Hemen da berriro futbola! Bazen garaia! Denboraldi berri bat hasi da, zenbait astez dena geldirik egon ondoren, itxuraz behintzat. Dena geldirik? Ez horixe!! Guk ez dugu atseden-une bat ere hartu uda osoan, alderantziz baizik. Asteotan, etengabe gozatu dugu futbolaz, denboraldi betean baino gehiago ia-ia. Hiru futbolzale-talderekin aritu gara horretan, eta Euskaltel esperientziak ezagutzera eraman ditugu, hiru talde hauen eskutik: Eibar, Athletic eta Reala. Izugarria izan da. Jakin nahi al duzue zertan aritu garen?

Athleticen esperientzia e-gun-do-koa izan da. Adibidez, klubaren museoan izan ginen. Museoa baino gehiago ikus-entzunezkoetarako eremu interaktiboa dirudi, sekulako argi- eta soinu-muntaia, Athleticen zale orok ikusi eta entzun beharrekoa: klubaren historia osoa, modu harrigarrian azaldua. Eta futbolaren "kapera" horretatik.... katedralera! Bai! San Mameseko soropila zapaldu genuen, eta Pitxitxiren bustoa ukitu. Handik, berriz, lehen taldearen aldageletara jo genuen; izan ere, jakin nahi genuen zer sentitzen duten gure jokalariek partida baten aurretik... eta ondoren. Honenbestez, prentsa-aretora joan ginen, eta hedabideen galderei erantzun genien, partidako gorabeherak aipatu genituen, eta esamesen batzuk kontatu. Amaitzeko, palkora igo eta futbolaz handikiro gozatzea zer izango den irudikatu genuen, estadio handi horrek eskaintzen dituen erosotasun guztiez baliatuz, alegia.

Baina ez pentsa hor amaitu zenik gure esperientzia. San Mameseko eremu nobletik beste ingurune noble batera joan ginen, kontratu handiak sinatzen eta ospakizunak egiten diren lekura: Ibaigane jauregira. Xumea da eraikinak kanpotik, baina dotorea barrutik. Hala behar du, izan ere, gure klub honek.

Eta dena teknologia eta argazkiak egitea izan ez zedin, eta bazkaldu aurretik ariketa pixka bat egitea ere komeni denez, Athleticen autobus ofizialera igo eta Lezamara joan ginen, baloiari "ukitu" batzuk egitera. Baina ez ginen luzaro egon, gose baikinen. Eta sabela hutsik dela ariketa gogorrik egitea ez da komeni... Hurrengo geldialdia, non? Bada, gure esperientziaren maila izugarria ikusirik, Michelin izarrak dituen jatetxeren batean bazkaldu behar, nahitaez... Boroa Jatetxera joan ginen, mokadu bat jan eta egun zeharko futbolzale bat behar bezala amaitzera.

Esperientzia txuri-urdina ere ez zen makala izan, Anoetako obrek eragozpen batzuk eragin bazizkiguten ere. Zubietako instalazioak, aldiz, ezin hobeto zeuden. Han hartu gintuen Realaren harrobiaren zuzendariak, Luki Iriartek. Gu galtza motzetan eta baloia ostikatzen ikusteko irrikaz zegoen Luki, ea "perlaren" bat aurkitzen zuen edo. Badirudi ezetz, ez zuela aurkitu, joan ginen berak itzuli gara eta. Horrenbeste neke, entrenamendu eta joan-etorriren ondoren, lur jota geunden. Eta Euskaltelen gai gehienak mahai baten inguruan jorratzen direnez, bada bazkaltzera joan ginen, ahalik eta ondoena amaitzeko  Euskaltelen esperientzia txuri-urdina.

Azkenik, Eibarren esperientzia izan zen luzeena, futboletik gehiena eduki zuena... eta izerdi gehiena botarazi ziguna. Pentsa: 28 neska-mutil talde armaginak fitxatu ditzan irrikaz eta baloiarekiko beren "magia" erakusten... Lehenbizi, Ipuruako instalazioetan ibili ginen: hamaiketakoa egin, garaikurren aretoa ikusi eta prentsaurreko bat eman genuen. Listo. Gero, bazkaltzera, Atxabalpeko zelaira. Ezetz asmatu zein zebilen inguru hartan? Bada lehen taldeko jokalariak, denboraldiko lehen entrenamendu-saioan. Ezin gusturago egon ginen, beti bezala portatu baitziren gurekin: ederki, alegia. Argazkia, algarak, ostiko batzuk baloiari...Esperientzia gogoangarria izan zen futbolzale garenontzat.

Zure talderik gogokoenaren eskutik esperientzia berri bat bizi nahi baduzu, hartu parte zozketan: egin zure newsletterraren harpidedun, eta irakurri arretaz bidaliko dizkizugun sustapenak. Zain gauzkazu!