Itsasargiak itsasontziak lehorrerantz gidatzen dituen argi horiek dira. Baina, erabilgarritasun praktikoaz gainera, Euskadiko kostaldeko 250 kilometroetan aurkitzen ditugun eraikin bereziak dira. Haien bidez, gure historiatik ikasten dugu, gure ondarea balioesten dugu eta paisaia ederrak aurkitzen ditugu.

Abuztuaren 7a Itsasargien Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadiko itsasargirik onenen sekretuak ezagutzera eramango zaitugu. Ba al zatoz?

arosEuskadi-FaroMatxitxako

Matxitxakoko itsasargia

Matxitxako lurmuturrak, Euskadiko punturik iparraldekoenak, bi itsasargi ditu: zaharra, 1852tik 1909ra funtzionatu zuena; eta berria, gaur egun martxan dagoena.

Burdinurtu ijeztuzko kupula batek koroatzen du eraikina; han kokatzen da itsasargiaren argia.

1915ean, gertaera gogoangarri bat izan zuen: itsas ekaitz baten erdian, gutxi gorabehera 10.000 hegazti migratzailek haren kontra egin zuten talka, argiak erakarrita. Kalte larriak jasan zituen.

Santa Katalina itsasargia

Euskadin bisitatu dezakezun itsasargi bakarra Santa Katalina itsasargia da. Haren barnean, Nabigazioaren Interpretazio Zentro bat dago. Han, itsas bidaien sekretuak ezagutzeaz gainera, bidaia birtual bat egin ahal izango duzu itsasontziz, itsasargiaren argiaren babesean.

Itsaslabar baten ertzean dago, Antzoriz lurmuturrean dago, Lekeitiotik hurbil. Ez utzi ikusi gabe ikuspegia haren terrazetatik.

FarosEuskadi-FaroGorliz

Gorlizko itsasargia

Modernoa eta abangoardista da Gorlizko itsasargia. Itsas mailatik 165 metrora dago, eta Kantauri itsasoan altuerarik handienean dagoen itsasargia da.

Billano lurmuturrean dago, Uribe eskualdean, eta aukera ematen du Bizkaiko kostaldearen ikuspegi zoragarriez gozatzeko... eta baleak ikusteko, edo, behintzat, horixe zen jatorrizko asmoa.

Santa Klara uharteko itsasargia

Donostiako Kontxako badian, itsasargi bat dago Santa Klara uhartean. Itsasontziz txango bat eginez joan zaitezke haraino.

Cristina Iglesias eskultoreak, Hondalea instalazioarekin, itsasargiaren etxea zaharberritu eta eraldatu du, arroka, olatu eta bidexkaz inguratutako eskultura-ingurune original bihurtuta.

FarosEuskadi-FaroSantaCatalina

Igeldoko itsasargia

1855ean eraiki zuten. 14 metroko dorrea du, eta, gaur egun, 26 miliako irismena. Dorrearen goialdera igotzeko, harrizko eskailera kiribil eder bat dago.

Igeldo mendiaren magalean dago, Donostiako gunerik ezagunenetako batean.

Getariako itsasargia

San Anton mendia Getariako sinboloa da: Getariako arratoia. Hantxe dago Getariako itsasargia; 21 metroko dorre bat da, eta hari atxikia dago farozainaren etxea.

Portutik ateratzen den bidezidorra hartzea proposatzen dizugu, eta zure oinetan duzun itsas eta mendi-paisaiaz gozatzea.

Zumaiako itsasargia

Urola ibaiaren bokaletik hurbil zegoen eremua arriskutsua zenez, 1870ean Zumaiako itsasargia eraiki zen. Portuaren, Santiago hondartzaren eta itsaslabarren ikuspegi zabala du.

Nabarmenak dira haren teilatu-hegalen eta kupularen kolore urdin bizia.

Higer lurmuturreko itsasargia

Estilo neoklasikoa du, Frantziako itsasargiak gogorarazten dituena. Higer lurmuturreko itsasargia Hondarribian dago, eta Bidasoa ibaiaren bokalea seinalatzen du.

1855ean jarri zen martxan, baina harrezkero hainbat suntsiketa eta berreraikuntza izan ditu. Gaur egun, kanpin bat du ondoan, eta haren inguruan badira zenbait mendi-bide.

FarosEuskadi-FaroArriluze

Arriluzeko itsasargia

Getxon, Begoñako puntan, itsasargi-baserri bitxi bat aurkitzen dugu: Arriluzeko itsasargia. 1939an jarri zen martxan, eta haren argiak Bilboko itsasadarra argitzen du.

Neoeuskal estiloko eraikina da, eta harrizko egitura du, uraren gaineko arkupeetan eutsia.

Platako itsasargia

Ipuinetako gaztelu baten antza du. Halakoa da Platako itsasargia, Ulia mendian.

Zergatik du Plata itsasargia izena? Hareharri batzuen gainean dago, eta harri horiek zilar-kolorea hartzen dute itsasoak bustitzen dituenean.

Mendiaren eta itsaslabarraren artean dagoenez, itsasargi ezagunenetako bat da, eta kondaira ugari ditu. Liburu eta mitoen protagonista da.

Kontatu guri, Euskadiko zein itsasargi ezagutzen dituzu?

Irudia: Matxitxakoko itsasargia, Santa Katalina itsasargia, Gorlizko itsasargia, Arriluzeko itsasargia.