Joan den asteburuan sutan egon zen GameGuneren Twitch kanala. Eta ez zen gutxiagorako: “Valorant” onlineko txapelketaren finala jokatzen zenez, izugarria zen ikusmina. Azkenean, KPI taldeak irabazi zuen GameGuneren 24. edizioa; GameGune da, hain zuzen, Euskaltel Fundazioak antolatzen duen esport txapelketarik beteranoena.
Onlineko txapelketa
Azken-azken unera arteko tentsioa, casterak platoan txapelketaren xehetasun guztien berri ematen, eta “Valorant”en milaka jarraitzaile txapelketa etxetik ikusten GameGuneren Twitchen, streaming bidez.
Finalean, KPI eta Saw izan ziren aurrez aurre, eta 4.500 bistaratze izan ditu jada; txapelketaren finalerdiak, berriz, 10.400 bisita izan ditu dagoeneko. Hortik atera kontuak.
Izan ere, jarraitzaile sutsuak ditu “Valorant”-ek.
15 milioi jokalari mundu osoan
Riot Gamesek arrakasta izugarria izan du duela urtebete merkaturatu zuen “Valorant” jokoarekin. Shooteraren mugikorrerako bertsioa doan aterako du laster, eta etengabe eguneratzen ditu jokoaren edukiak, agente eta kokapen berriak erantsiz. Beraz, badugu pixka baterako; gustura asko egongo dira “Valorant”ek dituen 15 milioi jokalariak!
Egia esan, arrakastaz arrakasta ari da Riot Games. Azkena, “League of Legends” arrakastatsuaren egokitzapena. Marrazki bizidunen seriea oinarri harturik, “Arcane” izenburuarekin plazaratu du, eta Netflixen dago jada ikusgai.
GameGune zuzenean jarraitzerik izan ez bazenuen, sartu Twitch-en kanalean, eta bizi final handia.
Eta asteburuan ikusi baldin bazenuen, esaguzu: zer iruditu zitzaizun txapelketa?