Badakizu gure dantza tradizionaletako batzuk duela 500 urte baino gehiago dituztela? Beti izan gara dantzan egin zale: 300 dantza-talde baino gehiago ditugu Euskadin, eta milaka dantzari.
Esate baterako, uste da aurresku edo sokadantza XV. menderako dantzatzen zela; gero, XVIII. mendean, asko zabaldu zen. Baina denborak aurrera egiten du, eta gaur egun egokitzapen moderno et dantza garaikidea ditugu dantza tradizionalekin batera. Gogoan dituzu MTV sariak banatzeko ekitaldiko Crystal Fighters taldearen kontzertuan dantzan egin zuten zazpi dantzariak? Bada gure dantza tradizionalek gaur egun dituzten egokitzapen ugaritako bat baino ez da hori.
Euskaltelen ere dantzari-harrobi oparoa daukagu, eta, beraz, gure lankide batzuei galdetu diegu ea nola bizi duten zaletasun hori, nondik datorkien eta nolako etorkizuna ikusten dioten.
Andoni Lemoniz
Esate baterako, Segurtasuneko gure lankide Andoni Lemoniz 12 urterekin hasi zen dantzan eta, etxeko tradizioak koro eta orfeoi aldera bultzatzen bazuen ere, errealitatea gailendu zen azkenean:
Ez nuen ahots txarra, baina ez zen beste munduko ezer... Eta eskerrak! Bestela, ohi baino euri gehiago egingo zuen Euskadin!
Andonik dio gogoan duela modu ia klandestinoan hasi zela dantzan, duela urte asko, Algortako gaseosa-biltegi batean, eta berehala zaletu zela ezpata -dantzara.
Astean hirutan izaten nituen entseguak: astelehenetan, asteazkenetan eta larunbat goizetan. Neska-mutilak elkartu eta hainbat dantza ikasten genituen, fandangoak, mistoak, polkak...
Euskal dantza “indarra, harrotasuna, jatorria...” da, eta, Andoniren ustez, dantzan lagunartean eginez gero, bizimodu bihurtzen da, eta talde horietatik lagunak, mutil- eta neska-lagunak eta ezkontzak ere sortzen dira.
Gaur egun, Andonik aski alboratua du dantza, baina, taldeak eskatuz gero, saiatzen da gaztetan bezala aritzen, nahiz hanka ez duen lehen adina jasotzen ;)
Gaur egun ez dago lehen adina talde, dantzak asko hobetu dira eta balioak aldatu, baina, Andoniren ustez, ez da eragozpenik dantza WhatsApp, Instagram eta joera berriekin uztartzeko; halaxe ikusi zen MTV sariak banatzeko ekitaldian eta Getxon hasi zen Espainiako Vueltan: dantzari batek aurreskua dantzatu zuen bizikleta baten gainean.
Nerea Lupardo Atutxa
Harreman Instituzionalen gure zuzendariak ere gogoko du tradizioaren eta modernitatearen arteko konbinazioa: oso gogoko ditu Kukai eta Aukeran dantza garaikideko taldeak, bai eta formatu tradizionaleko dantza-taldeak ere. Txikitan zaletu zen, eta Arrigorriagan Kili-kili aldizkariaren eta txistu- eta dantza-taldeen inguruan euskara ikasteko antolatu ziren lehenengo taldeetan aritu zen. Andonik bezala, nahiz Nerearen familia-tradizioa koroetarantz bideratua zegoen, dantzari ekin zion berak, Aritza taldean.
Urte asko pasatu ondoren, Nereak berriz heldu dio zaletasunari Aritz Berri Dantza Taldearen bidez, eta zenbait lekutako dantzaldietan parte hartzen du urtean hirutan: Euskal Ezkontza, Lantzeko inauteriak, Arrigorriagako festak, ospakizun herrikoiak…
Kultura herrikoiari eustea da kontua, eta gazteek kultura hori ezagutu eta parte har dezaten lortzea
Dantzaren alderdirik onena taldeetan parte hartzea da: entseguak, pintxo-potea eta lagunarteko afariak. Izan ere, dantzak, osasungarria izateaz gain, oso giro ona sortzen du inguruan. Horri eusteko, taldeko lagunekin elkartzen da astean behin, gorputza indarberritzeko erritmoaren eta koordinazioaren bidez”.
