Entzun dituzu inoiz capucete, cencerreta, la Parrica eta el escaparate de Jadraque esamoldeak? Entzun badituzu, Tuteratik pasatu zaren seinale. Erriberako hiriburua da, eta Nafarroako bigarren hiri handiena, Iruñearen ondoren. Eta mundu osoan dira ezagunak haren historia, hango baratzeak eta hango bitxikeriak. Horietako batzuk ekarri ditugu guk hona.

El escachamatas

Bazenekien 1972 arte Tutera trenez konektatuta egon zela Tarazonarekin El escachamatas deitzen zioten trenaren bidez? Eta badakizu zergatik deitzen zioten horrela? Ikaragarri motel ibiltzen zen. Diotenez, treneko bidaiariek bost gol ikusi ahal izan zituzten behin Tarazonako futbol-zelaiaren paretik pasatzen ari ziren bitartean. Gutxixeago ere izango ziren, akaso... Kontua da trenbide-linea hark ia mende batez funtzionatu zuela, 1886tik, eta ez zela inoiz errentagarria izan. Azkenean, 1995ean, trenbidea kendu eta Tarazonicako bidegorria egin zuten, zaldiz ibiltzeko 22 kilometroko ibilbidea.

Tuterako tomate itsusia

Tuterako baratzeetako jaki gozoetako bat oso bitxia da, eta itsusia: tomate itsusia. Marmande barietateko tomatea da, eta oso ospe ona du, ikaragarri goxoa baita: Tuterako baratzeetako jaki gozoenetako eta onenetako bat da. Baina, onar dezagun egia: kanpotik benetan itsusia da, zanpatua dago, eta akats txiki mordoa ditu. Barrutik, ordea, zukutsua eta samurra da, eta zapore berezi-berezia du. Bitxiena da hainbat urtez lehiaketa bat egin dela hiriko tomate-ekoizleen artean, denboraldi bakoitzeko ale itsusienak saritzeko.

Kaleko artea eta erromanikoko altxorrak

Bazenekien erromanikoko altxor mordoa izateaz gain Tuterak abangoardiako arte urbanoaren erakusgarri onenetako batzuk dituela? Oraindik aurkitu ez badituzu, eman bueltatxo bat eta txundituta geratuko zara. Tuteraren alde hori hain da ezaguna, ezen hirian arte urbanoaren hainbat jaialdi egin baitira azken urteotan. Emaitza arte-ondare sinestezina izan da, eta edonork ikusteko moduan dago, hiriko zenbait eraikinetako fatxadetan. Aski duzu Granados, Calahorra eta Herrerias kaleetatik edo Yehuda H Levi plazatik paseotxo bat egitea aire zabaleko museo hori ezagutzeko. Ia lau kilometroko ibilbidean, Jorge Rodríguez-Gerada, Vhils, Mossiq eta  Ron English artisten lanak aurkituko dituzu, besteak beste (azken hori arte urbanoaren artista ezagunenetako bat da).

Antso Azkarrak nahiago zituen astoak

Kontu ezaguna da Tuterako katedrala erromaniko berantiar zistertarreko altxor bat dela. Antso Jakitunaren erregealdian hasi ziren eraikitzen, XII. mendearen amaieran, baina haren seme Antso Azkarrak eman zion bultzada handiena, nahiz eta Teobaldo I.aren garaian amaitu zen. Ez du jende guztiak ezagutzen, baina, katedral horretako nabeei eusten dieten zutabeetako kapitel batzuetan agertzen diren mando-erliebeen esanahia. Diotenez, zerikusi handia dute Antso Azkarrari gertatu zitzaizkion hainbat gertakarirekin (zaldiak gorrotatzera iritsi zen). Lehena 1200. urtearen hasierako festa batean izan zen; zalditik erori, eta hil egin zen Fernando anaia. Bigarrenak bere seme legitimo bakarra izan zuen protagonista; Fernando zuen izena hark ere, eta ehizan ari zela zalditik erorita hil zen hura ere. Bi istripu horien ondorioz, ez zuen zaldiekin gehiago jakin nahi izan, eta Navas de Tolosako batailan mando siziliar baten gainean aritu zen; bada, mando horixe agertzen da katedraleko zutabeetan. Ez du oso ondo ematen erregea izanda, ezta? Bitxia bada behintzat!

Eta zuk? Tuterari edo hango biztanleei buruzko bitxikeriarik ezagutzen duzu? Denok jakitea merezi duen istorio barregarri edo deigarriren bat? Bada, konta iezaguzu iruzkin batean!