Hemen da Express Zinema Jaialdia. Film laburren Portugaleteko lehiaketa irailaren 26an itzuliko da, betiko mamiarekin, kultura eginez ondo pasatzea, baina berrikuntza batzuekin, gaur egungo egoera dela eta. Lehen aldiz, streaming bidez emango dira 10 ordu baino gutxiagoan egindako film laburrak. Luxu bat! Jaialdiaren zuzendari Iván Miñambresekin hitz egin dugu, aurtengo edizioari buruz eta beste gauza askori buruz.

Aurtengo kartelean ate bat ikusi dugu, zabalik. Zer helarazi nahi duzue irudi horrekin?

Jaialdiaren irudi grafikoa deskonfinamenduaren hasieran egin genuen... Orduan hasi ginen Express Zinema Jaialdiaren edizio berriarekin lanean.

Helarazi nahi genuen mezua ateak ireki eta kalera irtetearekin zegoen lotua. Kanpoaldea argiaren bidez irudikatzen dugu, eta argi horrek kultura irudikatzen du; konfinamenduaren ondoren berriro sentitzen genuen argia.

Atea negatibo zinematografiko bat da, eta horrekin esan nahi genuen Portugalete munduari erakusteko modu bat dela zinema.

Akaso poetikoegiak izan gara, asko adierazi nahi genuen diseinu oso minimalista bat erabilita, baina egia da jendeari asko gustatu zaiola.

Festival Cine Express 2020

Nola egokitu duzue jaialdia gaur egungo egoerara?

Muinari eusten saiatu gara. Parte-hartzaileek beren lanak 10 ordu baino gutxiagoan egin behar dituzte, eta hori egiten duen Espainiako lehiaketa bakarra da gurea. Gainera, filmen proiekzioak eta sari-banaketa ere egunean bertan egiten dira.

Hortik aurrerakoan, osasun-agintariek jarritako neurrietara moldatu behar izan dugu. Parte-hartzaileei egiten diegun harrera aldatu dugu, editatzeko estazioak segurtasun-tarteekin jarriko ditugu, maskarak eta gela emango dizkiegu eta abar. Beharrezkoa den guztia, indarrean dauden protokoloei jarraituz.

Gainera, filmak ez dira modu presentzialean proiektatuko, ez eta sariak eman ere. Horren ordez, streaming bidez egingo dugu proiekzioa, 21:00etan, eta edonork ikusi ahal izango du, munduko edozein tokitan dagoela ere.

Lehen aldiz, zuen webgunean proiektatuko dituzue film laburrak. Beharrak areagotu egiten du buru-azkartasuna krisi honetan?

Edizio guztietan argitaratzen ditugu egindako film laburrak Youtubeko kanalean. Baina aurten, lehenengo aldiz, zuzenean eta streaming bidez emango ditugu filmak eta sari-banaketa, film laburrak eman eta bi ordura.

Erronka tekniko handia da, baina egin egin nahi dugu, zinemaldiaren funtsari eusteko. Beti baloratzen da oso ondo parte hartzen duten taldeek beren lanak egunean bertan ikusi eta partekatu ahal izatea. Ez da gauza bera barreak eta erreakzioak zuzenean entzutea, baina talde guztiek ikusi ahal izango dute gala hori Express Zinema Jaialdiaren Facebookeko kanalean egun horretan bertan, irailaren 26an, 21:00etan.

Egia da egoera honek pentsarazi egin digula, eta galdera hau egin diogu gure buruari: zergatik ez egin emisio hori streamingean, Portugaleten modu presentzialean egiten den proiekzioa osatuz? Ikusle gehiago eta audientzia handiagoa izango genituzke. Krisi-egoeretan ere beti ikas dezakezu zerbait, eta aukera berriak ikusi.

Konfinamendu-garaian, jaialdiaren bertsio bat egin zenuten etxean. Nolako esperientzia izan zen?

Geure etxeetatik eta modu espontaneoan egun batzuetarako aisialdia eskaini genuen, eta zoragarria izan zen.

Express zinemaren kontzeptu bera zen, baina etxetik egina. Istorio haiek eraikitzeko, etxe desberdinetako eta familia desberdinetako jendea elkartu zen.

Bi-hiru egunetan antolatu genuen dena, eta erantzuna ikaragarria izan zen. Uste dut azkarrak izan behar dugula, eta asko ikasi behar dugula konfinamendu-garaiko elkartasunetik eta lankidetzatik.

Festival de Cine Express Iván Miñambres

12. Express Zinema Jaialdia egin duzue. Nola hasi zen dena?

Gazteak ginen, eta energiaz beterik geunden. Orain bezala, kar-kar. Aisialdia eta kultura elkartuko zituen zerbait egin nahi genuen. Ez genuen egin nahi parte hartzen ohituta ez dagoen jendea eroso ez sentitzeko moduko jaialdirik. Gure asmoa zen kultura jende guztiari hurbiltzea: kuadrillak, adineko jendea, gazteak, nerabeak, profesionalak, amateurrak... jendeak kulturaren jai gisa sentitzea jarduera hura.

12 urte igaro dira, eta uste dut lortu dugula hori. Auzotarrek inprobisatutako aktore gisa parte hartzen dute, dendak istorio asko filmatzeko set-ak dira, penintsula osotik etortzen zaigu jendea zinemaldiaren bidez Portugalete ezagutzera… eta egun horretan giro atsegina sortzen da parte-hartzaile guztien artean.

