Entzun duzu inoiz Peace izeneko pertsonaia bati buruz? Munduko pirata informatikorik aktiboenetako bat da. Dropbox, MySpace, LinkedIn eta Facebook-en milioika kontu lapurtu ditu, eta, gero, Deep Webi saldu dizkio, denetarik aurkitu daitekeen Interneteko bazar asmo txarrekoari.
Edozeinek galdetuko lioke bere buruari: Baina nork lapurtu edo espiatu nahi du nire Instagrameko edo posta elektronikoko kontua, ezkutatzeko ezer ez badut? Nire kuadrillaren argazkiak, hanburgesaren batena eta gutxi gehiago zintzilikatzen dut eta?
Uste ez izan arren, sare sozialak dira zure informazio digital guztira sartzeko atea: zure helbide elektronikoa, zure telefono-zenbakia, pasahitzak... Zer uste duzu ba zibergaizkileek ez dakitela gehienek pasahitz bera erabiltzen dutela ia edozertarako? Netfix, PayPal, Amazon… Gaur egun hainbeste zerbitzu digital ditugu, kostatu egiten baitzaigu bakoitzerako pasahitz bat eta helbide elektroniko bat pentsatzea. Pirata informatikoek inork baino hobeto dakite hori, eta hainbat zerbitzutan pasahitzak probatuz egokia aurkitzea beste helbururik ez duten tresna digitalekin lanean pasatzen dute bizitza. Eta hortik phishingera urrats bat baino ez dago.
Beraz, utz ezazu nagitasuna alde batera: badaezpada ere, egin egiaztapen pare bat lehenbailehen:
- Egiaztatu espiatu ote zaituzten. Lehenik eta behin, ahalegindu behar duzu ziur jakiten ea zure posta elektronikoan inor ibili den usnan baimenik gabe. Doako tresna bat dago horretarako, Have I been pwned izenekoa, esaten dizuna inoiz espiatu ote zaituzten. Microsofteko zuzendari ohi Troy Huntek sortu zuen, ekimen pertsonal gisa, irabazi-asmorik gabe, eta oso-oso azkarra da. Webgunean sartu, egiaztatu nahi duzun helbide elektronikoa sartu eta berehala izango duzu erantzuna. Berri txarrak badituzu, erremintak esango dizu zenbat aldiz egon den arriskuan zure kontua, eta segurtasun-arrakalari buruzko xehetasunak emango dizkizu.
- Aldatu pasahitza. Postako kontua segurua izan dadin, sarbide-gakoa aldatzea da bigarren urratsa. Pasahitzen lapurreta gero eta ohikoagoa den arren, oraingoz, piratek zure informazioa eskuratu ahal izateko modu bakarra da. Komeni da kontuan hartzea sareko kontuak eta profilak babesteko zenbait gomendio: minutu batzuk baino ez dituzu beharko martxan jartzeko, eta zure datu guztiak salbu jartzeko balioko dizute. Hain zuzen, Have I been pwned webgunean bada tresna bat zure pasahitzek izan duten arrisku-maila egiaztatzeko, lehenbailehen aldatu ahal izateko. Horrez gain, komeni da etorkizunean ezustekoak saihesten lagunduko dizuten errutina batzuk gogoan hartzea. Adibidez, arretaz begiratu jasotzen dituzun mezu elektroniko guztiei, eta ez ireki susmagarria iruditzen zaizun mezurik. Eta, batez ere, ez deskargatu mezu horietako fitxategirik eta ez sartu mezu horietako esteketan. Gainera, erabili spamaren aurkako iragazkia, nahi ez duzun posta erretilu nagusian sar ez dadin, eta instalatu antibirus bat gailu eta ekipo guztietan. Eta, batez ere, gogoratu ezen, zure posta elektronikora Wifi sare publiko baten bidez sartzen bazara, zelatan dabilen edozein pirata han sartzeko arriskua duzula.
Zure segurtasun digitalaz ari garenean, hobe da neurriak garaiz hartzea. A! Eta ez ahaztu Euskaltelek inoiz ez dizkizula eskatuko zure datuak posta elektronikoz. Eta guk normalean bidaltzen dizkizugun mezuen antza duen bat iritsi bazaizu baina haren jatorriari buruz zalantzarik baldin baduzu, erantzun aurretik, jar zaitez gurekin harremanetan foroaren, sare sozialen edo 1717aren bidez (doan), ziurtatzeko.