Maiatzeko lehen ostiralean ospatzen da "Antxua Eguna" Getarian. Aukera paregabea da jaki hori dastatzeko, txakolina, musika eta askoz gehiago lagun dituela. Hain zuzen, Getariako 2025eko "Antxua Eguna" maiatzaren 2an izango da, eta asteburu osoan izango dira jarduerak, igandera arte, Arrantzale Eguna ospatzen den arte. 2025eko antxoaren festako egitarau osoa kontatuko dizugu hemen.

Antxoa eta txakolina sustatzen dira Antxua Egunean, eta, bide batez, arrantza-sektorearen eta sektore horretan lan egiten duten pertsona guztien balioa erreibindikatzen da.

Antxoari buruz ikasteko aukera egokia izaten da, erakusketak, hitzaldiak, lantegiak eta lonjetarako bisitak antolatzen baitira; eta, nola ez, antxoak (parrillan, frijituta edo gazituak) dastatzeko aukera izaten da.

Getariako 2025eko "Antxua Egun"eko egitaraua

antxoa eguna getaria 2025
Irudia: Getaria Udala

Esan dizugun bezala, Getariako 2025eko "Antxua Egun"eko hitzordu nagusia maiatzaren 2a (ostirala) izango da; 12:30ean hasiko da, Balentziaga Museoan, Zilarrezko Antxoaren Aitortzak banatzen direnean.

Arratsaldean helduko da antxoak parrillan dastatzeko unea pilotalekuan, txakolinarekin edo sagardoarekin batera. Trikitilari- eta txistulari-taldeek girotuko dute festa.

2025eko Antxua Egunaren egitarauak jarraipena izango du maiatzaren 3an, larunbatarekin, txikientzako jarduerekin eta erakusketa, lantegi eta musikarekin.

Getariako 2025eko Antxuaren Jaia maiatzaren 4an (igandea) amaituko da, Arrantzale Egunaren ospakizunarekin. Jarduera nagusiak goizean hasten dira, Gipuzkoako Trainerilla Liga, "Antxua Egun"eko bandera, arrantzaleen aldeko meza eta itsasoaren bedeinkapena egiten direnean.

Maiatzak 2, ostirala

  • 12:30. Balentziaga Museoa: Zilarrezko Antxoaren XIII. Aitortzak.

  • 18:30. Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru dantza-taldearen ekitaldia, Gazte Alaiak txistulariekin. Ondoren, animazioa EinGO taldearen eskutik.

  • 19:00 – 21:00. Pilotalekuan: antxoa-dastaketa eta musika (antxoak parrillan, txakolina, sagardoa txotxean eta artisau-garagardoa).

Maiatzak 3, larunbata

  • 10:00 - 14:00. Getariako lonja: Izan Arrantzale, Kofradia-Itsas Etxekoa, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Doako jarduerak:

  • 10:00 - 11:30. Itsasoko eskulanak.

  • 11:30 - 12:30. Itsasoko esperimentuak.

  • 12:30 - 14:00. Arrantza-tailerra.

  • 10:00 - 14:00. Saregileen lanaren erakusketa.

  • 11:00 – 13:30. Itsasontzientzako soken tailerra Albaolaren eskutik.

  • 12:00 - Deiadar txaranga

  • 18:00 - Pilotalekuan: euskal mitologiari buruzko haurrentzako jolasak.

  • 19:00 - Salbatore Deunaren elizan: San Salvador eta Ganbara abesbatzen emanaldiak.

Maiatzak 4, igandea

  • 10:45 - Arrantzaleen omenezko meza Getariako koruarekin, itsasoaren bedeinkapena Artzapen, eta erretiratutako arrantzaleei omenaldia.

  • 11:00 - Gipuzkoako Trainerilla Ligako 4. jardunaldia, "Antxua Egun"eko XIII. bandera.

  • 18:00 - Pilotalekuan: Herri Kirol Jaialdia

  • 18:00 - Kale-animazioa Deiadar txarangarekin.

2025ean beste jarduera batzuk ere izango dira beste egun hauetan:

Maiatzak 6, asteartea: "Izan Arrantzale" lantegia Getariako Iturzaeta eskolako haurrentzat Kofradia-Itsas Etxearen eskutik.

Maiatzak 17, igandea: "Antxua Egun"eko VII. bela-estropada.

Antxoaren historia eta tradizioa Euskadin

Antxoa Euskadi

Benetan gozoak eta osasungarriak dira gure antxoak. Baina jateko gozo horren atzean ahalegin ugari eta tradizio luze bat daude, antxoak kostaldetik gure mahaietara eramateko aukera ematen digutenak.

Ez dago zalantzarik antxoa, edo bokarta, dela euskal kostaldeko eta Kantauri itsasoko arrain urdin preziatuenetariko bat.

Baina beharbada ez duzu jakingo italiar gazitzaileek hasi zutela Euskadin antxoaren negozioa XIX. mendearen amaieran.

