EuskarAbentura espedizioa datorren urtera atzeratu behar izan da, egungo egoeragatik, baina abenturak martxan segitzen du. Erronka, dinamika eta sari ugari dituzu zain EuskarAbentura 2.0n, Instagrameko @euskarabentura kontuaren bitartez. Euskarabentura Elkartekoekin hitz egin dugu oraingo egoerari eta etorkizuneko planei buruz.
Abuztura atzeratzeaz hitz egin zen, baina azkenean 2021ean egingo da. Erabaki zaila?Bai. Hasiera batean, abuztura atzeratzea erabaki genuen egoera honi denbora irabazi nahian, baina argi geneukan egoerak baimendu eta segurtasuna bermatu behar zuela espedizioarekin aurrera egin ahal izateko. Gure lehentasuna, beti izan da segurtasuna eta dugun egoeran osasun eta segurtasun baldintzak guztiz bermatzea ezinezkoa ikusi dugu.
Beraz, maiatzaren amaieran azkeneko erabakia hartu genuen: 3.edizioa 2021era atzeratzea.
Pena handiz hartu genuen erabakia, baina uste dugu zentsudunena dela. Ez ditugu ahaztu aurtengo ediziorako izena eman duten 321 gazteak eta horretarako egin duten esfortsua. Hautagaiei hau helaraztea ere zaila izan da, baina, asko eskertu nahi diegu haiei eta hauen familiei bidali dizkiguten animo mezuengatik.
Zein aukera aztertuko dituzue uda honetarako?EuskarAbentura piztuta darrai! Hau da EuskarAbenturako familian danok buruan daukaguna. Sortu genuenak piztuta darrai eta hemen jarraitzen dugu, koronabirusak ez gaitu itzaliko.
Aurtengo udan, gazteentzako kultur eta aisialdi eskaintza asko murriztu da eta hau nolabait asetzeko asmoz, instagram-etik gazteak mugiaraziko ditugu; erronkak, dinamikak, sariak…etab.
Zer du Euskarabenturak hainbeste harrapatzen duena?Formula magikoa zein den ez dakigu hitzez azaltzen... Dakiguna da, hilabete horretan bizi eta sortzen dena, ez dela hain erraz ahazten. Burbuila batean sartzen gara uztailaren 1ean eta dena oso azkar pasatzen da, gezurra badirudi ere, 31 egun klik! Baten pasatzen dira. Bat-batean lehenengo egunean ezezagunak ziren hoiek, betidanik ezagutuko bazenitu bezala tratatzen zaituzte eta ez dakizu zergatik baina zuk berdin egiten duzu haiekin. Esango genuke, aberasgarriena hori dela; sortzen diren harremanak eta giroa. Bi hauek eukita, datorren edozer ona da, dinamikak, ekintzak, hitzaldiak, sorpresak...etab.
Ikusten duzue beste erkidego batzuetara esportatu daitekeen eredua?Bai, noski, zergatik ez! Uste dugu gazteekin egiten den edozerk indar erantsi bat daukala, haiek jartzen diotena, beraz, beste leku batzuetan ere martxan jarri daiteke! Agian etorkizun batean beste erkidegoko espedizio batekin uztartu gaitezke...nork daki!
Quetzal ibilbideak belaunaldi bat markatu zuen. Zuen ustez, EuskarAbentura ere bai?Bai, zergatik ez! Gure helburuetako bat gazte sare euskaldun bat sortzen eta ehuntzen joatea da. Momentuz badauzkagu espedizioan parte hartu duten 200 gazte baino gehiago, jzioquitarrak direnak (gazte parte hartzaileak). Aurtengo urtea kontuan hartu barik, urtero espedizioa egitea da gure asmoa, beraz, gero eta gazte gehiago izango dira EuskarAbenturaren parte.
Zer da neska- mutilek gehien gozatzen dutena: mendi-ibilaldiak, ondarea, oinarrizko jarduerak?Bakoitzak zaletasun batzuk ditu eta 120ren artean, desberdintasun asko daude, beraz, bakoitzak gauza ezberdin bati jartzen dio arreta. Hala ere, lehen esan bezala, aberasgarriena, gauza guzti hoiek giro onean ezagutzea da eta azken finean, amaitutakoan etxera eramaten dutena.
