Otsaila, Inauterien hilabetea ez ezik, barrearen hilabetea izan dadin nahi dugu Euskaltelen. Ez galdu bistatik gure bloga eta sare sozialak, barrez lehertuko zara eta. Zure osasunari on egingo dio, eta tarte atsegina pasatuko duzu, seguru.
Modu askotako barreak daude (barre kutsakorra, urduria, zaratatsua, txoroa, gaiztoa, irtirina...), eta idatziz ere modu askotan adierazten dira (iji-aja, ijiji, kar-kar, kur-kur...), baina, letrak garesti dauden garai honetan, emojiak nagusitzen dira. Eta, emojien artean, negar-malkodun barre-algara erabiltzen da gehien mundu osoan, Unicode Partzuergoak, gai horretako autoritate nagusiak, egiaztatu duenez.
Emotikonoak eta Whatsappeko hizkuntza nagusitzen hasi zirenean agertu zen gure bizitzetan LOL (Laugh out loud) esamoldea, alegia, betiko barre-algara. Horrekin lotuta, Campofríoren iragarkia ekarri nahi dugu hona: "LOL denda, zeinean umorea erosten baita". Izan ere, horixe da post honen gaia, tarte batez barre lasai egitea. Klasiko bihurtu da zuzendarien artean besteak beste Sánchez Arévalo duen 2018ko iragarki hau:
Guk ere badugu gure klasikoa: Vaya semanita telebista-programari esker, barrez lehertu ginen duela urte batzuk. Óscar Terol eta Gorka Otxoaren sketchek ETBren mugak gainditu zituzten, eta telebistako fenomeno bihurtu ziren 2003an estreinatu zirenetik. Nekane Amayaren jarraitzaileak gara gu. Zein duzu zuk gustuko?
Baina ez da gauza bera komikoak telebistan ikustea edo zuzenean ikustea. Horregatik egin zuen salto umoreak telebistatik antzokietara. Eta, antzokietan, arrakastatsu bihurtu ziren bakarrizketak.
Uste dugun baino garrantzitsuagoa da barrea. “Espainiarrentzat barreak duen garrantziaren iritziari buruzko lehen azterlana”ren arabera, % 73k uste du bere bizitzaren motorra dela barrea. Barrearen Behatokiak, zeina La Vaca que Ríek eta Fundación Theodorak sustatzen baitute, beste datu bat ere azaleratu du: Jakin nahi duzu norekin egingo genukeen hitzordua barre egiteko? Dani Rovira, Will Smith eta David Broncano dira hautatuak.
Asko idatzi da barre egiteak dituen onurei buruz. Besteak beste, hau diote: dopamina, serotonina, adrenalina eta endorfinak askatzen laguntzen duela; hots, zoriontasunaren hormonak. Horregatik erabiltzen da barrea barreterapian, gure gogo-aldartea hobetzeko.
Izan ere, barre egiteak on egiten dio osasunari: mina arintzen du, estresa gutxitzen du, memoria hobetzen du, bizitza luzatzen du, defentsak indartzen ditu, digestioa egiten laguntzen du, eta abdominalak lantzen laguntzen du.
Beraz, hauxe da gure aholkua: Ez hartu bizitza hain serio, eta egin barre zeure buruari!
Egin duzu barrerik gaur? Kontatu iezaguzu zerk jartzen zaituen barrez lehertzen.