Gure jokalariak bidea zabaltzen ari dira emakumezkoen futbolak etorkizun hobea izan dezan, eta erreferentzia bihurtu dira gazteentzat, eredu gisa ikusten baitituzte. Emakume borrokalari apartak, kirol profesional oso maskulinizatuan urratsak egiten ari diren hainbat eta hainbat neska gazte ordezkatzen dituztenak.

Eta, batez ere, inork ez bezala ordezkatzen dituzte Euskaltelen defendatzen ditugun balioak: aukera-berdintasuna, aniztasuna eta edozein eratako diskriminazioa baztertzea.

Horregatik, urte asko daramatzagu emakumezkoen talde hauen ondoan, haiekin batera aurrera eginez: Athletic Club, Real Sociedad eta SD Eibar.

Eta gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna denez, Euskaltelen omenaldia egin nahi diegu kirolari horiei, eta eskerrak eman nahi dizkiegu gizartearen alde egiten duten guztiagatik.

Ahalegin- eta lorpen-istorioak

Iraia Iturregi

Iraia Iturregi Athleticeko lehoien entrenatzailea da. Eta harrigarria iruditzen zaio “gaur egun oraindik ez izatea emakume bakar bat ere gizonezkoen 1. edo 2. mailako taldeetako staff teknikoan. Fisio, mediku, psikologo eta nutrizionista bakar batzuk badaude, baina zelaiko teknikaririk ez (2. entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, atezainen entrenatzailea, analista…)”. Baina ziur da iritsiko dela garaia.

Aurrera egiteko erabakiaren adibide bat da bera. 15 urte eman zituen futboleko elitean, eta lehenengo emakumezko jokalaria izan zen Athleticen 100 partida jokatzen; guztira 400 partidatan jokatu, eta 64 gol egin zituen. Zuri-gorrien bigarren taldea entrenatu zuen bi denboraldiz, eta, gaur egun, emakumezkoen lehenengo taldearen entrenatzailea da.

Uste du lan asko dagoela egiteko, baina onartzen du gauza bat: “Maila sozialean, normalizatuagoa dago neskato bat futbolean aritzea”.

Iraiarentzat, berdintasuna da “talde bateko buruzagiek posturako pertsona egokiena iruditzen zaiena kontratatzea; berdin dio gizonezkoa edo emakumezkoa den. Aukera-berdintasuna pertsona baten gaitasunen arabera, generoa kontuan hartu gabe”. Hala azaldu zigun hemen osorik ikus dezakezun elkarrizketa honetan.

Arene Altonaga, SD Eibar

Arene Altonagak SD Eibar taldean jokatzen du, Ana Junyent-en gidaritzapean. Iberdrola Ligako lehen mailako talde baten buru den emakume bakarretako bat da Junyent.

Ikastolako taldean jokatzen hasi zen jokalari eibartarra. “Lehen gertatzen zen moduan, ez zegoen nesken talderik, eta mutilekin jokatu behar izaten nuen”, azaldu zigun elkarrizketa batean. Garai hartako oroitzapen onak ditu: “Nire betiko lagunak ziren, eta haietako bat nintzela sentiarazten zidaten. Asko zaintzen ninduten, eta babestu egiten ninduten egoera deserosoak sortzen zirenean beste taldeetako jokalariekin. Lehen ez zen ohikoa futbolean neskak ikustea, eta mutiko batzuek ez zuten jasaten neska batek irabaztea”.

Arene Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da. Orain arte, nahiz eta onartzen zuen ez zela erraza, moldatzen zen bi lanak uztartzeko. Baina, denboraldi honetan, “ezinezkoa" gertatu zaio futbola eta lana uztartzea: "Aurten bietako bat aukeratu behar izan dut, eta, oraingoz, futbolaren alde egin dut”.

Erabaki zaila izan da, dioenez, baina “zorionez edo zoritxarrez, futbolak iraungitze-data du. Ahal dudan bitartean, futbolaz gozatzen jarraitu nahiko nuke”.

Emakumezkoen futbolak izan duen bilakaerari dagokionez, zera dio: “Asko egin du aurrera azken urteotan, baina nahi genukeen baino polikiago. Egunero urrats txikiak egiten dira profesionalizazioaren bidean, baina uste dut bide luzea geratzen dela oraindik”.

Ane Etxezarreta, Real Sociedad

Ane Etxezarreta Real Sociedadeko erdilaria da, eta haren esperientziaren berri izan genuen duela hilabete batzuk Euskaltelek antolatutako “Emakumea eta kirola” jardunaldi birtualean.

Jardunaldi hartan, Garazi Murua (Athletic Club), Sheila Elorza (SD Eibar) eta Mai Garde (CA Osasuna) kideekin batera aritu zen.

Jokalari txuri-urdina eta haren kidekoak bat datoz: “Bide luzea dago egiteko gizonen aukera berdinak izateko”.

Aho batez dihardute lanean Emakumezkoen Futbol Liga profesionala lortzeko.

Etorkizuneko belaunaldientzat utziko duten ondare bat: "Harrotasunez adierazi nahi diegu zenbat borrokatu garen, zenbat borrokatzen ari garen eta oraindik ere zenbat borrokatu beharko den", azaldu zuen Anek egun berezi hartan.

Horregatik da hain garrantzitsua emakumeen taldeak babestea. Urte asko da Euskaltelek horren aldeko apustua egin zuela, guretzat berdintasuna konpromiso sozial bat baita, emakumezkoen kirola agerikoago egingo duten kirol- eta kultura-ekimenak babesten jarraitzera bultzatzen gaituena.

Eta “Emakumea eta kirola” bezalako jardunaldiak “lagungarri dira gure aletxoa jartzeko jokalari horiei guztiei esker lortzen ari garen agerikotasunaren alde. Haien hitzek “gizarteko estereotipoak eraisten laguntzen digute denoi, gizonei eta emakumeoi”, azaldu zuen han Berta Álvarez Euskaltelen Giza Baliabideen zuzendariak.

Hemen duzu jasoa jardunaldi osoa, Martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Egunerako inspirazio-iturri izan dakizun.

Eskerrik asko guztioi zuen ereduagatik.