Ekaineko azken larunbatean, urtero, mahoi-urdinez janzten da Ondarroa, Zapato Azule ospatzeko. Jai herrikoia da, kuadrillakoekin kalean gozatzekoa. Tradizioa eta kirola uztartzen ditu, eta itsasoko jendea omentzen du, haien jantzi tipikoaren bidez. Noiz ospatuko da Zapato Azule Ondarroan 2024an? Ekainaren 29an ospatuko da aurten; hona hemen ordutegia eta 2024ko Zapato Azuleren programazioa.

2024ko Zapato Azuleren programazioa

Zapato Azule 2024
Irudia: Radixu Irratia

Orain badakizu noiz izango den Zapato Azule 2024an, eta, beraz, has zaitezke prestatzen.

Egun horretan, Ondarroan, ez dira faltako txosnak (Musika Plazan), kaleko musika, elektrotxarangak, bertsolariak, dultzaineroak, irrintziak eta euskal dantza tradizionalak. Ezta gaueko erromeria ere.

2024ko Ondarroako Zapato Azuleko bi protagonistak ahaztu gabe: kamiseta-azoka eta Dinamartxa.

Hau da 2024ko Zapato Azule festaren egitaraua, Ondarroako Udalak argitaratua.

Ekainak 29, larunbata

  • 23:00 h. Mendiz-mendiko Dinamartxara doazenak Itsasaurreko geltokitik aterako dira autobusean BARIKUAN, Tolosarantz.
  • 01:00 h. Tolosatik mendirik mendi Dinamartxa oinez, Ondarroarantz.
  • 07:00 h. Dinamartxan bizikletan doazenak Itsasaurretik aterako dira autobusean, Tolosarantz.
  • 09:00 h. Tolosatik Dinamartxa bizikletaz, Ondarroarantz.
  • 11:00 h. Radixu Irratiaren kaleko zuzeneko emisioa.
  • 11:00 h. Euskal Herriko Kamiseta Azoka, Latxanbre plazan.
  • 11:00 h. Artisau Azoka, Kanttoipe Errebueltan.
  • 12:00 h. Alaiko balkoitik Zapato Azulan hasieri. Txosnaren irekiera Alde Zaharrean.
  • 12:10 h. Ondarroako Txistulariak kalerik kale.
  • 12:30 h. Kontzierto Sorpresa! Kalekutzeko eskaileretan.
  • 13:30 h. Faltaten dizenak gogun hartute Kalekutzeko eskaileretan.
  • 13:30 h. San Pedro txurrutik Kresalako banda eta Artelango erraldoiak Zubi Zaharrerantz.
  • 14:00 h. Dinamartxen ailegaera. Ongietorria Alaiko balkoitik irrintzilariekin, Kresalako bandak lagunduta. Ondoren, Radixu Irratiaren pregoia + omendua jakinaraziko da.
  • 14:45 h. Sari banaketa Alaiko balkoitik: EHko eta Ondarruko kamiseta oneak eta eskaparate onenai + Cantabrico Jatetxeak oparitutako lagun birentzako afaria.
  • 15:00 h. Euskal Herriko Kamiseta Azoka itxi.
  • 15:00 h. Kalekutzean, Txo! Antzerki Kolektiboaren sketch-a omenduari.
  • 15:30 h. Bazkaltzeaaaaaa!
  • 17:00 h. Itsasaurren, Altxa Porru.
  • 18:00 h. Kafeko Atzean, Umeen jolasak (Txirrimorraski).
  • 18:00 - 2:00 h. Arrigorriko Plazan, Salitre Gune Elektronikoa.
  • 18:30etik aurrera, Plazamusikan, Zumba Herrikoia, Orrues, Lizartxo, Lumatzak.
  • 19:00 h. Alde Zaharrean, Ttek elektrotxaranga.
  • 19:30etik aurrera, Frontoian, Matxing, Pay & Tiza, DJ Malandro, Fifi ta Fefa.
  • 20:00 h. Kafeko Atzean, Euskal Dantzak: Banakutik hasi te...
  • 21:00 h. Itsasaurren, DJ Tintz.
  • 21:00 h. Kafeko Atzean, Erromeixi: Musutruk. Ondoren, DJ Bull.
  • 00:00 h. Itsasaurren, DJ Mondongo.
  • 4:00 h. Itsasaurren, DJ Rapali.

