Seguru gu bezain kateatuta zaudela Too Good To Gorekin. Elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatzen den aplikazioak bigarren urteurrena ospatzen du Espainian, milioi bat janari-errazio baino gehiago salbatuta.
Oso erabilerraza da: aplikazioa mugikorrean deskargatzen duzu (Android eta iOS), gustuko duzun establezimendua aurkitzen duzu, eskaera aplikazioaren bidez egin ordaintzen duzu eta ezusteko paketea jasotzen duzu. Magia hori aplikazioaren arrakastaren parte da: “jendeari asko gustatzen zaio, azkenean jokotzat hartzen duelako zer emango dioten ikustea”, esan digu Oriol Reull Too Good To Goren Espainiako zuzendariak. Beste gauza asko ere kontatu dizkigu; beraz, ez galdu berarekin izan genuen hitzaldi interesgarria.
Zer filosofiarekin jaio zen Too Good To Go?Bada, Too Good To Go mundu osoan egunero botatzen diren milaka tona jaki alferrik galtzeari galga jartzen laguntzeko eta arazo global horri irtenbidea emateko sortu zen. Beti esaten dugu gure ametsik handiena elikagaiak alferrik galtzen ez dituen planeta bat edukitzea dela, eta, hori lortzeko, misio bat dugu: gizakiak inspiratzea elikagaiak alferrik ez galtzeko eta ekintzara bultzatzeko, denoi eragiten digun arazoa baita.
Ideia 2016. urtean sortu zen, buffet batean, lagun-talde batek ikusi zuenean zerbitzariak zaborretara botatzen ari zirela soberan geratutako guztia, nahiz eta egoera ezin hobean zegoen janaria izan. Irtenbide bat ematea erabaki zuten, eta, hala, aplikazio batean gauzatu zen mugimendua. Haren bidez, supermerkatuei, jatetxeei, fruta-dendei eta okindegiei laguntzen diegu beren janari-soberakina prezio merkeagoan erosteko prest dauden erabiltzaileei saltzen, alferrik gal ez dadin.
Gaur egun, 15 herrialdetan ari gara janaria alferrik galtzearen aurka borrokan, 22 milioi erabiltzaile eta 47.000 establezimendu baino gehiagorekin. Haiei esker, 41 milioi janari-errazio baino gehiago salbatu ditugu dagoeneko. Too Good To Go desagertzen den egunean, gure helburua lortua izango dugu, horrek esan nahiko baitu ez dela jakirik alferrik galduko.
Zein da arrakastaren giltza?Nire ustez, harrera on horren arrazoi nagusia da gero eta presentzia handiagoa duela gizartean ingurumen-kontzientzia horrek, eta gauzak aldatzeko eta planetaren alde zerbait egiteko borondate handiagoa dagoela. Alde horretatik, bai pertsonei bai negozioei bide erraza iruditu zaie Too Good To Go aldea nabarmentzeko eta keinu txiki batez janaria salbatuz nork bere harri-koskorra jartzeko, hori ez egiteak izango lukeen eragina saihesteko. Badirudi janari salbatu bakar batek ez duela eragin esanguratsurik, baina milaka pertsonak egunero aplikazioaren bidez milaka janari-pakete salbatzea erabakitzen dutenean gertatzen da magia. Orduan konturatzen gara, benetan, gizarte gisa zer-nolako boterea dugun aldaketa elkarrekin egiteko eta eragin positibo are handiagoa sortzeko. Gainera, keinu horren bidez, alde guztiek irabazten dute. Alde batetik, erabiltzaileak, kalitatezko janaria merkeago eskuratzen duelako; bestetik, saltokiak, soberako gaien kantitatea murrizten duelako eta galera ekonomikoak txikitzen; azkenik, eta batez ere, gure planetak irabazten du, baliabide guztiak aprobetxatzen baitira, eta hondakin gehiago sortzeak dakartzan ondorioak saihesten.
Bezeroak sorpresa-pakete bat jasotzeak jende gehiago erakartzen du, jakin-minak bultzatuta?Esan ohi dugunez, Too Good To Go-k duen magiaren zati bat da ezusteko paketea, eta jendeari asko gustatzen zaio, azkenean jokotzat hartzen baitu zer emango dioten ikustea, beste era batera harritzeko aukera izatea eta bestela agian probatuko ez lituzkeen elikagaiak probatzea. Gainera, nori ez zaizkio gustatzen ezustekoak? Seguru nago denei gustatzen zaizkiela; batez ere onak direnean. Eta, gainera, janariarekin lotuta dago! Kar-kar. Sorpresa-paketea, gainera, funtsezkoa da elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan. Establezimenduen kasuan, ezinezkoa da aldez aurretik esatea zer sobratuko zaien; horregatik da sorpresa paketeen edukia egunero, aldatu egiten baita egun horretan sobratu denaren arabera, eta erabiltzaileak paketea jasotzen duenean jakiten du barruan zer dagoen. Bestela, erabiltzaileak edukiaren berri aurrez jakingo balu, ez litzateke alferrik galdua izango. Egiaztatu dugu azkenean jendeak asko baloratzen duela janaria merkeago eskuratzea, jakinik egoera ezin hobean dagoela eta hala planetaren alde egiten ari dela.