Zehazki, jarduera horri buruzko lehenengo lekukotza idatzia 1886koa da; hain zuzen, Bermeoko Udalak Angelo Parodi Fu Bartolomeo sozietateari gazitze-industrian aritzeko emandako udal-baimen bat.

Oliotan kontserbatutako antxoa, gaur egun ezagunena, ez zen iritsi 1914 arte, urte hartan hasi baitziren Ondarroan eta beste portu batzuetan pixkanaka kontserba-mota hori ekoizten.

Euskadiko kostaldean arrantzatutako antxoaren kalitateaz jabetzen hasi ziren garai hartan. Haien zapore bikainaz gainera, oso ugariak ziren. Hala, 1960ko hamarkadako urte batzuetan "bandera-egunak” ezarri behar izan zituzten: egun horietan ontziak ezin ziren arrantzara atera, dagoeneko harrapatuak zituzten antxoen eskaintza ugaria ez areagotzeko.

Antxoaren arrantza Euskadin

Gaur egun, antxoaren denboraldia udaberrian eta udazkenean izaten da, eta ale mamitsuenak apiriletik ekainera harrapatzen dira, batez ere, uraren tenperaturaren eraginez.

Inguraketa-sareak dira metodo erabiliena: gainazalean sardak osatzen dituzten arrainak arrantzatzeko modu jasangarri bat.

Antxoak gazitzea

Antxoa

Gazitzea da kontserbazio-modu nagusia. Teknika erraz eta eraginkorra da, eta gatz larria eta oliba-olio birjina estra baino ez dira behar.

Lehenik eta behin, burua eta tripak kendu behar zaizkie antxoei.

Ondoren, gatz-geruza finen artean jartzen dira antxoak, barrika itxi eta prentsatuetan.

Sei hilabeteren buruan atera eta garbitu egiten dira, gatza kentzeko.

Azkenik, xerrak ateratzen dira, isatsik eta azalik gabe, eta oliba-olioz betetako potoetan sartzen dira. Horrela iristen dira gure mahaietara kontserbako antxoak.

Antxoen propietate eta onurak

Antxoak luzangak dira, 12 zentimetro ingurukoak. Txikienak aproposak dira frijitzeko, eta handienak kontserbarako erabiltzen dira. Gainera, antxoak arrautza-irinetan pasatuta edo frijituta afari tipikoa dira antxoa-garaian, eta gazituak ezinbestekoak dira gilda on batean.

Antxoarik onenak hautatzeko, erreparatu haien koloreari: marroi arreak izan behar dute, pixka bat gorrixkak, eta kolore uniformekoak. Zenbat eta freskoagoak izan, orduan eta kolore biziagoa edukiko dute.

Iparraldeko jaki preziatuenetariko bat da antxoa. Izan ere, gozo-gozoa izateaz gainera, osasun-iturria ere bada. Omega-3 gantz-azido ugari du, eta proteina-, bitamina- eta mineral-iturri aberatsa da. Hala, gaixotasun kardiobaskularrak eta hesteetakoak prebenitzen eta kolesterol- eta triglizerido-mailak jaisten laguntzen du.

Getaria: Elkano, Balentziaga, baleak eta antxoak

Getaria

Irudia: Getariako Udala

Gipuzkoako herri honek lotura handia izan zuen garai batean baleen arrantzarekin (herriko armarrian ere agertzen da balea bat). Gainera, Juan Sebastian Elkano itsasgizonaren eta Cristobal Balentziaga diseinatzailearen sorterria izateagatik ere ezaguna da.

Baina Getaria ez litzateke Getaria izango kairik eta arrantzalerik gabe. Herriaren beraren eta San Anton uhartearen artean dago kaia; Kantauri itsasoko portu babestuenetariko bat da, eta erreferentea baxurako arrantzan.

Getariako erdigunean dago lanerako eta aisialdirako toki hau. Izan ere, ostalaritzako establezimendu ugari ditu inguruan, eta bertakoek nahiz bisitariek Kantauri itsasoko arrainik onenez gozatzen dute haietan.

Kontserba-enpresak eta lantegiak Getarian

Getariako portuan hainbat kontserba-enpresa daude, belaunaldiz belaunaldi igaro diren artisau-tekniken bidez prestatzen dutenak antxoa; haien adibide dira, esate baterako, Oliveri eta Salanort.

Lantegi batzuetan (esate baterako, Anchoas Maisor lantegia, antxoa gazituen xerratan espezializatua) Getariako benetako antxoari testura eta zaporea mantenduta xerrak nola ateratzen zaizkion irakasten dute.

Dasta ezazu Kantauri itsasoak Euskadiko kostaldera ekartzen digun arrain osasungarri eta zaporetsuenetariko hau.

Horretarako aukera paregabea izango duzu Getarian maiatzaren 2an (ostirala) 2025eko "Antxua Egun"ean, kulturak, musikak eta gastronomiak bat egiten duten egunean.