2024ko Zapato Azuleko kamiseta-azoka

Zapato Azule

Irudia: Bilbao Turismo

Arrantzaleek janzten zituzten alkandoren koloreari zor dio izena Zapato Azulek. Festa honetako jantzi ofiziala da, eta baita Euskal Herriko kostaldeko beste festa askotakoa ere.

Hain zuzen, kolore hori, Ondarroako Zapato Azuleren sinboloa izateaz gain, ez da inoiz falta izaten kamiseten azokan ere —goizean hasita egiten da azoka, Latxanbre plazan—.

Euskadiko toki guztietatik heltzen dira kamiseta-saltzaile eta -erosleak Zapato Azulera. Bertaratzen direnek profesionalen eta enpresen dozenaka stand bisitatu ditzakete, eta hainbat modelo ikusi, baina guztien erreferente nagusia mahoi-urdina da, ospakizunaren ikurra.

Kamisetak salgai egoteaz gain, lehiaketan ere parte hartzen dute, eta sariak egoten dira; esaterako, herriko jantzi onenarentzat edo diseinu originalenarentzat.

2024ko Ondarroako Zapato Azuleko Dinamartxa

Ondarroako Zapato Azuleko beste tradizio garrantzitsu bat Dinamartxa da. Mendiko txirrindularitza-proba bat da, eta Dina Bilbao herriko triatloi-txapeldunaren omenez egiten da. 1997ko ekainean desagertu zen, Karibe itsasoan, katamaran-zeharkaldi bat egiten ari zela.

Ibilbidea Tolosan abiatzen da, Dina bizi izan zen herrian, eta Ondarroara iristen da, haren jaioterrira. Iritsierak ikusmin handia sortzen du ondarroarren eta bisitarien artean.

Ondarroako Zapato Azuleko abestia

2024ko ekainaren 29an Ondarroako Zapato Azulera joatekoa bazara, Zapato Azule abestiaren letra buruz ikastea edo idatzita eramatea gomendatzen dizugu.

Izan ere, jaiak bere abestia du. Esne Beltzak sortu zuen. Taldeak reggae edo hip-hop doinuak musika-tresna tradizionalekin nahasten ditu, esaterako trikitiarekin.

Honela dio Ondarroako Zapato Azuleko abestiaren letrak:

Kili-kilixak etxestazuz atzamartxukin ulin

Hain matxagarri zaz arrantzalin erropa azulin

Eta biztuxun Radixu

Pasakorou

Geu bixok Auiminyulinblu

Faltaten dizenak gogun hartute kalin barrena

Herritxik sorturana baño ez ei de herrixana

Eta biztuxun Radixu

Pasakorou

Geu bixok Auiminyulinblu

Eta jaixan lo bailao bailao esta klaro" gelditxu daixule

Behintzat ez eixule esan gero aurrez abisa ez netsule

Seguru na ta zeuri be barrurarte ailako gatsule

Ondarru kolorez janzten daben Zapato Azule!


Ondarroa eta Zapato Azule

Ondarroa Zapato Azule

Irudia: euskadi.eus

Ondarroa "Zubien Herria" da; Artibai ibaiaren inguruan sortutako zubi ikusgarrietatik datorkio goitizena (Itsasaurre da bat, eta Harrizko Zubi Zaharra, bestea).

Bizkaiko kostaldean dago herria, eta itsaslabar malkartsuak ditu inguruan; esaterako, Fraile haitza. Portua, berriz, Euskadiko garrantzitsuenetako bat da.

Ondarroaren marinel-izaera alde zaharrean ere ikusten da: Erdi Aroko trazadurari eusten dio, eta Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondare izendatu zuen 1994an.

Hain zuzen ere, kale estu eta aldapatsuz betetako erdigune historiko hori da Zapato Azule jaiaren erdigunea.

Ondarroako Zapato Azule duela 20 urte sortu zen. Hasiera batean herriko aldizkari txiki bat finantzatzeko aitzakia izan zen, baina, zenbateko arrakasta izan zuen ikusita, hurrengo urteetan ere egiten jarraitu da; urtetik urtera bisitari gehiago izaten ditu, gainera.

Zapato Azule Bolo-bolo elkarteak antolatu zuen urte askoan, baina gaur egun Radixu Irratia arduratzen da Ondarroa Euskal Herriko jai-egutegiko ezinbesteko erreferente bihurtzen duen jaia antolatzeaz.

Beraz, badakizu: 2024ko ekainaren 29an, zatoz Ondarroara, Zapato Azule ospatzera.

Goiburuko irudiaren iturria: Ondarroako Turismo Bulegoa