Bi konpromiso nagusi ditugu apirileko agendarako: batetik, euskara eta, bestetik, indarkeriarik gabeko kirola. Baina badakigu, bai, aste santua ere apirilean izango dela aurten... Eta jarduera asko prestatu ditugu hil guztian, nahieran aprobetxa ditzazun. Etorri nahi duzu gurekin?

Korrika

Tipi tapa, tipi tapa, tipi tapa… Korrika!  Edo, hobeto esan: Klika Korrika, klika gure erritmora! Oraindik ez duzu ikasi Korrikaren aurtengo kanta? Bada, argi ibili, gainean da eta! Hilaren 4an hasiko da Garesen, eta, handik aurrera, korri eta korri!: 11 egunez, 2.000 kilometro egingo ditu lasterketak, Gasteizera iritsi arte.

Aurten, baina, keinu huts bat baino gehiago izango da Klika Korrika: heldu da hitzetik konpromisoetara pasatzeko garaia, gizarteko alor guztietan. Aurten, euskararen normalkuntzaren aldeko eta euskararen erabilera aktiboaren aldeko konpromisoa erakutsiko dugu, iaz  Euskaraldian egin genuen bezala. Gainera, aurtengo edizioan Txillardegi omenduko da, euskararen batasunaren alde gehien lan egin zuen pertsonetako bat. Izan ere, euskara batuak 50 urte beteko ditu aurten; eta ospatu beharra dago hori, euskararen normalkuntzaren aldeko mugarri nagusia baita.

Ospatuko al dugu lasterketa batzuen bidez? Jakin nahi baduzu zein den euskal tropelari kilometro batzuetan laguntzeko ibilbidea, egin klik hemen. Zure zain egongo gara!

Kiroleko indarkeriaren aurka

Oso kirolzaleak gara: bat egiten dugu kirolaren balioekin, eta haren alde egiten dugu eremu guztietan: maila inklusibotik profesionalera. Errespetu handia diegu kirolari guztiei, edozein delarik haien arraza, generoa, sexu-joera edo beste edozein alderdi. Hori kontuan harturik, bat egin dugu WATS  taldearekin.

“Indarkeriazko jarrerak, irainak, liskarrak, errespetu faltak... amaitzea nahi dugu. Euskaltelen, urrats bat egin nahi izan dugu aurrera, eta, WATSekin batera, kirolaren munduko indarkeriaren aurkako telefono-zenbaki bat aurkeztu dugu”.

688 655 099 da zenbakia. Haren bidez,  WATS  taldeko adituekin jar zaitezke harremanetan, kirol-eremuko indarkeria-kasuei buruzko edozein kontsulta egiteko. Berdin dio zer kirol den, edo zale, jokalari, arbitro, entrenatzaile, trebatzaile edo jokalari baten guraso zaren. Bidali WhatsAppeko mezu bat 688 655 099 zenbakira, eta WATS taldeak, aztertu, eta 24 orduko epean erantzungo dizu, pribatutasun osoz.

Aste Santua

Aste Santuko prozesioen eta ospakizunen artean, Balmasedakoa da ikusgarrienetako eta dramatikoenetako bat. Herriko 500 lagun inguru ateratzen dira zuzeneko gurutze-bide batean: Ostegun Santuan hasten da, eta Azken Afaria, Baratzeko Otoitza eta Jesusen Atxiloketa antzezten dira. Ostiral Santuan, berriz, Pilatoren epaitegia, Judasen urkamendua eta gurutziltzaketa. Benetan ikusgarria.

Gipuzkoan oso ezagunak dira Azkoitiko prozesio solemneak, bai eta Hondarribikoak ere; Kristo gurutziltzatua gurutzetik jaisteko unea antzezten dute han, gortina beltz baten atzean. Baina dena ez da otoitz eta erlijio-antzezpen Aste Santuan.

Bilbon, Basque Festa ospatzen da, euskal kulturaren festa handi bat, besteak beste musika, herri-kirolak, zinema eta gastronomia uztartzen dituena hilaren 17tik 20ra bitartean.  Beraz, aspertzeko beldurrik ez Aste Santuan!

Eta etxetik gertu egon nahi baduzu, gogoan izan Euskadiko txokorik ikusgarrienak izenburuko sarrera bat daukagula blogean; eman begiratu bat, egun-pasa ederrak egiteko plan ugari baitituzu hor.

Zer iruditzen zaizkizu gure proposamenak? Iradokizunik baldin badaukazu, ez izan zalantzarik: idatzi iruzkin bat, eta eman zure proposamenaren berri. Zure zain egongo gara!