2026an zein museo dira doan Bilbon? Bilboko Arte Ederren Museoa, gaur egun, doan da. Baina Bilbon badira museo gehiago doan, egun jakin batzuetan edo kolektibo jakin batzuetarako (adibidez, adingabeentzat). Adibidez, Bilboko Guggenheimera doan sartu ahal izango zara Museoen Egunean (maiatzaren 18an). Bilbon gaur doan egiteko jardueren bila bazabiltza, hemen aurkituko dituzu interesatzen zaizkizun museoak.
Bilboko Arte Ederren Museoa
Bilboko Arte Ederren Museoa doakoa da gaur egun, eta arte-ondare zabalaz gozatzeko aukera eskaintzen du, arte erromanikotik hasi eta abangoardia garaikideetaraino.
19.000 lan baino gehiago biltzen ditu, eta horien artean daude, besteak beste, El Greco, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Antoni Tàpies eta Miquel Barceló egile ospetsuen marrazki, grabatu, kartel, argazki, pintura eta eskulturak.
Euskal artisten bildumarik garrantzitsuena ere bertan dago, eta, alde horretatik, erreferentzia nagusia da, dokumentu-funtsengatik, ikerketa-tradizioagatik eta artistekiko hurbiltasunagatik.
Astearteetan bakarrik dago itxita, baina ordutegia zertxobait aldatzen da egunaren arabera: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 20:00etara dago irekita, eta igandeetan, 15:00etan ixten da.
Bilboko Arte Ederren Museoko sarrera doan da gaur egun.
Guggenheim Bilbao Museoa

Frank O. Gehryk diseinatutako arte garaikidearen museoa Bizkaiko hiriburuaren ikono bat da. Kanpoko diseinua ikusgarria izateaz gain, barnealdeak 24.000 m²-tik gora ditu, eta tokiko eta nazioarteko egileen aldi baterako erakusketak zein erakusketa iraunkorrak antolatzen dituzte bertan, bai Bilboko funtsekin, bai Guggenheimen New Yorkeko egoitzako funtsekin ere.
Guggenheim Bilbao Museoa ordainpekoa da, baina egun batzuetan doan sar daiteke; adibidez, Museoen Nazioarteko Egunean (maiatzaren 18an) eta museoaren urteurreneko asteburuan (urriaren 19an). Gainera, 18 urtetik beherakoek doan dute sarrera beti.
Hona hemen noiz edo nor sar daitekeen doan Guggenheim Bilbao Museora:
- Museoen Nazioarteko Eguna (2026): 2026ko maiatzaren 18an (astelehena).
- Guggenheim Bilbao Museoaren 2026ko urteurrena: 2026ko urriaren 19ko asteburuaren inguruan.
- 18 urtetik beherakoak.
- Museoaren Lagunak.
Euskal Museoa: behin-behinean itxia

Bilboko Zazpikaleen erdi-erdian, Jesusen Lagundiaren San Andres eliza eta ikastetxea izan zen XVII. mendeko eraikin batean dago Bilboko Euskal Museoa.
Ikusgai ugari biltzen ditu, hala nola pieza arkitektoniko eta eskultorikoak (armarriak, kapitelak, tailuak, erretaulak eta sarkofagoak) eta objektu etnografikoak (batez ere jantziak, etxeko gauzak eta lanbide tradizionaletarako tresnak). Bestalde, ikusgai horiei karlistadekin eta gerra zibilarekin, zeramikarekin, numismatikarekin eta arte plastikoekin loturiko bilduma berriak gehitu zaizkie.
Berez ez da Bilboko doako museo bat, baina egun batzuetan ez da sarrera ordaindu behar, eta kolektibo batzuek ere ez dute ordaindu beharrik.
Gaur egun itxita dago, instalazioak eraberritzen ari baitira, baina gogoan hartu noiz den doan Bilboko Euskal Museoa, ateak berriz irekitzen dituenean joateko:
- Museoaren eguna: ostegunero.
- 12 urtetik beherakoak.
- Pentsiodunak.
- Langabeak.
- Desgaitasunen bat duten pertsonak.
- Kazetariak.
- Museoaren Lagunak.
- ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) txartelaren titularrak.
Bilboko Itsas Museoa
Itsasmuseum edo Bilboko Itsas Museoan, (Ramón de la Sota kaia), “botxo"ko eta Bizkaiko itsas kulturari erreferentzia egiten dioten era guztietako elementuak eta objektuak aurkituko dituzu..
Adibidez, Portu izeneko gangila ikusiko duzu, duela mende bat baino gehiago Euskalduna ontziolan eraikitako lehen itsasontzia, Bizkaiko Labe Garaietan sortutako zepa Galea lurmuturreraino garraiatzen zuena. Eta Bilboko itsasadarreko eta portuko itsas salbamenduaren jatorriari buruz gehiago ikasteko aukera ere izango duzu.
Bilbon doako museoen bila bazabiltza, Itsasmuseum - Bilboko Itsas Museoa doan da astearteetan eta igande arratsaldeetan, baita kolektibo batzuentzat ere.
Noiz da doan Itsasmuseum - Bilboko Itsas Museoa? (doako sarrera leihatilan bakarrik eskuratu daiteke)
- Astearteetan: Bizkaian erroldatuta daudenentzat.
- Igandeetan: publiko orokorrarentzat, 17:00etatik aurrera.
- 18 urtetik beherakoak.
- % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonen laguntzaileak.
- Langabetuak.
- Tokiko irakasleak.
- Tokiko gida ofizialak.
- Laneko bisita bat egiten ari diren kazetariak.
- Itsasmuseumeko txartela dutenak.
Bilboko Arkeologia Museoa

