Bakailaoa Club Ranero eran, pil-pilean, Bizkaiko erara, frijitua eta piperrekin, labean, tortillan, piper beteak… Badakizu zergatik dauden Bilbon hainbeste bakailao-errezeta? Diotenez, 1835ean José María Gurtubay enpresariak telegrama bat bidali zion bere hornitzaile ingelesari, 100 edo 120 bakailao gazitu eskatuz, eta hark nonbait “o” letra zero zela ulertu.... Eta 1000120 pieza bidali omen zizkion. Bilbo Lehen Karlistadan setiatua gelditu aurretik iritsi omen zen eskaera, eta, hala, biztanleak etekin ederra atera zioten bakailao hari: hiriko jakirik ezagunenetako bat bihurtu zen, eta ehunka errezeta sortu ziren.

Bitxia, ezta? Bada, hiriari eta hiriko biztanleei buruz dauden ehunka bitxikerietako bat baino ez da hori. Beste batek dio bilbotarrek hiztegi propio bat dutela, bilbotarrak baino ulertzen ez dituzten dozenaka hitzez betea. Adibidez, chirene: pertsona umoretsu, zirtolari , xelebre samar eta bromazale bat izendatzeko. Baina sinsorgo edo borono esaten badizute, hobe duzu isiltzea, chirenearen guztiz kontrakoa baita.

Ezagutu nahi dituzu munduko hiriburuari buruzko bitxikeria batzuk?  Zatoz gurekin.

  • Harino Panadera, Irala auzoaren jatorria. Ba al zenekien Irala kaleak Juan José de Irala y Arriolari zor diola izena? Enpresari bat zen, 1908tik 1916ra bitartean hainbat etxebizitza-eraikin egin zituena bere enpresako langileentzat (Harino Panadera). Juan José de Irala bere senideen okindegian hasi zen lanean (Alonso Hermanos zuen izena) 17 urte zituelarik, eta 1880an gerente izendatu zuten. Baina bi urte geroago, Hernani eta San Frantzisko kaleen artean banatutako negozio bat erosi zuen. 1902ko amaieran, Iralak Harino Panadera SA enpresa sortu zuen, eta bere langileentzako lau etxe laukoitz eraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen Udaletxean. Ekimenak sekulako arrakasta izan zuen, eta, hala, 1915ean, Alfontso XIII.a erregeak seigarren etxebizitza-etxadiaren lehen harria jarri zuen. Irala 1917ko otsailaren 10ean hil zen Iralabarri auzoko "Gure etxea" txaletean.
  • Nondik dator Carola garabiaren izena? Euskalduna ontziola desagertzean bizirik iraun zuen garabi bakarra da Carola. Gaur egun jauregia dagoen lekuan bertan dago. Itsas Museoaren aurrean dago, eta oraindik martxan zegoenean, itsasontzien piezak altxatu eta muntatze-eremura eramaten zituen. Dena den, izenaren jatorria da politena. Carola izeneko gazte batek itsasadarra zeharkatzen zuen egunero Sagrado Corazónera lanera joateko, eta ontziolaren instalazioak zeharkatu behar zituen horretarako. Gaztea oso ezagun egin zen; hainbeste, ezen langileek beren izena jarri baitzioten garabiari. Euskalduna ontziolak 1987an itxi arte jardunean egon zen Carola garabia.

