Nor naiz
Gotzon Mantuliz naiz, abenturzalea, animaliazalea eta naturazalea. Erizaintza ikasi nuen EHUn, baina beti izan dut leku eta kultura berriak ezagutzeko, bidaiatzeko, grina. Eta horretan aritzen naiz batik bat: munduan zehar esperientzia berriak bizitzea eta erronka berriak gainditzea da nire egitekoa. Noa izeneko txakur txiki bat dut, nirekin joaten dena alde guztietara.Euskaltel bloga. Zer bidaia ari zara egiten elkarrizketa hau egin bitartean?Gotzon Mantuliz. Etxean nago orain; itzuli berria naiz Hego Amerikatik, han hilabete egin ondoren, eta datorren astean Alpeetara joango naiz GoProrekin. Egun batzuk ditut, beraz, atseden hartzeko eta indarberritzeko.
E.B. Ongi etorri! Eta zenbat denbora ematen duzu etxetik kanpo?G.M. Bidaiaren arabera, gehiago ala gutxiago. Batzuetan 3 egun, eta beste batzuetan, berriz, hilabete. Tarte horretan, gutxi gora behera. Bidaia guztiak batuz gero, urtean lau hilabete inguru ematen ditut etxetik kanpo.
E.B. Eta zer sumatzen duzu gehien faltan etxetik kanpo zaudenean?G.M. Oro har, hain dira bizi eta trinkoak bidaiak, ez dut izaten astirik ezer faltan sumatzeko. Dena dela, beti gogoratzen naiz lagunekin eta etxekoekin, batez ere une bereziren bat bizitzen ari naizenean edo abenturari jarritako helburua betetzen dudanean.
E.B. Planeta erdia ezagutzen duzu dagoeneko. Zein da ezagutzea gehien gustatuko litzaizukeen lekua?G.M. Mundua hain da handia eta askotarikoa, milaka leku eta erronka ditut buruan. Adibidez, Australia zeharkatzea, elurretako lehoinabarra ikustea Nepalen, urpean igeri egitea Galapago uharteetan…
E.B. Badakigu Afrika leku berezia dela zuretzat, baina zer leku aukeratuko zenuke erretiroa hartzen duzunerako?G.M. Ez dut sekula hartu nahi erretiroa! Gaur egun bezala jarraitzea da nire asmoa: bidaiak prestatzea munduan zehar, eta bi bidaiaren artean etxera itzultzea. Bidaietan adineko jendearekin topo egiten dudanean, haien ausardia eta bizipoza miresten ditut. Beraz, abenturazale beterano bat izan nahi dut gero ere, munduan zehar dabilena motxila bizkarrean hartuta!
E.B. Gogoan duzu bidaia batean bizitako esperientziarik bereziena?G.M. Bakana eta errepikaezina da bidaia bakoitza. Une berezi asko bizi izan ditut azken urteetan, eta oso zaila da bat aukeratzea: aurora boreala ikustea, Afrikako hirugarren mendirik garaieneko gailurrera iristea oihanean 6 egun eman ondoren, mendiko azken gorilak ikustea, marrazo baleekin batera igerian egitea, ilunabar zoragarri bat ikustea elefantez inguratuta…
E.B. Aizu, eta noiztik ari zara munduan zehar bidaiatzen?G.M. Bada, gogoratzen naizenetik. Dokumental eta liburuetan barrena ere asko ibilia naiz. Nire kontu ibiltzeko gai izan bezain laster, etxetik atera eta mundua ezagutzera joan nintzen. Europatik hasi nintzen: 14 urte nituela, Ingalaterrara joan nintzen familia baten etxera. 16 urterekin, lanean eman nuen uda bat Irlandan, eta, gero, ikasle nintzelarik, lanean jarraitu nuen, bidaiak egin ahal izateko oporretan.
E.B. Hori zenuen helburu, bidaiatzea?G.M. Hori izan da beti gehien gustatu zaidana eta poz gehiena eman didana. Mundua ezagutu nahi nuen, baina ez nekien nola egin zaletasun horretatik bizitzeko.
E.B Lagungarri izan zitzaizun horretarako El conquistador del Fin del Mundo saioan parte hartzea? Zer izan zen hori zuretzat?G.M. El Conquistador del Fin del Mundo nire lehen abentura handia izan zen. Leku berriak aurkitzeko eta nire mugak non zeuden ikusteko akuilu ezin hobea izan zen. Esperientzia izugarria izan zen, eta oso oroimen ona dut bizi izandakoaz.
E.B. Eta haren aurretik, nor zen Gotzon Mantuliz? Zertan aritzen zen?G.M. Bada, haren aurretik ere, betikoa zen Gotzon. Garai hartan, Erizaintza ikasten ari nintzen Unibertsitatean. Karrerako bigarren urtean ari nintzen, eta artean ez nekien seguru nondik jo ikasketak amaitu ostean. Karrera bukatu nuen, eta nire bizitzak buelta asko eman ditu harrez geroztik.
