Onar ezazu: ez dakizu zure smartphonerik gabe bizitzen. Hura gabe ogi bila ere ez zara joaten; ia zure gorputzaren parte da. Eta, hala ere, nola tratatzen duzu?

Askotan, landareekin gertatzen zaigu gauza bera gertatzen zaigu mugikorrekin ere: ez ditugu guk nahi edo behar ditugun bezainbeste zaintzen. Diotenez, smartphoneak sei hilabete igaro ondoren hasi ohi dira huts egiten. Baina, esaguzu: Hura zaintzeko ezer egiten duzu, zorro polit-polit bat eta pantaila-babeslea jartzeaz gain? Inoiz irakurri dituzu, azaletik bada ere, hura zaintzeko jarraibideak? Erantzuna ezezkoa bada, hartu kontuan zure mugikorraren bizitza luzatzen lagunduko dizuten aholku hauek.

  1. Ez itxaron bateria deskargatuta egon arte kargagailua konektatzeko. Duela urte batzuk, bateriak nikel metal hidrurozkoak edo nikel kadmiozkoak zirenean, komeni zen bateria guztia kontsumitzea mugikorra kargatzen jarri aurretik. Baina orain litio-ioizkoak eta litio-polimerozkoak dira, eta ez dute “oroimen-efekturik”; beraz, guztiz hustu baino lehen karga ditzakezu. Eta komenigarria da, gainera, % 15era iritsi aurretik egitea. Fabrikatzaileek gomendatzen dute bi-hiru hilean behin karga-ziklo oso bat egitea, mugikorrari “gogorarazteko” non dauden % 0 eta % 100 balioak.
  2. Ez erabili “fake” kargagailurik. "Dena euro batean" dendetan saltzen dituzten kargagailu merke asko kalitate eskaseko materialez eginak daude, eta ez dute energia erregulatzen laguntzen duen kontrolatzailerik. Kontrolatzaile horiek eteten dute zure terminalaren energia-fluxua bateria erabat kargatuta dagoenean, mugikorrak entxufatuta jarraitzen badu ere. Ez erabili horrelakorik; bateria honda dezakete, eta, horrez gain, deskarga elektrikoak nahiz suteak eragin. Eta abiadura handiko kargagailu bat behar baduzu, lehenengo egiaztatu zure mugikorraren fabrikatzaileak baliozkotzat jotzen duela.
  3. Kargatzerakoan, zorroa kendu. Mugikorra sarera konektatzen duzun bakoitzean, elektrizitatea eta beroa injektatzen ari zara. Eta silikonazko edo plastikozko zorroa kentzen ez badiozu, are gehiago berotuko da.
  4. Saihestu beroa eta hotza. Lehengoari dagokionez, ziur inork ez duela zalantzarik: litio-ioizko bateriei gerta dakiekeen gauzarik txarrena da gehiegi berotzea. Baina, nork ez du inoiz entzun mugikorra izozkailura sartuz gero bateriak energia-txute bat jasotzen duela? Bada, ez da egia: ez du hobeto funtzionatzen, eta hondatu egiten da. Zure mugikorra oso tenperatura baxuetan jartzen baduzu, zure bateria gehiago ematera behartuko duzu eta lehenago agortuko da. Baina kontuz. Horrek ez du esan nahi hoztuta egon ezin denik: tenperatura oso altuak eta oso baxuak saihestu behar dira.
  5. Ez kargatu inoiz ekaitzak jotzen duenean. Hori bera esan genezake etxetresna elektriko guztiei buruz. Sare-iragazkiek tentsio elektrikoaren gorabeherak jasaten dituzte, baina ez tximistak; beraz, badakizu, ekaitzak jotzen duenean, deskonektatu mugikorra.
  6. Konektoreak garbi eduki. Gure smartphoneak gordetzen ditugun poltsetan eta poltsikoetan kotoi-hondarrak, hariak, hautsa eta abar metatzen dira, eta litekeena da hondar horiek zure telefonoaren portu eta konektoreetara iristea. Horregatik, komeni da noizean behin garbitzea, kontuz-kontuz. Eta pantaila garbitzean, gogoratu inoiz ez duzula egin behar kristalak garbitzekoarekin edo amoniakoa duten detergenteekin, jan egingo baitute.
  7. Etsairik handiena: hezetasuna Ura eta hezetasuna dira zure mugikorraren etsai nagusiak. Zure mugikorra urpean sartzeko modukoa bada ere, saiatu urarekin ez jolasten, saihestu kondentsazioa eta ez eraman inoiz saunara.
  8. Bi urte baino gehiago baditu, kontuz eguneraketekin. Zure mugikorrak bi urte bete baditu, zorionak! Gutxi heltzen dira adin horretara. Baina, hemendik aurrera, kontuz ibili fabrikatzailearen eguneratzeekin. Askotan, softwarea hardwarearen aurretik doa, eta hardwarea ez da gauza eguneratze berriekin errendimendu bera eskaintzeko. Beraz, zure Smartphonearekin jarraitu nahi baduzu, softwarea eguneratu aurretik beste erabiltzaile batzuen iritziak bilatu, behin eguneratzeak eginda ez baitago atzera bueltarik.
  9. Erabili hodeia. Zure mugikorrak edo zure txartelak oraindik memoria badute ere, hobe duzu hodeia erabiltzea zure fitxategiak gordetzeko; hala, telefonoak azkarrago funtzionatuko du, eta, gainera, ezustekoren bat izanez gero, leku seguru batean gordea izango duzu guztia.
Aholku hauei eta sen onak agindutakoei jarraitzen badiezu, zure mugikorrak asko iraungo du. Eta kontuan izan behar dugun besteren bat ezagutzen baduzu, idatzi iruzkin bat!