1990eko hamarkadaren amaieran Internetera konektatzea erraza zela uste al duzu? JBada, ez! Amesgaizto bat zen, eta, sarritan, "Errorea" ematen zuen, edo garrasika hasten zen ama, dei bat egin behar zuela eta.
Baina sarearen lehenbiziko urrats haiek ez dituzula gogoratzen ziur gaudenez, hilaren 17an Internet Eguna ospatzen dela aprobetxatu, eta denboran zehar atzera egingo dugu; revival teknologiko bat antolatuko dugu, ikus dezazun nola aldatu den azken bi hamarkada hauetan nabigatzeko eta konektatzeko modua. Zurekin batera joango gara Backstreet Boys taldeak Everybody lehenbizikoz abestu zuen urtera, bai eta Titanic filma estreinatu zenera ere, hots, 1997ra. Ohartzen zara zenbat ur igaro den harrezkero zubi azpitik, ezta? Bada, txundituta geratuko zara.
Sekulako abentura zen, duela hogei bat urte, Internetera konektatzea. Hasteko, etxetik bakarrik konekta zintezkeen, teknologia analogikoa erabiliz eta urrats hauek egitera behartzen zintuzten protokoloen arabera:
- Linea okupatzeko, egiaztatu behar zen inor ez zela ari telefono finkotik hizketan.
- Telefonoaren kablea deskonektatu eta modemera konektatu behar zen.
- PCa piztuta eta "bero" eduki behar zen, Windows 95-aren leiho gris hartatik "Konektatu" sakatu aurretik.
- Markatze-tonuak entzuten ziren, baina inork ere ez zekien nori zegokion markatzen ari zen zenbaki hura.
- Star Wars filman R2D2k egiten zituen soinuen antzekoak entzuten ziren (hitz egingo dugu, Friki Harrotasunaren Egunean, robot horretaz eta bere lagun C3POz).
- Eta itxaron egin behar zen...
Zorte pixka batekin, konexioa ezarri eta soinuak isildu egiten ziren. Eta lortzen bazenuen urrats guztiak egitea, konektatu eta nabigatzen hasten zinen, izugarrizko abiaduran: 56 kb/s!! Bilatzaile "izar" haietako batean sartzen zinen, baina ez Googlen; garai hartan, Exciten edo Altavistan.
Eta hori guztia... zertarako? Ona galdera... Izan ere, edozer kontsultatu nahi zenuela ere, ia-ia azkarrago aurkituko zenuen paperezko entziklopedia batean begiratuta Interneten baino. Baina ez zion batere axola itxaron beharrak, Internet sekulako asmakizuna zen eta.
Egun, aldatu egin dira gauzak, pixka bat bederen. Konexioak, hasteko: Imajinatzen al duzu mundua WiFirik gabe? Eta zure etxean gailu bakarra egon ahal izatea konektatuta? Edo kalean zabiltzala zure mugikorra automatikoki ez konektatzea WiFi Kaleani? Imajinaezina... Bada, jakin ezazu 1997an ez zegoela WiFirik, bi urte geroago asmatu baitzuten. Beraz, kendu cachetik haririk gabeko teknologia ;-)
Eta, zer gertatzen da zure ordenagailu eramangarriak hiru minutu baino gehiago behar baditu konektatzeko edo orri bat kargatzeko? Burura datorkizun lehenbiziko gauza, Internetekiko konexioa eten egin dela. Beraz, bideratzailea berrabiarazten duzu, edo alde batera uzten duzu egiten ari zinen hura eta beste zerbaiti ekiten diozu. Bada, imajinatu mundu bat non MINUTU BAT baino gehiago itxaron behar duzun zure PCan edozein erantzun jasotzeko. Desesperagarria, ezta?
Eta abiadurari dagokionez, berriz... Adibide bat jarriko dizugu: kable-modemaren bidez datuak jaisteko batez besteko abiadura 318.731 kb/s da gaur egun, eta igotzekoa, berriz, 35.355ekoa (byteren bat gorabehera); 1997an, 56 kb/s-koa zen. Galanta ALDEA, ezta?
Hitz egin dezagun orain sareak eskaintzen zituen aukerez. Urte hartan, milioi bat webgunetan egin zitezkeen kontsultak. Asko zirela ematen du, baina, ba al dakizu zenbat ditugun gaur egun? Internet Live Statsen datuen arabera, 1.900 milioi webgune daude..., eta hazten ari da kopurua.
Garai hartako panorama teknologikoa ikusirik, seguru ez zaituela batere harritzen 35 urtetik gorakook Internet Eguna ospatzea...gure ezkontza-eguna balitz bezala!J Egun hori ospatzeko beste arrazoiren bat bururatzen bazaizu, edo 90eko hamarkadako mundu zibernetikoaren eta egungo Interneten arteko alde bitxiren bat gogoratzen baduzu, bidal iezaguzu iruzkin bat!