Dena ikusia zenuelakoan al zeunden? Bada, ez; ezta hurrik eman ere. Udaro, gailu teknologikoz gainezka egon ohi dira onlineko salmentako webguneak, eta beti gauza bera galdetzen diogu gure buruari: Baina nola bizi nintekeen gailu hauek gabe! Hobe duzu, bestalde, kreditu-txartela edo smartphonean aldean ez eramatea horrelakoetan; bestela, seguru zerbait erosten duzula. Eskerrak denborak dena sendatzen duen... Beraz, zenbatu 10eraino izugarri gustatzen zaizun gailu horietakoren bat ikusten duzunean. Ez bazaizu berehalakoan joaten erosteko grina, 20raino zenbatu. Edo 30eraino, 40raino...

Eguzki-kargagailudun txanoa

Punta-puntako gailua, udako estilismorik onena eta always on teknologia uztartzen dituen asmakaria:  moda-modako txanoa, eguzki-kargagailua duena. Baina, nola liteke orain arte asmatu ez izana zer zoragarri hori! Ohar bat iPhoneren erabiltzaileoi: iOS 10earekin ez dabil, oraingoz, baina, lasai, gailuaren asmatzaileek arazoa konpontzear dute eta. Gainera, kolore ugaritakoak dituzu, kamuflajekoak... Barra-barra ari dira saltzen!

Haizagailu-txanoa

Eta energia berriztagarrien aldekoak garenez, nahitaezkoa dugu beste gailu zoragarri hau ere, zeinak jasangarritasuna eta freskotasuna Fashion Week onenaren pareko diseinuarekin uztartzen baitu. Oraingoz, Perún bakarrik dago salgai, baina hango merkatua ase orduko iritsiko dira Europara eta mundu osora. Ezinbestekoa.

Argidun sandaliak, umeentzat

Iritsi da, azkenik, hondartzan zure umea kontrolpean edukitzen lagunduko dizun produktu bat. Irudika dezagun egoera: abuztua da, Zurriolan zaude, jendez beteta dago hondartza, egun zoragarria egiten du... Baina, halako batean..., umea ez da inon ageri! Ai, ama! Bila hasten zara, baina hainbeste jende dago. Une bat, mesedez: zerbait ikusi duzu. Sandalien argiak itsutu egin zaitu, agian? Ez, ez duzu argia ikusi. Baina jende-pila bat dago zure umearen inguruan, haren sandaliei begira. Lortu duzu helburua: erreskatatu duzu haurra. Zuk sandaliak behar dituzu, eta umeari ikaragarri gustatuko zaizkio.

Ellipse giltzarrapo adimenduna

Txundituta utziko zaitu gailu honek. eta, ikusi orduko, eskatu egingo duzu Goi-segurtasuneko giltzarrapo adimendun horri esker, hondartzara, lanera..., noranahi joan zaitezke, eta ondo babestuta utzi bizikleta, lanean ari zaren edo eguzkia hartzen zauden bitartean. Alerta-abisu bat bidaliko dizu mugikorrera lapurreten aurkako sistemak, inor bizikleta mugitzen saiatzen bada 240 metroko irismena du sistemak. Altzairu indartuz egina da giltzarrapoa, eta bankuetako sistemen antzekoa du enkriptazio-maila. ETA KOLEKTIBOA DA! Hau da, zuk nahi duzunari utz diezaiokezu bizikleta, giltzarrapoa urrutitik zabalduta. Jada ez duzu zertan kezkatu giltzak hondarretan galdu bazaizkizu edo bulegoan utzi badituzu.

Patinete-maleta

Ene bada! Baina, nolatan egiten dituzte horrelako gauzak! Mundu osoko aireportuetako bidaiari-terminalak patinetez zeharka ditzakezu, maleta zeurekin duzula. Ikusgarria! Arazo bakarra du: ezin da kabinan eraman eskuko ekipaje gisara. 60,5 cm altu da, hots, hegazkin-konpainiek onartzen duten neurria baino 5 cm luzeagoa. Beraz, jo aireportura garaiz, ekipajea fakturatu aurretik pixka batean patinatzeko.

Aire-arazgailu eramangarria

Hainbeste urtez inongo justifikaziorik gabe zokoratuta egon ondoren, hemen da berriro ionizagailua..., eta formatu eramangarrian, gainera! Azkenik, ohartu da bakarren bat aire-arazgailu ahaltsu horren abantailez: ezinbestekoa da zure lagunekin partekatzen duzun Interrail trenaren bagoiko kiratsa ezabatzeko, edo Honduraseko oihanean aurkitu duzuen hostelekoa garbitzeko. Ataka gaizto batetik baino gehiagotatik aterako zaitu!

Ostruka-burkoa

Eta guztietan onena, azkenerako utzi duguna. Asper-asper eginda zaudela bulegoan edo aireportuetako igarotze-eremuetan lo-kuluxkatxo bat lasai egiterik ez dagoela eta? Bada, kito arazoa. Ostruka-burkoaren diseinua ikuste hutsarekin ohartuko zara zenbat lo-ordu galdu dituzun lehenago ez erosi izanagatik. Polita da, praktikoa, eta izugarri gustatzen zaigu. Arazo bakarra, honako hau: hain produktu erakargarria izaki, berehala saltzen dela. Izakinik gabe geratu da banatzailea, behin-behingoz. Beraz, sartu webgunean, eta sakatu F5-a behin eta berriro, ea bat lortzen duzun. Ikusten zaituzten guztiei emango diezu inbidia.

Politak dira, ezta? Bada, milaka daude! Eta ziur gaudenez zuk ere izan duzula bakarren bat erosteko tentaldirik, idatzi iruzkin bat, eta esaguzu zein den munduan zehar ikusi duzun gailurik xelebreena. Zain gauzkazu!