Azken Bertsolari Txapelketa Nagusian bizi izandakoak hunkitu egiten gaitu oraindik. Izan ere, zinez da hunkigarria ikustea nola Euskal Herriko bertsolaririk onenak gai diren ia 13.500 pertsona biltzeko. Nor dira historia egiten ari diren bertsolari horiek? Zer da bertsolari bat? Zer da Bertsolari Txapelketa Nagusia? Nor dira bertsolaririk ospetsuenak?

Galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko gara, bertsolaritzak bizi duen urrezko aroa ulertzeko.

Zer da bertsolari bat?

Bertsolariak euskaraz a cappella kantatutako bertsoak inprobisatzen ditu, melodia, errima eta metrika jakin bat baliatuz, eta gai-jartzaileak jartzen duen gai bati erantzunez.

Ikusten duzunez, arte benetakoa da, inprobisazioan oinarritzen den arren lan handia baitu atzean.

Zeresan ugari dute horretan bertso-eskolek; ehun baino gehiago daude Euskal Herri osoan zabalduta.

Bertsolarien lan- eta ikasketa-ordu horiei buru-argitasuna eta sormena gehitu behar zaizkie, bai eta umorea ere, eta beti egunean egoteko beharra, noski. Unean uneko gertakariez hitz egiten dute, hala bertsozaleengana eta, bereziki, gazteengana hurbiltzeko. Izan ere, gazteak funtsezkoak dira bertsolaritzak gaur egun duen arrakasta ulertzeko.

Eta, jakina, bertso-txapelketetako epaileak konbentzitzea ere nahitaezkoa da.

Euskal Herriko bertsolari-txapelketak

Euskal Herriko bertsolari-txapelketen jatorria ezagutzeko, historiara jo behar dugu.

Bertsolarien ahozko tradizioa landa-eremutik dator, baserrietatik, tabernetatik eta sagardotegietatik.

Bertsolari-txapelketek, baina, beste maila batera eraman zituzten bertsoak, beste agertoki batzuetara, aretoetara.

Lehenengo txapelketa 1935ean egin zen, eta Iñaki Eizmendi “Basarri”k irabazi zuen, 22 urte baino ez zituelarik. Bigarren edizioan, Txirritaren txanda izan zen. Eta, gero, 24 urte itxaron behar izan zen beste txapelketa bat ikusteko.

1960an egin zen, eta Basarrik irabazi zuen berriz; hurrengo hiru txapelketetan, ostera, Uztapidek jantzi zuen txapela.

1987an, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zen, eta, harrezkeroztik, berak antolatzen ditu beti txapelketak.

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Orain, berriz, aurrera egingo dugun historian, eta 2022ko txapelketa nagusira egingo dugu jauzi

Bertsolari-txapelketa nagusia lau urtez behin egiten da, eta Euskaltelek babesten du. Izan ere, euskara bultzatzea gure nortasunaren ezaugarrietako bat da, eta funtsezkoa iruditzen zaigu halako ekimenei laguntzea.

Esan bezala, zirraragarria izan zen 13.500 pertsona inguru pabiloi batean elkarrekin ikustea, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaz gozatzeko

Duela aste gutxi bizi izan genuen hori, eta ez da berriz izango halakorik 2026ra arte. Luze egingo zaigu maila horretako beste bertsolari-lehia bat ikusteko aukera izan arte. Maialen Lujanbiok irabazi zuen 2022koa, eta hirugarren aldiz jantzi zuen txapela.

Bertsolari hernaniarra dugu ezagunenetako bat gaur egun, baina gehiago ere badira.

Euskal bertsolari ezagunenak

Maialen Lujanbio puri-purian dago egun, guztion ahotan. Hirugarren txapela irabazi berri du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Garaipen historikoa izan zuen 2009koa, txapelketa nagusia irabazi zuen lehenengo emakumea izan baitzen.

Maialenek Amets Arzallus garaitu zuen orduan; Hendaiakoa da Arzallus, eta haren garaipen zerrenda ere ez da, ez, makala. Besteak beste, 2013an, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren garaile izan zen, lau aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari txapelketa, eta beste sari asko ere bai.

Andoni Egaña Txapelketa Nagusi gehien irabazi duen bertsolarietako bat da; 16 urtez eutsi zion txapelari, eta 2009an, Maialen Lujanbiok hartu zion txanda. Biak dira Asier Altunaren “Bertsolari” film dokumentalaren protagonistak, eta, haiekin batera, Joseba Zulaikak, John Miles Foleyk, Miren Amurizak eta Jon Sarasuak ere parte hartzen dute. Nahi izanez gero,Filminen daukazu ikusgai; oso film gomendagarria da.

Ospe handia lortu duten bertsolarietako batzuk baino ez dira horiek, askoz luzeagoa baita zerrenda.

Haiei guztiei esker, mailarik gorenean dago bertsolaritza.

Eskerrik asko!

Irudia: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022