Jendeari asko gustatzen zaio, azkenean jokotzat hartzen baitu zer emango dioten ikustea.Milioi bat janari-errazio salbatu dituzue dagoeneko Espainian. Aldatu al da jendearen pentsaera 2018ko irailean abiatu zinetenetik? Bide batez, zorionak!
Eskerrik asko! Egia esan, ezin gara pozago egon bigarren urteurren hau nola doan ikusita, milioi bat janari-errazio baino gehiago salbatzera iritsi baikara. Espainia osoan banatuta dauden eta elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokaren funtsezko parte diren erabiltzaile eta negozioen komunitate horri esker gertatu da hori. Uste dut baietz, aldatzen ari dela jendearen pentsamoldea. Are gehiago, erabiltzaileen % 22k onartu du gure aplikazioa erabiltzen dutenetik etxeetan hondakinak murrizteko beste ekintza batzuk egiten hasi direla, hala nola izoztea edo modu arduratsuagoan erostea. Gainera, egunetik egunera janari gehiago salbatzen dugu, eta, gure sare sozialen bidez, salbatu duten paketearen edukitik abiatuta egin dituzten aprobetxamendu-errezetak partekatzen dituzte erabiltzaileek. Beraz, bai. Aldaketa bat gertatzen ari da, eta harro baino harroago gaude horretaz, ikusten baitugu mugimendu hau gero eta gehiago hazten ari dela, eta, janaria salbatzeko egiten den keinu bakoitzarekin, denak batzen baditugu, eragin positibo izugarria sortzen ari dela. Esan duzun bezala, bitarte honetan dagoeneko gainditu dugu milioiko muga, eta 1,3 milioi janari-errazio salbatu ditugu guztira. Horrek esan nahi du 1.300 tona janari baino gehiago alferrik galtzea saihestu dugula. Bestela, bota egingo zatekeen hori guztia. Aldi berean, gainera, 3.250 tona CO2 baliokide baino gehiago isurtzea saihestu dugu.
Nola doa aplikazioaren deskarga-erritmoa?Harrigarria da. Ez genuen uste hain harrera ona izango genuela hain denbora gutxian, eta gora eta gora doa. Dagoeneko milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditugu erregistratuak Espainia osoan, eta herrialde osoko 4.000 establezimendurekin ari gara lanean. Egunero duten soberakin horri beste aukera bat ematen laguntzen diegu, eta, hala, jasangarriagoak izaten.
Asko handitu da Euskadin atxikitako establezimenduen kopurua azken hilabeteetan?Egia esan, hazkundea izugarria da. Euskadin 350 bat establezimendurekin ari gara lanean dagoeneko, eta 70.000 otordu baino gehiago salbatu dira orain arte.
Euskadin 350 bat establezimendurekin ari gara lanean dagoeneko, eta 70.000 otordu baino gehiago salbatu dira orain arte.Laguntza ona da lokalentzat koronabirus-garai hauetan?
Bai, jakina; izan ere, gauza bat dago argi, ez dagoela modurik aurretik jakiteko zer etorriko den. Lehen zaila zen eskaria iragartzea eta ekoizpena haren arabera doitzea, eta orain are zailagoa da. Negozioek ezin dute aurreikusi zenbat bezero joango diren egunero erostera, eta, hori dela eta, beren saltokietan beti izan behar dituzte produktuak eskaintzeko. Gerta liteke egun batean bezero gehiago izatea eta gehiago saltzea, eta, beraz soberakin gutxiago izango dute. Beste batzuetan, ordea, bezero gutxiago izango dituzte, eta lanaldiaren amaieran espero baino jenero gehiagorekin geratuko dira. Alde horretatik, gu aliatu bat gara lokalentzat, soberakin horri irtenbidea ematen laguntzen baitiegu aplikazioaren bidez, eta, hala, negozioan janari hori alferrik galtzeak ekar dezakeen kostu ekonomikoa minimizatzen dugu, bereziki oraingoa den bezalako une zailetan.