Nerearen ustez, une gozoa bizi du dantzak.
Aritz Berri 120 lagunek baino gehiagok osatzen dute, eta ez da gutxi, inondik ere, herri txiki baterako. Heldu eta gazte askok parte hartzen dute proiektuan, eta, beraz, bada etorkizunari itxaropentsu begiratzeko motiborik. Dantzak batu egiten ditu ideia desberdineko pertsonak, eta giro ona sortzen du gainera
Rafa Bañales
Zerbitzuarekiko Bezeroaren Esperientziaz arduratzen den gerenteari bidaia ikusgarriak egiteko aukera eman dio dantzak. Dantzari eta Iruñako Duguna Taldean parte hartzeari esker, bazter ugari ezagutu ditu: Polonia, Ingalaterra, Sevilla, Lugo… Eta Japonian ere dantza egin du bere dantza-taldeak!
Lagun eta bidaia asko egin ditut dantzaren bidez. Institutuko eta Unibertsitateko garaian, udan bidaia eder bat egiteko aukera paregabea ematen zidan dantzak. Garai hartan, jaialdi guztiak ziren onak guretzat, eta zalapartaka aritzen ginen, ez baitzegoen lekurik denontzat!
Baina, jakina, bidaiekin batera, dedikazioa ere erabatekoa zen: Rafak, esaterako, gogoan du, erretiratu aurreko azken urteetan bi orduko entseguak egiten zituela egunero. Dantzari izateari utzi ondoren ere, ez zuen erabat utzi dantzaren mundua, irakasle aritu baitzen Gareseko Zubia Dantza Taldean. Beraz, dantza-zaletasuna zabaltzeko egindako halako ahaleginari esker, baikor begiratu diezaiokegu dantzaren etorkizunari.
Gaur egun kalitate handiko aldaera eta fusio interesgarriak ari dira sortzen. Eta hori lor daiteke, batetik, dantzari-oinarri sendoa dagoelako, ekarpena egiteko eta esperimentatzeko prest dagoena, eta, bestetik, emanaldietan bizi-bizi parte hartzen duen eta gero eta gehiago eskatzen duen publikoa ere badaukagulako
Rafaren esperientziaren arabera, Euskal Herritik kanpo dantza egiten zutenean, harriturik gelditzen ziren ikusleak, gutxi baitira halako teknika eskatzen duten dantza tradizionalak, eta oraindik ere emanaldi ikusgarri asko eta asko ikusiko omen ditugu.
Begoña Zuazola Kareaga
Giza Baliabideetako gure lankidearen kasua ez da berdin-berdina: euskal dantzekiko irrikak Lindy hop dantza-estilorako bidea egin du; 1930eko hamarkadan New Yorkeko dantzari afro-amerikarrek ezagun egin zuten estiloa da Lyndi-hop. Edonola ere, dantzan egitea da kontua, 10 urte zituelarik euskal dantzen emanaldi bat ikusi zuenetik ez baitio sekula utzi dantzari. Orain, astean ordu pare batez aritzen da, baina lehen askoz gehiago, dantzari izateaz gain dantza-irakasle ere aritu baitzen.
Hobby bat baino gehiago da niretzat, kuadrilla osatzen baituzu azkenean dantza-lagunekin; eta elkarrekin egiten ditugun bidaiek ere sendoago egiten dute taldea
Izan ere, Begoñaren ustez, dantzaren alderdirik onena ez da dantzan egitea soilik, beste pertsona batzuekin elkartzea baizik; oso dibertigarria da dantzan egitea, poz-iturri handia, eta, lagunekin batera egiten denez, sozializazio-bide ezin egokiagoa da gainera. Hala ere, uste du jendeak gaur egun ez duela hartzen garai bateko konpromisorik eta, horregatik, zailagoa dela jardueretan parte hartzea eta beste pertsona batzuekin harremanetan sartzea. Euskal dantzak, hala ere, “beste erritmo askorekin egiten dute bat”; aurtengo Korrikaren abestiak, adibidez, zenbait dantza-mota batu ditu musika berarekin.
Ikusten duzuenez, euskal dantzekiko irrikak batzen ditu gure lankideak, bai eta beste dantzari batzuekin ondo pasatzeko grinak ere. Eta zuri? Zuri ere gustatzen zaizkizu euskal dantzak? Animatu, eta idatzi zure esperientziaren berri emateko.