Sara Merinok eta Nerea del Moralek, aspalditik, jende guztiari erakutsi nahi zioten zer plan, leku ezkutu eta bazter dotore dituzten gogoko Urdaibain, beren etxean. Eta sei hilabete besterik ez zuten behar izan Urdailife.com sortzeko. Gida digital bat da, Bizkaiko Biosferaren Erreserbak dituen txokorik onenez bete-betean gozatzeko, baleak ikusteko itsasontzia hartzearekin hasi eta Elantxobeko igerileku naturalean bainu bat hartzeraino. Gaur, Urdailife.com webgune bat baino askoz gehiago da: komunitate bihurtu da, eta gai da, bere proposamenekin, baita Urdaibaiko bertako biztanleak ere harritzeko.

Euskaltel bloga. Ikus dezagun: Zer egiten dute bermeotar batek, katalan batek, ur-txakur batek eta “arraza guztietako” txakur batek “toki” berean? Eta ez da txiste bat.

Sara Merino. Egia esan, aski talde bitxia osatzen dugu, eta dibertigarria izango da gu ikustea, batez ere txakurrekin ateratzen garenean, ze, gainera, oso izaera... berezia dute biek. Ahal dugun guztietan Urdaibai Biosferaren Erreserbara joaten gara planen bila, txoko berezien bila eta ikusgarria den edozeren bila, gero Urdailife webgunean eta sareetan aholkatu ahal izateko.

E.B. Esaguzue nola hasi zen kontu hau. Eta, tira, behin hasiz gero, baita nork sortu zuen proiektua ere, zergatik…

S.M. 2017ko urtarrilean, Urteberri eguneko asmoa egin genuen: goizero-goizero igerilekura joatea. Gero, sari merezia ematen genion geure buruari gosari gisa Bermeoko portuko terrazatxo batean, Izaro uhartea begien aurrean genuela. Eta amets ero bati bueltak ematen hasi ginen: webgune bat egitea leku berezi horiek argitaratzeko eta erakusteko nola bizi garen gu Urdaibain. Uda iritsi zen, eta badirudi udak energia ematen duela proiektu berriei ekiteko. Orduan uretaratu ginen (inoiz baino egokiago esanda, kasu honetan), eta hala jaio zen ofizialki Urdailife.

E.B. Urdailife... Mmm, a ze itxura ona: webgune bat planak egin ahal izateko munduko lekurik ederrenetako batean… edo ederrenean?

S.M. Garbi dago guretzat ederrena dela, baina, bidaiariak garen aldetik, badakigu lehiakide zoragarriak dituela. Urdaibairen bereizgarria zera da: lurralde txiki batean era askotako paisaiak biltzea, gustu guztietarako esperientziak eskaintzea, oso kultura berezia izatea eta izaera oso... gutarra! izatea. Ulertuko baduzu, etorri egin behar duzu eta hemengo jendearekin ibili. 

E.B. Eta orain, inork irakurtzen ez duela aprobetxatuta... astia izan duzue, benetan, webgunean proposatzen dituzuen plan guztiak egiteko?

S.M. Plan, menu, jarduera eta ibilbide guzti-guztiak egin ditugu biok. Euripean grabatzen aritu gara Mundakako inauterietan, izoztu egin gara itsas zabalean balea bila, kantari ibili gara goizaldean Eguberrian Gernikako kaleetan edo, "ahalegin handia eginez", bainu bat hartu dugu Elantxobeko igerileku naturalean eguzki-galdatan.

“Ez dugu inoiz ezer aholkatuko lehenago probatu ez badugu eta gustatu ez bazaigu”
E.B. Gu txundituta gelditu gara Bird Center-ekin, baina, proposatu dituzuen plan guztietatik, zein da gehien gustatzen zaizuena?

S.M. Bird Center oso toki berezia da, aukera ematen dizuelako hegaztiak zelatatzeko hemengook “Urdaibaiko aireportua” esaten diogun tokitik. Eta hara joatea aholkatzen diegu bai hegaztizaleei bai gaiari buruz ezer ez dakitenei, ze asko ikasten da: zer ibilbide dituzten, zer espezie ikus ditzakezun, zer ezaugarri dituzten, eta abar. Eta osagarri ezin hobea dago itsasadarraren beste aldean: Ekoetxea, biodibertsitatearen interpretazio-zentroa. Bisita ezin interesgarriago bat izateaz gainera, gehien gustatzen zaiguna zera da, jarduera ederrak proposatzen dituela erreserban egiteko. Adibidez, itsasontzia hartzea zetazeoak ikusteko, animalien arrastoak aurkitzeko ibilbideak eta haurrentzako jarduera mordo bat.