Nola eragin die pandemiak gure kontsumo-ohiturei?Bada, modu askotan eragin du, baina agian deigarriena da egun batetik bestera konturatu garela janaria garrantzitsua eta baliotsua dela. Honen guztiaren hasieran ikusi genuen supermerkatuetako apalategi asko hutsik geratzen zirela edo produktu batzuk urriak zirela. Horrek pentsarazi digu nola kontsumitu dugun, eta askoz gehiago baloratzen dugu orain janaria eta eskura duguna. Gainera, askoz gehiago erosi dugu auzoko dendetan, eta gertuko eta denboraldiko produktu gehiago erosi dugu. Etxean denbora asko eman dugu, eta, horren ondorioz, gehiago aritu gara sukaldean, gehiago planifikatu ditugu gure janariak edo erosketak, sormen handiagoa izan dugu sukaldean, hozkailuan genuen guztia aprobetxatu dugu, eta, ondorioz, arduratsuagoak izan gara eta ahalik eta gutxien galdu dugu alferrik. Espero dut hartu ditugun ohitura berri horiek guztiak ez galtzea eta betiko mantentzea.
Ongintzako erakundeekin lan egiten duzue, edonork egin ahal izan diezazkion dohaintzak bere inguruko elkarte bati aplikazioaren bidez. Nola sortu zen ekimen hori?Hain zuzen ere, hasieratik ari gara elkarlanean Elikagai Bankuen Espainiako Federazioarekin (FESBAL) eta Gosearen Kontrako Ekintza GKEarekin. Elkarrekin ikusi genuen beren beharretan laguntzeko modurik onena ekonomia-mailan laguntzea zela, beren jarduera garatzen jarraitu ahal izateko, eta ikusi genuen modu egoki bat zela aplikazioaren bidez bi erakundeei zuzeneko dohaintzak egitea. Gainera, dirua biltzeko ekintzak ere egin ditugu, eta etengabe harremanetan gaude haiekin lankidetza-bide berriak bilatzeko. Haien lana babestea funtsezkoa da, eta Too Good To Go misioaren parte ere bada.
Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako mugimendua ere sortu duzue, eskolatik edo negozioetatik kontzientziatzeko. Nor dago konprometituago, gazteak ala helduak?Uste dut belaunaldi guztiak ari direla, neurri handiagoan edo txikiagoan, gero eta konpromiso handiagoa erakusten gai honetan. Gure aplikazioaren bidez ikusten dugu. Erabiltzaileen batez besteko profila 20 eta 40 urte bitarteko pertsona bat da, ingurumen-kontzientzia handikoa, aplikazioaren bidez elikagaiak alferrik galtzeari aurre egiten diona, aldaketa eragiteko asmoz, baina jende helduago askok ere erabiltzen du aplikazioa. Harrituko zinateke. Gainera, zaharrenek, gure guraso eta aitona-amonek, gogorarazten digute belaunaldi gazteagoei, kulturagatik eta tradizioagatik, ‘janaria ez dela bota behar’. Haiengandik, alferrik galtzen ez diren aprobetxamendu-errezeta ugari jaso ditugu, eta, beren ezagutza eta esperientziaren bidez, janariarekiko maitasuna eta errespetua irakatsi dizkigute.
Jende helduago askok ere erabiltzen du aplikazioa.Zein dira zuen hurrengo erronkak?
Uste dut erronka garrantzitsu bat dugula aurrean: elikagaiak alferrik galtzeari aurre egitea. Eta ez dugu arreta galdu behar zeregin horretan, oraindik asko baitago egiteko. Alde horretatik, gure helburu nagusia da gure saltoki-sarea zabaltzen jarraitzea, herrialde osoan janaria salbatu ahal izateko, eta ez hiri handietan bakarrik, herri txikienetara ere iritsi ahal izateko; izan ere, gure helburua janari guztia salbatzea bada, ahalik eta txoko gehienetara iritsi behar dugu. Gainera, kontzientziazio-kanpainak egiten jarraituko dugu, eta ikastetxe eta unibertsitateetako hezkuntza-tailer eta -hitzaldietan parte hartuko dugu, funtsezkoa baita gizartea arazo honen inguruan gehiago sentsibilizatzeko. Eta, jakina, gure erronka nagusia administrazio publikoekin eskuz esku lan egitea da, beharrezkoa baita neurri eraginkorrak onartzea eta gauzatzea elikagai-hondakinen kantitate eskandalagarriak murrizten laguntzeko.
Gure artean, denok dugu sekulako maukak aurkitzen dituen lagunen bat. Trikimailuren bat erreserba ez galtzeko ??Sentitzen dut esatea kasu honetan ez dagoela huts egiten ez duen trikimailurik, azkenean dena establezimenduek egun bakoitzean duten soberakinaren araberakoa baita. Baina asko gustatzen zaizun lokal bateko paketea salbatzeko orduan lagungarri izan daitekeen aholku bat da gustuko gisa markatzea. Hartara, aplikazioan sartzen zaren bakoitzean, hura ikusiko duzu lehenik, eta, paketerik baldin badute, berehala eta beste inork baino lehen erreserbatu ahal izango duzu.
Mila esker arreta jartzeagatik, benetako plazera izan da!!
Eta zu, Waste Warrior zara dagoeneko? Deskargatu aplikazioa, eta egin aurre elikagaiak alferrik galtzeari.