  • Pitxitxi” trofeoaren jatorria Bilbotar ospetsuenetako bat Rafael Moreno Aranzadi da, Pitxitxi: Miguel de Unamunoren eta Telesforo Aranzadiren iloba zen:1892an jaio zen, Santa María kalean, eta Bizkaiko xabalina-jaurtiketa txapeldun izan zen arren, Athleticeko jokalari gisa lortu zuen ospea. Berak markatu zuen San Mameseko lehen gola inaugurazio-egunean, 1913ko abuztuaren 21ean, Irungo Racingen aurka, eta 1920an Selekzioak jokatutako lehen Olinpiar Jokoetako lehen partidan ere gol bat sartu zuen. 1926an, tifusaren ondorioz hil eta lau urtera, brontzezko busto bat egin zuen Quintín de la Torre eskultoreak Pitxitxiren omenez. Gaur egun ere, ia mende bat geroago, Katedralera lehen aldiz sartzen diren talde guztiek lore-sorta bat uzten dute Pitxitxiren eskulturan. Azkenik, 1953an, erabaki zen Pitxitxi saria sortzea Lehen Mailako Ligan gol gehien sartzen zituen jokalariarentzat.
  • Echániz su-hiltzailea eta Gargantua. Ba al da Gargantua ezagutzen ez duenik? Figura erraldoi bat da, haurrak irensten dituena, eta atzetik ateratzen, txirrista batetik irristatu ondoren. Clemente Antonio Etxaniz Ariznavarretak sortu zuen: arotz eta lan-maisua zen, gero su-hiltzaile bihurtua, eta Bilbok haren izena eman zion plaza bati. Etxanizek François Rabelaisen irudi bat egokitu zuen Euskadirako; zurezko panpina erraldoi bat eraiki zuen, baserritar itxurakoa, aurrean egokitzen zitzaion edozer eta edonor irensteko prest zegoena. Halako arrakasta izan zuen Gargantuak, ezen kalteren bat jasaten zuenean —esaterako, Bigarren Karlistadan lehergailu batek suntsitu zuenean—, berri bat egiten zen. Hiru aldiz egin zen berria! Gaur egun, Aste Nagusian Areatzara hurbiltzen diren haurrak irensten jarraitzen du. Panpinaren sortzailea, Antonio Echaniz, 1867ko ekainaren 7an hil zen, beste hiru lagunekin batera, Correo kaleko inprimategi batean izandako sute baten ondorioz.
  • Zergatik esaten zaio “Ingelesen Landa”? Askotan ibili gara han paseoan... hilerri bat izan zela jakin gabe. Ingelesen Landa Bilboko eremurik politenetako bat da: Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko kaian hasi (Salbeko zubiaren azpian), Guggenheim Museoaren aurretik pasatu eta Txurruka kaian amaitzen da Baina XVIII. mendearen bigarren erditik, hilerri bat izan zen, garai hartan Bilbon hildako britainiar guztiak hartzen zituena. Inguru hartako itsas eta merkataritza-jarduera handitu ahala, leku egokiago batera eramateko aukera aztertu zen, eta 1929ko maiatzean Loiura eraman zen hilerria, Gibraltarreko apezpiku anglikanoak bedeinkatu zuen lekualdatze-ekitaldiaren ostean. Urteak igaro ahala, Ingelesen Landa edukiontzien terminal gisa erabili zen Bilboren garai industrialean Eta, gaur egun, argazkiak egiteko gure leku kutunenetako bat da.
  • Bilboko baldosa. Ez dakigu zer jatorri duen, baina Bilboko baldosa sinbolo bat da, Donostiako Kontxako barandaren edo Gasteizko Zeledonen parekoa. Zapietan, baxeran, arropan, eskumuturrekoetan, xaboietan, tartetan… agertzen da. La Otxoak ere abesti bat eskaini dio! Ia 70 milioi baldosa daude Bilbon, 600.000 baino gehiago berritzen dira urtero, eta lehenengoak burdina-txirbilez eta harea lodiz egindako hormigoizkoak ziren. Erroseta formarekin diseinatu ziren, putzurik sor ez zedin Baina bilbotarren eta hiriko baldosaren arteko maitasun-harremana pikutara joaten da euria egiten duen egunetan. Badakizu zergatik? Baldosa batzuek ez diote ondo eusten lurrari, eta mugitu egiten dira zapaltzean. Eguraldi lehorreko egunetan ez da ezer gertatzen, baina euria ari duenean zapalduz gero, zipriztinez beteta bukatuko duzu. Horregatik esaten da “behetik gora egin du euria”. Galtzak, oinetakoak eta galtzerdiak blai dituztela agertzen direnek esan ohi dute.
Bilboko bitxikerietako batzuk baino ez dira hauek, askoz gehiago baitaude. Espezialitate dibertigarriren bat ezagutzen baduzu, bidali iruzkin bat! Zain izango gaituzu.