E.B. Orain, serio antzean. Nola doa zuen jarduera digitala? Zer egiten duzue webgunea sustatzeko? 

S.M. Egia esan, hasiberriak gara, eta pixkanaka ikasten ari gara. Batez ere sare sozialetan hasi ginen, eta, pixkanaka, webgunea eraikiz joan ginen. Oso pozik gaude, lortu dugulako komunitate txiki bat sortzea Urdailife-ren inguruan, eta jarraitu egiten digute, galderak egiten dizkigute, ideiak ematen dizkigute, etab., eta kontu eta pertsona oso interesgarriak aurkitu ditugu. Webgunea, batez ere, gure sare sozialen bidez sustatzen dugu.

“Ahal dugun guztietan irteten gara plan berrien bila Urdailife-n aholkatzeko”
E.B. Zer garrantzi dute sareek zuen estrategian?

S.M. Erabatekoa. Une honetan, haiek dira gure erakusleiho nagusia, haien bidez konektatzen dugu gure publikoarekin. Gainera, eroso-eroso moldatzen gara sareetan.

E. Facebook, Instagram, Pinterest, Twitter. Zein da gehien erabiltzen duzuena?

S.M. Zalantzarik gabe, Instagram eta Facebook; bakoitzak bere aukerak eskaintzen ditu, eta ez dugu ahaztu behar Twitter: han ere hasi gara duela gutxi. Sare sozial batean baino gehiagotan aritzea lan handia da!

E.B. Eta kanala duzue YouTuben… katalan batek surfean nola ikasten duen ikusten gozatzeko balio izateaz gainera, etorkizuna da bideoa?

S.M. Oso baliabide garrantzitsua da, eta aukera ematen dizu askoz gehiago erakusteko. Datu bat: bideo bat ateratzen dugunean, askoz eragin handiagoa lortzen dugu webgunean eta gainerako sareetan. Gure jarraitzaile ez direnengana ere iristen gara, bideoek partekatzeko gonbidatzen dutelako. Eta garrantzitsuena zera da, primeran pasatzen dugula eta asko ikasten dugula elkarrizketatzen dugun jendearekin edo izaten ditugun esperientziekin.

E.B. Zer da zuen jarraitzaileek gehien galdetzen dizuetena?

S.M. Batez ere, aholkuak emateko iristeko moduari buruz, non aparkatu, non jan, ea haurrentzako moduko plana den, non egin dugun halako eta halako argazkia, etab. Eta konturatu gara badagoela jendea inguru honetakoa dena eta gure sareetan ateratzen ditugun txokoetako asko ezagutzen ez dituena. 

E.B. Ikusi dugu baduzuela offline estrategia ere: hau bai inguruko mapa ederra!

S.M. Bai, oso pozik gaude! Mapa berezi bat da, dibertigarria, eta nahi dugu haren bidez bisitariak, begiratu huts batez, ikusi ahal izatea Urdaibaik eskaintzen dion guztia: museoak, jarduerak, interesguneak, leku ez hain ezagunak, eta abar. Egun hauetan banatzaile gabiltza, Urdaibaiko ostatu eta turismo-bulego guztietan banatzen ari gara.

E.B. Eta publizitaterik lortu duzue? Ala musu truk egiten duzue Urdailife, Urdaibairen amoreagatik? 

S.M. Lehen urte honetan, geure burua ezagutaraztea izan dugu helburu, konfiantza sortzea eta inguru honetan erreferentzia bihurtzea. Orain hasi gara hau guztia serioxeago aztertzen. Gurea den bezalako webgune bat egiteko, denbora asko behar da, eta dedikazio handia, eta, modu profesionalean egingo badugu, etekinen bat lortu behar dugu proiektuarekin jarraitu ahal izateko.

E.B. Noizko aplikazio espezifiko bat? Pentsatu duzue?

S.M. Ideia asko ditugu proiektu digitaletarako, baina gauzatzeko bidean daude, eta oraindik ez dugu xehetasunik eman nahi. Sorpresa izan dadila! Aplikazio bat? Auskalo! Munduko txoko txiki honek aukera asko ditu; beraz, ez dugu ezer baztertzen.

E.B. Mila esker! Zuen mapan bilatuko zaituztegu Bermeo, Elantxobe, Gernika eta Mundakan barrena!