San Joan eta San Pedro zaindariak omentzeko, Sestaok sanpedroak ospatuko ditu ekainaren 20tik 30era. Den-denaren berri berri izan dezazun, hemen duzu informazio guztia eta Sestaoko 2024ko jaietako egitarau osoa.

Badakizu Sestaoko sanpedroak zergatik dauden Bizkaiko jai onenen artean? Astebete baino gehiago eta jarduera ugari: musika, animazioa, kalejirak, lehiaketa gastronomikoak, herri-bazkariak, kirol-torneoak eta su-ikuskizunak. Tradizio bilakatu dira guztiak dagoeneko.

Gainera, egitarau ofizialaz gainera, elkarteek eta kuadrillek ere antolatzen dituzte jarduerak.

Noiz dira Sestaoko 2024ko jaiak?

fiestas sestao gigantes

Iturria: Youtube ErralMusiDantza

Lehenik eta behin, jakin behar duzu noiz diren Sestaoko jaiak. Herriko zaindarien (San Joan eta San Pedro) egunekin bat egiten dute, eta hamar egun irauten dute.

Hala, 2024an, Sestaoko zaindarien jaiak, sanpedroak, ekainaren 20tik 30era izango dira.

Kontuan hartu data garrantzitsu hauek:

  • Ostirala, ekainak 21, egun ezagunenetariko bat da, txosnak irekiko baitituzte.

  • Larunbatean, ekainak 22, kuadrillak izango dira protagonista. Zenbait jarduera antolatuko dituzte, eta beren pregoia ere izango dute.

  • Ekainaren 23an, igandez, ofizialki hasiko dira sanpedroak: ohorezko aurreskua, pregoia, txupinazoa eta aireko burrunba (Udaletxeko lorategietatik) izango dira. Udaletxeko lorategian entzungo da, halaber, azken traka, ekainaren 30ean, igandez.

Sestaoko 2024ko jaietako egitaraua

Hamar egunez, Sestaon herriko zaindarien jai handiak izango dira. Egitarau bete-betea prestatu dute, 100 jarduera baino gehiagokoa.​​​​​​​​​​​​​​


Kirol-jarduerak izango ditugu: boxeoko gau-emanaldia, traineru-estropada eta hainbat txapelketa (patinajea, ping-ponga, xakea, hondartzako eskubaloia eta boleibola).

Txikiek ere ongi pasatzeko aukera ugari izango dituzte: haurrentzako lantegiak, jolasak, txotxongiloak, zirkua, auto eroak, haurrentzako ur-parkea, alarde txikia eta haurrentzako dantzaldia (arratsaldez),

Erraldoi eta buruhandi ezagun eta maiteek ere ez dute huts egingo Sestaoko jaietako hitzordua.

Horiez gainera, ezinbesteko jarduerak dira zezensuzkoak, ikuskizun piroteknikoak, su-festak eta San Joan gaueko carrefocak; hain zuzen, azken horiek dira arrakastatsuenak.

Eta musika ona ere ez zaigu faltako. Sanpedroetako kontzertuak ikuslez betetzen dira urtetik urtera, eta dagoeneko badakigu zer artista arituko diren Sestaoko 2024ko jaietan.

Sestaoko 2024ko jaietako kontzertuak

fiestas sestao conciertos

Iturria: Sestaoko Udala

Sestaoko Udalak, urtero bezala, ahalegina egin du sanpedroetako kontzertuetara euskaraz eta gaztelaniaz kantatzen duten taldeak eta emakumezko eta gizonezko artistak ekartzeko. Hala, publiko guztietarako kontzertuak izango dira. Hona hemen nabarmenenak:

  • Ekainak 21, ostirala: Ella Baila Sola. Oraingo honetan, Marta Botíak Virginia Mosekin batera abestuko du.

  • Ekainak 22, larunbata: Bulego pop-talde euskalduna.

  • Ekainak 26, asteazkena: Locomía.

  • Ekainak 28, ostirala: musika elektronikoko Zetak euskal taldearen txanda.

  • Ekainak 29, larunbata: Izaro Andrések bere estudioko album berria aurkeztuko du, Cerodenero.

Kontzertu horiek guztiak doakoak dira, eta Kasko plazan egingo dira.

Baina musika gehiago ere izango da. Sestaoko 2024ko jaietako kontzertuen egitarauan, emanaldi gehiago izango ditugu beste agertoki batzuetan; besteak beste, Destrangis taldeak Estopari egingo dion omenaldia, Tenampas mariachiak eta Ballet Mexicano.

Gainera, LGTBIQA+ Harrotasunaren Egunean, Albina Stardust eta Divina Comedia taldeen musika entzungo dugu txosnetan.

Eta ez dira faltako Maremagnun eta Diamante orkestren dantzaldiak, boleroak, habanerak eta koru eta orfeoien musika klasikoa.

Sestaoko 2024ko jaietako kartela

fiestas sestao 2024 cartel

2024ko sanpedroen berri zabaltzeko modurik aproposena kartelik onena hautatzea da. Horretarako, Udalak lehiaketa bat antolatzen du urtero.

2024ko kartel irabazlea Jaume Gubians ilustratzaile katalanak sortua da. Atzealde zuriaren gainean, Sestaoko erraldoi eta buruhandi koloretsuak ikusten dira musika-tresnak jotzen, baita zezensuzkoa eta Ibaitxu ere. Ezagutzen duzu Ibaitxu?

Ibaitxu Sestaoko sanpedroetan

Sestaoko txotxongilo-ikuskizunak oso ezagunak dira. Izan ere, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia han egiten da.

Bihar Taldea da herriko konpainia famatuena: hamarkadak daramatza bere txotxongiloekin txikiei eta helduei une dibertigarriak pasarazten. Hain zuzen, talde horrek sortu zuen Ibaitxu 2000. urtean, eta gaur egun sanpedroetako maskota eta zaindaria da herritarrentzat.

Ile luze eta horia, soineko urdina eta irribarre zabala ditu erraldoi kutun honek, eta Sestaoko kaleetan zehar ibiltzen da urtero, herritarrak eta bisitariak agurtzen.

Ibaitxu ezagutu eta musika onaz gozatu nahi baduzu, zatoz Sestaoko sanpedroetara.

Goiburuko irudiaren iturria: Sestaoko Udala.