziren, eta zenbait garaitan gehiengoa ere bai.

Haien lanak zehaztasuna eta pazientzia eskatzen zituen. Hainbat zeregin zituzten esku artean: papera hautatzea, bernizatzea, kartak moztea, karta-sortak berrikustea, kutxatilak egitea eta paketatzea, besteak beste. Denborarekin, gainera, batzuek administrazioko, laborategi kimikoko, marrazketako edo fotokonposizioko lanak egin zituzten, baita makinista-lanetan aritu ere.

Fournier Museoak berak haien memoria berreskuratzeari erakusketa bat eskaini zion, enpresaren 150. urteurrena zela eta. "Emakume kartagileak. Memoria bizia" izan zuen izenburua, eta emakume haiek fabrikaren historian jokatu zuten rol funtsezkoa aldarrikatu zuen.

Fournier Museoa: sorrera eta hedapena

museo fournier naipes exposicion
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Baina Fournier Museoa ez da enpresaren bilduma zaharra soil-soilik. Heraclioren biloba Félix Alfaro Fournierrek aitona hil eta gero fabrikaren ardura hartu ondoren hasi zuen bilduman dago museoaren jatorria.

Félix karta-sortak biltzen hasi zen, eta bilduma zabaltzen joan zen erosketen, trukeen eta dohaintzen bidez. 1970ean, Thomas De La Rueren bilduma erosi zuen enkantean (garai hartako 12.000 libera inguru ordainduta); ordura arte, Londresko British Museumen gordea egona zen. Erosketa horrekin iritsi ziren Europan kontserbatutako ale zaharrenetako batzuk.

1984an, Arabako Foru Aldundiak bilduma erosi zuen, eta, beste instalazio batzuetatik pasatu ondoren, Bendaña jauregira iritsi zen 1994an, eta han jarraitzen du gaur egun.

Zer ikusi Arabako Fournier Museoan?

museo fournier naipes baraja oriental
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Fournier Museoak 24.000 ale baino gehiago kontserbatzen ditu; tartean, bost kontinenteetako eta oso garai desberdinetako karta-sortak. Badaude karta-sorta espainiarrak, europarrak, amerikarrak, asiarrak...

Batzuk benetako artelanak dira nahiz eta jokorako pentsatuak izan, hala nola japoniar jatorriko Uta Karuta (joko tradizional japoniar bat) karta-sorta eta Dashavatara jokoan aritzeko 120 karta zirkularreko karta-sorta indiarra.

Historiarekin, literaturarekin, musikarekin, astronomiarekin, mitologiarekin, heraldikarekin, magiarekin, tarotarekin eta geografiarekin lotutako kartak daude, besteak beste. Alfabeto errusiar berriaren 26 aleko karta-sortatik, erregina ospetsuen karta-sortaraino.

Bereziki deigarriak gertatu zaizkigu Indiako ganjifak, eskuz eta kolore oso biziz apaindutako eta pintatutako karta-sorta zirkularrak, eta XV. mendeko Milango Tarota, museoko artelan baliotsuenetako bat, pergaminoan eskuz pintatua eta urrezko xafla delikatuz estalia.

Bildumako karta-sorta zaharrena 1420 inguruan egin zen, xilografiaz (egurrezko grabatua) eta apaingarri piktorikoz. Eta gaur arte iraun du!

Eta ikusgai dauden kartak ikusi ez ezik, historikoki haiek fabrikatzeko eta inprimatzeko erabili diren teknikak ere azaltzen dira, xilografiatik offseteraino, litografiatik eta matrize metalikoekin egindako beste zenbait prozeduratatik igarota.

Informazio praktikoa: Arabako Fournier Karta Museoaren ordutegia eta prezioa

museo fournier naipes baraja
Irudia: Arabako Fournier Karta Museoa

Fournier Karta Museoko sarrera doakoa da.

Fournier Karta Museoaren ordutegia

  • Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-18:30.

  • Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00.

  • Astelehenetan: itxita, jaiegunetan izan ezik. Salbuespenen egutegia kontsultatzea da komenigarriena.

Bisita gidatua nahiago baduzu, doako bisita gidatu indibiduala dago igandero 11:15ean (ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea). Taldeentzako bisita gidatuak eta doako tailerrak ere antolatzen dira. Kasu batean zein bestean, helbide elektroniko honen bidez erreserbatzen da: bibat.visitas@galipat.es

Ziur gaude Arabako Fournier Karta Museoko bisitak liluratuko zaituela. Karta-sorta bat, ikusiko duzunez, jolasteko objektu bat baino askoz gehiago da: artelan bat edo dokumentu historiko bat izan daiteke. Fournierren historia ezagutuko duzu, eta Fournierreko kartagileen lana deskubrituko duzu. Eta hori guztia Gasteizko erdigune historikoan bertan.

Goiburuko irudia: Euzko Jokoileak Euzkadi / MuseoTIK