Familian, bakarrik edo kuadrillarekin. Museo on batera joatea beti da plan egokia, eta gustu orotarako museoak ditugu gure herrian.

Ez huts egin Euskadiko museorik onenetako batzuetan barrena prestatu dugun ibilaldia.

Historiarekin hitzordua euskal museoetan

Euskadiko museorik zaharrena San Telmo da, eta Donostian dago. Erreferentziazko museoa da gure antzinako kultura ezagutzeko elementu etnografiko eta artistiko bitxi ugariren bidez.

Izan ere, gure historiak lanbide eta ohitura askotarikoetan du oinarria.

Balmasedan La Encartada Txapel Fabrika Museoa dago. Garai bateko erakinek eta langileen makineriak XIX. mendearen bukaerara —fabrika sortu zen garaira— garamatzate, eta museo industrial bat osatzen dute denek orain.

Museo Boinas La Encartada

Euskadiko museorik originalenetako batzuk

Sartu nahi duzu XVI. mendeko baleontzi batean? Itsas Kultur Faktoria n eskuzko ontzi-eraikuntzari eta itsas teknologiari buruzko hainbat eta hainbat kontu ikasiko dituzu.

Gainera, bisitaren osagarri, Mater Ontzi Museoa ere bisitatzeko aukera duzu, Euskal Herriko zurezko azken hegaluze-ontzia, gaur egun Ontzi Museo Ekoaktibo bihurtua.

Erabat zaharberritu ondoren martxan diren hirurogei ibilgailutik gora; besteak beste, lurrun-lokomotorrak, hiri-tranbiak eta trolebusak. Trenaren eta burdinbidearen 150 urteko historia biltzen du Burdinbidearen Euskal Museoak Azpeitian.

Museo Vasco del Ferrocarril

Trenetatik meategietara, garrantzi handiko sektorea baita Euskadiko industriaren bilakaeran. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan balio historiko eta dokumental handiko bagonetak, tresnak eta dokumentuak daude jasota.

Modernitatearen ikono diren Euskadiko museoak

Gure museorik nazioartekoenean barrena jarraituko dugu orain: Bilboko Guggenheim Museoa. Arte garaikideko museo honi aspalditik jarraitzen diogu Euskaltelen, bertako zein nazioarteko egileen erakusketak, kontzertuak eta jaialdiak biltzen baititu. Ezinezkoa da Frank Gehryk diseinatutako eraikin bereziari ez erreparatzea, oso deigarriak baitira haren forma lerromakur bihurriak, kareharriz, kristalez eta titanioz estaliak.

Museo Guggemheim Bilbao

Bilbon gaudelarik, Arte Ederren Museora ere joango gara. Barruan, bost atal nagusi: Antzinako artea, arte moderno eta garaikidea, euskal artea, papereko lanak eta arte aplikatuak.

Artium , Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Gasteizen dago, eta arte garaikideko beste erreferentzia ezinbesteko bat da, Euskaltelen babesa duena. Ia 3.000 lan biltzen ditu, hainbat autorerenak, hala nola Picasso, Miró, Oteiza eta Chillidarenak. Aurten, 20. urteurrenarekin batera, 'Bilduma ikusgai' ekimena jarri du martxan, sarritan babestuta gordetzen diren zenbait altxor artistiko erakusteko bisitariei.

Donostian, Eureka! Zientzia Museoa paradisu benetako bat da zientziazaleentzat, bereziki etxeko txikientzat. Astronomia-behatoki bat du, bai eta zenbait ikuskizun ere; adibidez, elektrizitateari buruzkoa.

Tradizioak Euskadiko museorik onenetan

Arabako Arkeologia Museoak eta Arabako Fournier Karta Museoak bat egin dute, eta Bibat Museoa sortu da Gasteizko alde zaharrean. Paleolitoko objektu askotarikoak eta karta-sorta bereziak biltzen dira han orain.

Txakolingunean amaituko dugu gure gaurko txangoa, Bakion. Gure ardoetako baten sekretu guztiak ezagutuko dituzu formatu handiko ikus-entzunezkoen bidez.

Museo del Txakoli

Museo gehiago ere baditugu gure herri eta hirietan; esate baterako, Leintz Gatzagako Gatz Museoa, Gernikako Bakearen Museoa edo txotxongiloei buruzko TOPIC Museoa.

Horiek guztiak ezagutzera eta ondo pasatzera animatu nahi zaitugu. A, eta, jakina, ez ahaztu gero guri esatea zein duzun gustukoen.