Eta monitoreek?Espedizioko lan taldea anitza da (xerpak, osasun taldea, komunikazio taldea, koordinazioa, material-gidari arduradunak…), talde handia da, 30-35 pertsona bakoitza funtzio batekin. Etxera esperientzia itzela eramaten dute. EuskarAbentura ez da ohiko kanpaldi bat, leku batetik bestera mugitzen gara egunero eta orotara 150 pertsona inguru ari gara elkarbizitzen hilabete batez.
Zer moduzkoa da jendearen harrera bideko geltokietan?Izugarrizkoa! Oso eskertuta gaude egiten diguten harrerarekin. Espedizioak zeharkatzen dituen herrietako herritarrak oso ondo tratatzen gaituzte, nahiz eta euren herria egun batez marea laranja eta urdin batez bete. Askok jarraitzen gaituzte, badakite zein den gure ibilbidea eta asko animatzen gaituzte. Beste batzuk sorpresas aurkitzen gaituzte bertan, baina hala ere, animo mezuak ez dira falta.
Zein da etaparik gogokoena?Bat baino gehiago daude! Kostaldekoak gustokoenak izaten dira, baina bakoitzak bat edo beste gozatzen du. Espedizioan parte hartzen ari direnen herrietatik pasatzen diren etapak ere, bertakoak direnentzako bereziak dira. Badago etapa berezi bat, Zerainen bukatzen dena, hau berezia da herrian prestatzen diguten herri afariagatik, orduan egun osoa berezi bihurtzen du eta oso gogoan eukitzen du espedizioak.
Zer da gogorrena: alde fisikoa, agurra?Alde gogor ezberdinak dira. Alde fisiko gogorra badauka, kilometroak egiten dira, etxetik kanpo, baina egun batetik bestera bizitzen zoazen heinean ahaztu egiten duzu aurreko egunean nekatu zinen ala ez, zerotik hastea bezala da. Agurra ere gogorra da, malko nahiko botatzen dira azken aurreko eta azkeneko egunean, dena hilabete baten konprimituta bizitzen da, baina guk parte hartzaileei mezu berdina helarazten saiatzen gara: ez da agur bat, azkeneko egun horretatik aurrera hasi egiten da benetako abentura, hortik aurrera daukate haiek bidea egiteko indar eta gaitasun guztia, hilabete horretan bizi izan dutenarekin, sentitu dutenarekin eta sortu dituzten harremanekin, beraz, horrela bizi dezatela, hasiera bat bezala.
Pasadizoak milaka izango dituzue. Baten bat kontatzerik bai?Gertaera asko bizi izan ditugu bi urte hauetan, baina elkarteak bereziki bat dauka buruan. Atzera egin behar dugu, 2018an lehenengo espedizioko sustapen kanpainiara. Hor ibili zen kide bat ikastetxez ikastetxe proiektua zabaltzen eta gazteak parte hartzera animatzen. Martxoaren 11n izena emateko epea amaitzen zen eta ostiral horretan, martxoaren 9an, 6 gazte baino ez ziren aurkeztu…. Imaginatuko duzue momento horretan elkarteak zeukan urduritasuna… espedizioa oso gazte gutxirekin egingo zela pentsatzen, apustuak ere egin ziren….baina…bat-batean, larunbat goizean eta igandera arte, azkeneko minutura arte, guztira 164 izen emate lortu arte. Pasatako urduritasun guztiari buelta eman eta ospatzeko modukoa zen.
Oso oroitzapen politarekin gogoratzen du asteburu hau elkarteak!!
Zer helburu dituzue etorkizunerako?Bizitzen ari garen egoera honek erritmoa jeistera behartu gaitu…aurten espediziorik ez da egongo eta EuskarAbentura 2.0 sortu da, baina ez espedizioko formato berdinean. Orain gogo guztiak ditugu uztaila honetan eta abuztuan deskantsua hartu ondoren, Irailean berriro indar berrituta bueltatuko gara 2021ekoa prestatzen hasteko. Pixkanaka- pixkanaka goaz, gero eta ezagunagoa da proiektua gazteen artean eta gero eta izen emate gehiago ditugu edizio batetik bestera, beraz, horrek ere jarraitzeko bultzada ematen digu. Beraz, gure helburuetako bat, urtero gazte talde bati espedizioan parte hartzeko aukera ematea da eta horretarako lan egiten ari gara.
Oztopoen aurrean ere abenturak piztuta darrai!