Bizikidetza eta sexu-, identitate- eta genero-dibertsitatearen errespetua. Horixe da Zinegoak jaialdiaren helburua. Gaylesbitrans Bilboko zinemaren eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da, Euskaltelen erabateko babesarekin. Aurten Alaitz Arenzana artista bilbotarra du gidari.
Zinegoak jaialdiaren zuzendari artistiko berriarekin hitz egin dugu, aurten transmititu nahi duten mezuaz, jaialdiko nobedadeez eta “Nola izan/esan bollera euskaraz” proiektuaz, besteak beste.
Hemen duzue elkarrizketa osoa.
Zer aldarterekin heldu diozu Zinegoak jaialdiaren buru izateari?
Ilusio, konpromiso eta konfiantza handiarekin, jaialdiko lantaldea bikaina eta oso profesionala baita.
Zer erronka dituzu?
Jaialdiak elkartzeko, gogoetarako, eztabaidarako eta sentsibilizaziorako gune izaten jarraitzea, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea. Eta bizikidetzarako eta sexu-, identitate- eta genero-dibertsitatearen errespeturako behar den eraldaketa sozialaren parte izatea.
Zer nobedade izango dira jaialdian?
Programazioko film bikainez gain —gomendatzen dizkizuet—, jarduera asko izango ditugu: pieza eszenikoak, mahai-inguruak, proiekzio alproja samarrak, musika-kabaret baten estreinaldia, liburu baten aurkezpena eta podcast baten sorkuntza, besteak beste. Baina, gainera, nazioarteko hainbat zuzendari eta epaimahaikideren bisita izango dugu. Horrez gain, Albertina Carri ere gurekin dugu, Zinegoak 2022 ohorezko sariduna, Latinoamerikan eta Europan aitortzarik handiena duten zinemagileetako bat.
Zer eragin izan du osasun-egoerak zinemaldiaren antolamenduan?
Estresagarriagoa izan da; izan ere, A plana eta B plana landu behar dira, eta lan bikoitza da. Baina, zorionez, badirudi %100eko edukiera izango dugula.
Aurten, etiketarik gabe izendatua izateko eskubidea aldarrikatzen du Zinegoak programak. Zer helarazi nahi duzue mezu horrekin?
Nor garen, nor izan nahi dugun eta elkar nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatu nahi ditugu, ikuspegi ireki batetik begiratuz dibertsitate sexualari, orientazio desberdinei, genero-identitateari edo sexualitatearekin lotutako beste edozein elementuri.
Edizio honetako kartelek euskarazko hitzak biltzen dituzte dibertsitate sexuala izendatzeko. Nola sortu zen ideia hori eta 'Nola izan/esan bollera euskaraz' proiektua?
‘Nola izan/esan bollera euskaraz' proiektua June Fernandez kazetariarekin eta Amaia Alvarez Uria ikertzailearekin lankidetzan aritzeko proposamen batetik sortu zen. Haiek lanean hasi ziren, eta, prozesua oso interesgarria izan denez, erabaki dugu bigarren urtez jarraian proiektuarekin jarraitzea. Gainera, zinemaldia zabaltzeko kanpainaren barruan sartu nahi izan dugu, uste baitugu primeran adierazten duela zer garen edo zer izan nahi dugun aldarrikatzeko eta berrasmatzeko ideia hori.
Jaialdiak harrera ezin hobea du Euskadin, iaz 18.000 parte-hartzaile izan baitziren. Zer deritzozu arrakasta horri?
Jaialdia beharrezkoa dela eta jendeak hura nahi eta behar duela; eta horrek indar eta kemen handia ematen digu horretan lanean jarraitzeko.
Euskaltel eta Zinegoak elkarren eskutik ibili gara duela ia bi hamarkadaz geroztik. Zuentzat garrantzitsua al da proiektu honi lagunduko dioten laguntzaile sendoak izatea?
Funtsezkoa da jaialdiarentzako; kolaborazio horiek gabe, ezinezkoa izango litzateke. Izugarri eskertzen dugu konpromiso hori.
Nolako istorioak ikusiko ditugu aurten pantailan?
Inguruan errealitate gordinak izanagatik diren huraxe izaten jarraitzeko borrokatzen diren pertsona batzuen istorioak. Eragozpenei erabakimenez aurre egiten dieten pertsonen istorioak. Kasu askotan, pertsona horiek bazterketa eta errepresioa jasaten dute, eta babesa eta asiloa bilatzen dute. Baina itxaropenez betetako istorioak dira, askotariko erreferentziak erakusten dituztenak eta beste pertsona askoren egoerak ulertzen eta haietatik ikasten laguntzen digutenak.
Gainera, joan den udan GIBa eta hiesa ofizialki aurkitu zirenetik 40 urte bete zirenez, gai hori ardatz duten zenbait lan ditugu, hausnarketa artistiko eta kritikoak planteatzen dituztenak gaixotasun horri buruzko “moralaren eta gizarteko iritziaren” inguruan.
Eskerrik asko, Alaitz Arenzana, berriketaldi honengatik. Zineman ikusiko dugu elkar!
Ikusten duzunez, istorio pila bat duzu zain Zinegoak-en. Hemen dituzu aurtengo programazioaren xehetasun guztiak.
Ospatu dibertsitatea!