Ia konturatu gabe joan zaigu! Hain azkar pasatu da aurten Euskal Encounter 26, konturatu orduko joana zen! 60 Giga segundoko abiaduran! Iaz baino 20 gehiago!

Marka guztiak hautsi ditugu: abiadura izugarria, bai, baina, horretaz gainera, 5.000 ordenagailu, zazpi futbol-zelairen tamainako lekua, milaka bisitari... eta sekulako giroa, urtero bezala. Leku askotatik etorri da jendea gurera: Madrildik, Andaluziatik, Valentziatik, Frantziatik... Hiperespazioko gure abiadura probatu nahi zuten denek, eta zibersegurtasunari buruzko azken-azken berriak jakin, droneen eta irrati-kontrolen lasterketak ikusi, errealitate birtualaz gozatu herensuge baten bizkar gainean... Eta Fernando Canales gure sukaldariaren esperientzia gastronomiko birtuala probatu!

Eta jokatu, nola ez! Hearthstone, Clash Royale, Counter Strike: Global Offensive, Fifa 18Gamegune kirol elektronikoen gure lehiaketa gustukoeneko finalik ikusgarrienak izan ditugu partyan. Pentsa: 16.000 euro banatu dira saritan! Bide batez, hasi prestatzen uda osteko hurrengo Gamegunerako: azaroan izango dira finalak, eta 32.000 euro banatuko dira saritan.

Baina hori baino askoz gehiago izan dugu aurtengo Encounterren. Esate baterako, sarean milaka jarraitzaile dituztenyoutuberrak, hala nola José Luis Crespo, Pascu y Rodri eta Xuri Fenton. Etorkizuneko YouTube nola ikusten duten azaldu digute. Eta retroa ere oso atsegin dugunez, gure gurasoek bideo-jokoekin nola jokatzen zuten ere ikusi dugu. Inoiz aipatu dizute Space Invaders martetarren bideo-jokoa? Bada, harekin zebiltzan denak duela 40 urte! Galdetu gurasoei ea zerikusirik baduen gutako batzuei loa ere kentzen diguten Fortnite edo Candy Crush jokoekin…

Eta, nola ez, gure Opengunea, partyko espaziorik irekiena, Encounterreko protagonista nagusietako bat izan da aurten ere. Milaka lagun pasatu dira 15.000 m2-ko doako espazio horretatik teknologia-guruek diotena entzuteko eta, batez ere, guztioi gehien gustatzen zaiguna egiteko: nobedadeak probatu eta botoiak sakatu! A! Aurten, gainera, Netflixen eta haren telesail guztien stand bat izan dugu. Izan ere, Netflix-en botoia erantsi dugu 4K deskodetzaile berriaren urrutiko agintean. Eta software librea, hardwarea pertsonalizatzeko aukera izugarriak (modding), camp teknologikoa…

Guk kontatu ordez, animatu, eta zatoz datorren urtean! Hasiak gara dagoeneko Euskal Encounterren 27. edizioa prestatzen. Beraz, egon adi aukera izan nahi baduzu gure partyko ordenagailuetako bat ziztu bizian erabiltzeko... Eta, nobedade teknologiko guztien berri izan nahi baduzu, ez huts egin Opengunen!

Aurtengo Euskal Encounterren egon bazara, idatzi iruzkin bat, eta esaguzu nola ibili zaren!