Arene Altonaga armaginak onena eman nahi du denboraldi honetan SD Eibar taldean Beste denboraldi bat Euskaltelen babesletzarekin. Izan ere, Euskal Herriko kirolean berdintasuna eta konpromisoa bultzatzen jarraitzen dugu. Aurten zer helburu dituen, futbolean nola hasi zen, eta askoz gehiago kontatu digu jokalariak.
Zer moduz hasi duzue liga?
Oso ondo. Taldean ez da ia aldaketarik izan fitxaketei dagokienez, baina lan egiteko modua eta joko-sistema nabarmen aldatu dira. Denbora behar izan dugu kontzeptu horiek guztiak barneratzeko eta praktikan jarri ahal izateko, baina oso ondo ari gara lehiatzen, taldea oso elkartuta dago, eta azken hilabeteotan egin dugun lanaren emaitzak ikusten hasi dira pixkanaka. Taldea finkatuz joan da denbora honetan. Astetik astera hobeto dagoela erakutsi du, baina oraindik asko hobetu dezakegula uste dut.
Bestalde, azken bi jardunaldien ostean, taldeak konfiantza hartu duela iruditzen zait. Ilusioa dugu, eta lehiatzeko eta zer egin dezakegun erakusteko irrikan gaude. Gainera, denbora luzez lesionatuta egon diren jokalariak berreskuratzen ari gara. Laguntza handia izango da hemendik eta denboraldi-amaierara.
Denboraldi honetan, entrenatzaile berria duzue. Primera Iberdrolako talde bat zuzentzen duen seigarren emakumea da Ana Junyent. Zer moduzko fitxaketa da?
Uste dut agerian geratu dela entrenatzaile bikaina dela: profesionala, gertukoa, lehiakorra eta nortasun handikoa. Argi eduki du hasieratik zer nahi zuen taldearengandik eta nola jokatu behar genuen. Tresnak ematen dizkigu jokalari hobeak izateko, bai banaka, bai taldean. Uste dut berak nahi duen taldea izatea lortzen ari garela pixkanaka.
Klubak zer erronka du aurten?
Uste dut gure helburuak izan behar duela lehenengo mailan irautea. Bigarren urtea da Iberdrola Ligan, eta aldaketa asko izan ditugu, bai klubean, bai joko-estiloan. Klubak gero eta gehiago egiten du emakumezkoen taldearen alde, baina prozesu bat da, eta bide onean goazela uste dut.
Lehenengo mailan irauteak izan behar du helburu nagusia”
Eta zuk zer helburu ezarri dituzu denboraldi honetarako?
Lehenengo helburua, garrantzitsuena, lesio larriak saihestea da. Hortik aurrera, gustuko dudanaz gozatzea, egunerokoaz gozatzea, kontzeptu berriak barneratzea eta ahal dudan guztia ikastea nire kide eta entrenatzaileengandik. Ahalik eta kondizio onenetan prest izatea da asteroko helburua, ahalik eta gehiena emateko zelaian, eta helburu nagusia lortzen laguntzeko taldeari. Baina nire bertsiorik onena izatera iristea da benetan gustatuko litzaidakeena.
Zer sentitzen duzu berriro publikoarekin jokatuta?
Publikoa berriro harmailetan izatea albiste handia da. Guztioi gustatzen zaigu harmailak betetzen direla eta gure familiartekoak, lagunak eta zaleak gertu ditugula ikustea.
Zuretzat zein dira taldearen balioak?
Laguntasuna, ahalegina, umiltasuna eta grina. Uste dut borroka egiten duen eta erraz makurtzen ez den taldea garela, azken unera arte gogor lan egiten duena. Horretarako, funtsezkoa da elkarri ematen diogun laguntza, guztiok batera egin dezagun bide bera.
Uste dut borroka egiten duen eta erraz makurtzen ez den taldea garela, azken unera arte gogor lan egiten duena”
Zergatik aukeratu zenuen futbola eta ez beste kirol bat?
Gure etxean, aita beti izan da oso futbolzalea, eta txiki-txikitatik kutsatu dit futbolarekiko maitasuna ; baina beti esaten dut ahizpari esker hasi nintzela futbolean jokatzen, ikastolako taldean jokatzen baitzuen. Aitak ahizparen partida guztiak ikustera eramaten ninduen, eta atsedenaldietan haren kide baten nebarekin batera sartzen nintzen jokatzera.
Txikitan tenisean ere jokatzen nuen, baina une batean zer kirolekin jarraitu erabaki behar izan nuen. Azkenean, futbola hautatu nuen.
Nolakoa izan zen hasiera?
Ikastolako taldean jokatzen hasi nintzen. Lehen gertatzen zen moduan, ez zegoen nesken talderik, eta mutilekin jokatu behar izaten nuen. Oroitzapen oso onak ditut urte haietaz; nire betiko lagunak ziren, eta haietako bat nintzela sentiarazten zidaten. Asko zaintzen ninduten, eta babestu egiten ninduten egoera deserosoak sortzen zirenean beste taldeetako jokalariekin. Lehen ez zen ohikoa futbolean neskak ikustea, eta mutiko batzuek ez zuten jasaten neska batek irabaztea.
Nola uztartzen dituzu futbola eta bizitza pertsonala: ikasketak, lana…?
Une honetan, niretzat ezinezkoa da futbola eta lana batera egitea. Aurten bietako bat aukeratu behar izan dut, eta, oraingoz, futbolarekin geratu naiz. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz, eta orain arte, zaila izan arren, bi gauzak egiteko konpondu izan naiz. Zaila da bata ala bestea aukeratu behar izatea, baina futbolak, zorionez edo zoritxarrez, iraungitze-data dauka. Ahal dudan bitartean, futbolaz gozatzen jarraitu nahiko nuke.
Zein izan dira zure erreferenteak emakumezkoen futbolean?
Txikitatik izan naiz Athleticekoa, eta emakumezkoen Athleticeko urterik onenak bizi izan ditut, zorionez. Hala, Itziar Gurrutxaga, Iraia Iturregi eta bestelako emakumezko erreferenteak izateko zortea izan dut. Gizonezko erreferenteak ere izan ditut, besteak beste, Andrés Iniesta, Pirlo eta Julen Guerrero. Zure posizioan jokatzen duten eta gustuko dituzun gaitasunak dituzten jokalarietan jartzen duzu begirada.
Nola ikusten duzu emakumezkoen futbolaren bilakaera?
Futbolak bilakaera handia izan du azken urteotan, baina nahi genukeen baino polikiago ari da aldatzen. Egunero urrats txikiak egiten dira profesionalizazioaren bidean, baina bide luzea geratzen da oraindik.
Eskerrik asko, Arene. Eta zortea izan dezazula denboraldi honetan.
Gora armaginak!!