Bestalde, bigarren mailako helburu bat ere bazegoen, baina oso garrantzitsua: Portugalete, nire herria, ezagutarazi nahi genuen, modu desberdin eta berritzaile batean. Nahi genuen parte-hartzaileek herrian grabatzea beren istorioak, eta herriari buruzkoak izatea.

Zein da jaialdiaren funtsa?

Funtsa zen kultura eginez ongi pasatzea, aurreiritzirik gabeko laburrak sortzea,, eta kezka desberdinak dituen jendea ezagutzea. Horixe da oinarria. Formatuari dagokionez, mota honetako jaialdi bakarra da: 10 orduan baino gutxiagoan grabatzen da, Portugaleten bertan, eta egun horretan bertan ematen da gaiaren berri.

Hitz egin iezaguzu zeure buruaz. Zure azken proiektuak, "Homeless Home" delakoak, Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria jaso du. Sari hori lortu duen lehen film labur euskalduna da. Arranopola!

Izugarrizko sorpresa izan zen. Animazioan dihardugunontzat, Annecyn irabaztea benetako ametsa da. “Animazioaren Oscarra” dela esan dezakegu. Jaialdi ospetsua da, eta, gainera, jaialdiarekin batera, nazioarteko enpresa garrantzitsuenek parte hartzen duten azoka bat egiten da. Han egoten dira Netflix, Cartoon Network, Disney eta abar.

Han estreinatu genuen gurea. Lehen aldiz jarri genuen gure lana ikus-entzuleen esku, eta urduri geunden, ez genekien zer erantzun jasoko zuen... eta oso positiboa izan zen. Jendea film laburra online ikusten hasi zenean, mezu asko jasotzen hasi ginen istorioagatik zorionak emanez... baina ez genuen uste ezer irabaziko genuenik.

Urte luzez aritu ginen esaten ez genuela inoiz lortuko, espainiar estatuko inork ez zuela inoiz lortu... Baina gertatu egin zen; Epaimahaiaren Saria irabazi genuen, eta proiektuaren nazioarteko ibilbiderako abiapuntu garrantzitsua izan da. Hain zuzen ere, joan den astean Nazioarteko Film Labur Onenaren saria jaso genuen Pixelatl-en (Mexiko).

HOMELESS HOME Trailer from UNIKO on Vimeo.

UniKok, zure produkzio-etxeak, 10 urte daramatza Alberto Vázquezekin elkarlanean. Hiru Goya Sari atera dira tandem horretatik. Nola sortu zen lankidetza hori?

Albertorekiko harremana 2009an hasi zen. “Birdboy” film laburrean hasi ginen lanean, haren “Psiconautas” komikia abiapuntu hartuta (hura ere eraman zen pantaila handira).

Etengabe jarraitzen dugu harremanetan: asko gustatzen zaigu haren unibertso pertsonala, kontatzeko duen moduarekin identifikatuta sentitzen gara, eta, batez ere, elkar ulertu eta errespetatu egiten dugu, eta hori funtsezkoa da epe luzeko zuzendari-ekoizle harremanari eusteko.

Iván Miñambres

Zer proiektutan ari zara lanean orain?

Oso pertsona aktiboa naiz, eta bi egunean ere ez genuke elkarrizketa hau amaituko nire kontu guztien berri emango banizu. Baina prestatzen ari garen proiektu batzuk azalduko dizkizut.

Bi film labur ekoizten ari gara. “Loop” da bat, Pablo Polledrik zuzendua, Argentinarekin elkarlanean ekoitzia eta errutinei buruzkoa. Eta “Nacer” da bestea. Roberto Vallek zuzentzen du, eta mutiko txiki batek bere anaia jaiotzean sentitzen dituen emozioei buruzkoa da.

Bestetik, “Unicorn Wars-en ekoizpen-lanetan ari gara bete-betean. Alberto Vázquezez film luze berria da. Eta “Sultana’s Dream”en koproduzioan ere ari gara. Animaziozko beste film luze bat da, Isabel Herguera handiak zuzendua.

Eta beste proiektu batzuk ere badauzkagu martxan.

Nola ikusten duzu euskal ikus-entzunezkoen industriaren panorama?

Ukitua, baina ez hondoratua. Hilabete eta urte zailak datoz proiektuak aurrera ateratzeko. Ekoiztea lehendik ere konplexua da, eta gaur egungo egoerak ziurgabetasuna muturrekoa izatea eragiten du; baina gure lurraldean talentu izugarria dago, bai sorkuntzan, bai sail teknikoetan eta ekoizpen-sailetan. Nazioarteko arrakastak dira horren erakusgarri.

Orson Wellsek zioen film baten ohiko egoera ez existitzea dela, baina ziur nago sektorea gai izango dela proiektuak egiteko, hala eta guztiz ere.

Horretarako, egungo egoeraren konplexutasunaz jabetu behar dugu, etorkizuneko proiektuen garapenari lagundu, eta erakundeekin indarrak batu; eta herritar guztiak hurbilekoa ere babestera animatuko nituzke. Bertako merkataritza ez ezik, bertako kultura ere guztion erantzukizuna da.

Erabat ados gaude. Eskerrik asko hitzaldi interesgarri honegatik.

Portugaleten ikusiko dugu elkar!