Emakumeak, futbolariak eta profesionalak. Eta besterik ez luke behar; tira, bai, arrakasta asko. Baina errealitatea ez da halakoa, eta horregatik zenbait jokalari, hala nola Garazi Murua (Athletic Club), Ane Etxezarreta (Reala), Sheila Elorza (Eibar) eta Mai Garde (Osasuna) elkar hartuta borrokan ari dira emakumeen futbolaren benetako profesionalizatzea lortzeko.
“Emakumea eta kirola” topaketa birtuala, Euskaltelek antolatua, aukera ederra izan da lau jokalari bikain hauek elkartzeko, iraunkortasunaren, ahaleginaren eta beren burua etengabe hobetzearen adibide garbiak guztiak.
Beren esperientziak partekatu zituzten Begoña Beristain kazetari eta kirolariarekin eta hitzaldira online konektatutako ikusle guztiekin; Euskaltelen YouTubeko kanalean osorik ikus dezakezu hitzaldia:
Etorkizuneko belaunaldientzako erreferentzia
Garazi, Ane, Sheila eta Mai baloi bat oinean zutela hazi ziren, baina ez zuten emakumezko erreferenterik; hain zuzen ere, haiek direlako lehenak.
ELau jokalari hauek dira orain ispilua futbolari izan nahi duten neskentzat. Eta horrek harro sentiarazten ditu, emakumezkoen futbolarentzat etorkizun hobea lortzeko bidea irekitzen lagundu dutelako.
Iraunkortasuna eta sakrifizioa
Laurek beren familien laguntza izan dute kirol horrekiko grinari eusteko ahaleginean.
“Zorionekoa naiz eta bizitza osoan eskertuko dut; izan ere, aitaren laguntzarik gabe, gaur egun ez nuke futbolean jokatuko”, esan zuen Mai Garde Osasunako kapitainak.
Familiek beti animatu dituzte prestatzen jarraitzera. Izan ere, Garazi Murua Athleticeko kapitainak dioenez, “amaitzen denean, ez dugu izango gure lankideek duten koltxoi ekonomikoa”.
Baina horrek ahalegin eta sakrifizio handia eskatzen du, gutxi baloratua. Kirolarekiko duten grina uztartu egin behar dute entrenamenduekin, bidaiekin eta beren lanarekin ia bateraezinak diren ordutegi oso zailekin; ez dute beste ezertarako denborarik izaten.
Horregatik da hain garrantzitsua profesionalizazioa.
Emakumezkoen futbolaren baldintzak benetan hobetzea
Lau jokalariak bat datoz: bide luzea dago egiteko gizonen aukera berdinak izateko.
Ez dute eskatzen klubeko gizonezko kideekiko berdintasuna, baizik eta futboletik bizitzeko baldintza duinak, eta hori arautzeko bidean dira dagoeneko hitzarmen kolektiboaren bitartez.
Hala ere, profesional bihurtzeak ez du esan nahi bizimodua ateratzeko adina baliabide ekonomiko eskuratuko direnik: “Oraindik ere telebistako eskubideen gaineko borroka dago, oinarrizko baldintzak lortzeko dugun etengabeko borroka; bizitzeko gutxieneko soldata izatea garrantzitsua da”, esan zuen Sheila Elorzak, Eibarko SDko erdilariak. “Ikusgarritasuna ematea nahi dugu, eta futbolari profesionalak izateko aukera izatea”.
Muruak hau erantsi zuen: “Asmo oneko hitzak entzuten ditugu, baina ez dira gauzatzen. Beharrezkoa da emakumeen futbolaren aldeko apustua benetakoa izatea, agindutakoa errealitate bihurtzea”.
Ikusgaitasuna handitzea
Ikusgaitasunean irabaztea, jendearengan interesa sortzeko; hori da gakoa. Eta horretan garrantzi handia dute komunikabideek.
Mai Gardek honela dio: “Ikusten ez dena badirudi ez dela existitzen”. Komunikabideek ahots pixka bat eman digutenean, argi eta garbi frogatu da interesgarria dela”.
Horregatik da hain garrantzitsua emakumeen taldeak babestea. Apustu hori egiten ari gara Euskaltelen duela zenbait urte, Athleticeko, Realeko eta Eibarreko emakume-taldeen babesle baikara, eta Osasuna Fundazioaren ohorezko kide.
Haiek bezala, aukera-berdintasunaren, aniztasunaren eta edozein arrazoirengatiko diskriminazioa ezabatzearen balioak defendatzen ditugu.
Batasuna eta eredua
Emakumezkoen futbolak aho batez dihardu lanean Emakumezkoen Futbol Liga profesionala lortzeko.
Mai Garde Osasunako kapitainak argi dauka batasuna dela garrantzitsuena: “Elkarrekin, proposatzen dugun guztia lortuko dugu”.
Etorkizuneko belaunaldientzat utziko duten ondare bat: “Harrotasunez adierazi nahi diegu zenbat borrokatu garen, zenbat borrokatzen ari garen eta oraindik ere zenbat borrokatu beharko den”, azaldu du Ane Etxezarreta Realeko zentral beasaindarrak.
Garazi Muruaren mezu honekin geratuko gara: “Politena neska txikiei sortzen diezun ilusioa ikustea da”.
Atsegin handiz hartu dut parte hitzaldian jokalari puska hauekin.
Mila esker laurei. Eredu zarete.
Gogoratu: topaketa osoa hemen ikus dezakezu.