E.B. Bakarrik bidaiatzen duzu? Eta Noa? Zurekin joaten da?G.M. Bidaiaren arabera. Neska-lagunarekin, bakarrik eta lagunekin ere joaten naiz. Noa, berriz, nire adiskiderik leialena da; beraz, nirekin etortzen da ahal dudan guztietan, baina batzuetan ezinezkoa da. Bidaia batzuk harengan pentsatuz antolatzen ditut, berak ere ahalik eta gehien goza dezan. Azken batean, berak ere badu oporrak hartzeko eskubiderik, ezta? Jajaja.
E.B. Beti esan izan duzu ordaindu egiten dizutela zerorrek egiteagatik ordaindu egingo zenukeen gauza batzuk egiteagatik. Azaldu formula, mesedez...G.M. Egia esan, oraindik ezin dut sinetsi. Zorte izugarria dut. Ametsen atzetik ibili naiz beti, haiek egia bihurtzeko ahaleginean. Orain konturatzen naiz urteetan zehar egindako gauza askok ekarri nautela gaur egun nagoen lekura. Garrantzitsuena da jakitea zer gustatzen zaizun, horri eustea eta helburuak lortzeko gogor lan egitea. Ez da etsi behar!
E.B. Eta ingurumena babestearen aldeko kanpaina solidarioetan ere parte hartzen duzu. Bateratu daiteke dena?G.M. Lotuta dago, nik uste. Zenbat eta bidaia gehiago egin, garbiago ikusten dut nolako zortea dugun planeta honetan bizi garenok: bizia gainezka nonahi, natura, animalia liluragarriak... Guztion ardura da bizileku dugun mundua zaintzea; nahikoa hondamendi eragin ditugu dagoeneko.
E.B. Hainbat enpresa dituzu babesle, hala nola Corona, Gopro, Reebok… Hau da, aisia, abentura eta kirolarekin zerikusia dutenak. Jabetuko zara sekulako inbidia eragiten digula horrek, ezta?G.M. Jajaja. Orain urte batzuk esan izan balidate zer babesle izango nituen, ez nukeen sinetsiko. Zorte handia da niretzat hain marka sendoak izatea nire proiektuak babesten eta laguntzen.
E.B. Zerikusirik izan dute sare sozialek babesle horiek guztiak lortzeko?G. M. Bai, gauza asko lortu ditut sare sozialei esker, Instagrami esker batez ere. Baina, bereziki, nire abenturetan laguntzaile eta jarraitzaile ditudan guztiei esker. Sare sozialak oso kanal egokiak dira zure proiektuak edo zure bizimodua partekatzeko, baina, azken batean, jendeak ematen dio benetako balioa zure lanari. Zorte ikaragarria dut, eta eskerrak eman behar dizkiot jende horri guztiari; gogoan dut beti pantailaren atzean dagoen jendea, haiei esker egiten baitute aurrera nire proiektuek. Beraz, % 100a ematen saiatzen naiz beti, gogor lan egiten, ikusi nahi duten edukia eskaini ahal izateko nire jarraitzaileei. Aukera hau baliatu nahi dut ESKERRIK ASKO esateko, bihotz-bihotzez, nire jarraitzaile guztiei!
E.B. Noiz hasi zinen zure zaletasunak sareetan partekatzen?G.M. Instagramen, duela hiru urte inguru; Twitter eta Facebooken, lehentxeago hasi nintzen.
E.B. 100.000 jarraitzaile dituzu Instagramen eta 2.000tik gora harpidedun Youtuben. Zenbat lortu nahi zenituzke?G.M. Duela oso denbora gutxi hasi naiz Youtuberekin. Instagramen partekatzen nituen bidaiei buruzko bideoak eskatzen zizkidan jendeak, eta beraz, horri buruzko edukiak sortzen hasi naiz. Baina sekula ez dut pentsatu zenbat mila jarraitzaile lortu nahi ditudan. Bidaietako argazkiak partekatzen hasi nintzenean, ezin nuen pentsatu ere egin orain nagoen punturaino iritsiko nintzela. Beraz, emaitza edozein dela ere, pozgarria izango da niretzat!
B.E. Zein dituzu hurrengo helburuak? Zer egin nahiko zenuke hemendik urte batzuetara?G.M. Proiektu pare bat ditut urte berrirako, ilusio handia egiten didatenak; bestalde, bi abenturari ere ekingo diet Coronaren laguntzaz, eta ez dira, ez edonolakoak! Ea orain arte bezala jarrai dezakedan urte batzuetan oraindik. Gauza asko eta asko egin dut bizitzan, baina auskalo zer daukadan oraindik egiteko...
E.B. Hemen izango gara gu, haien guztien berri emateko! Eskerrik asko eta zorte on!