Bilboko Arkeologia Museoa da Bizkaiko ikerketa arkeologikoen hedatzaile handiena. Erakusketa iraunkorrak giza bizitzaren hasieratik (duela 100.000 urte baino gehiago) garai historikoetaraino eramaten gaitu.
Arkeologia Museoan sartzeko, sarrera ordaindu behar duzu, baina badaude doan sartzeko aukerak.
Bilboko museo hau doan da ostiralero, Museoen Nazioarteko Egunean eta kolektibo batzuetarako.
Bilboko Arkeologia Museoa doan:
- Museoaren eguna: ostiralero.
- Museoen Nazioarteko Eguna (2026): 2026ko maiatzaren 18an (astelehena).
- 12 urtetik beherakoak.
- ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) txartelaren titularrak.
Hau da Bizkaiko Arkeologia Museoaren ordutegia: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; igande eta jaiegunetan, 10:30etik 14:00etara.
Bilboko Berreginen Museoa

Bilboko museorik zaharrenetako bat da. Arte klasikoan eta haren erreprodukzio leial eta kalitate handikoan espezializatuta dago. Hiritik atera ere egin gabe, Antzinarotik eta Europako museorik onenetatik paseatzen ari zarela irudituko zaizu.
Aretoz areto, ibilbide tematikoak egin ditzakezu: Periklesen Atenas, Michelangeloren Italia edo Erromako merkatuak. Marrazketa Eskola interesgarri bat ere badu.
Bilboko Berreginen Museoa ordainpekoa da normalean, baina Bilboko museo hau doan da ostegunero, 12 urtetik beherakoentzat eta beste kasu hauetan:
- Museoaren eguna: ostegunero.
- 12 urtetik beherakoak.
- Pentsiodunak.
- Desgaitasunen bat duten pertsonak.
- Irakasleak.
Eleiz Museoa
Bilboko Eleiz Museoaren helburua da Bilboko Elizbarrutiko ondare erlijiosoa kontserbatu, zaharberritu, aztertu eta zabaltzea, eta, horretarako, 500 pieza baino gehiagoko erakusketa iraunkor bat dauka. Gizakundea plazan dago museoa.
Sarrera ordainpekoa da, baina Bilboko museoak doan ikusi nahi badituzu, astearteetan ez da ordaindu behar. Kolektibo hauek ere doan sartzen dira:
- Museoaren eguna: asteartero.
- 10 urtetik beherakoak.
- Irakasleak.
- ICOMen (Museoen Nazioarteko Kontseilua) kideak.
Asteartetik larunbatera, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara dago zabalik; igande eta jaiegunetan, 10:30etik 13:30era. Astelehenetan itxita.
BilbaoArte
BilbaoArte ekoizpen artistikoko zentroak 3.500 m² ditu lau solairutan banatuta, eta eskaintza zabala du: sortzaile berrien erakusketak eta, besteak beste, grabatuari, serigrafiari, eskulturari edo argazkigintzari buruzko ikastaroak, tailerrak, mintegiak eta hitzaldiak egiten dira han.
BilbaoArteko sarrera doan da, eta, oro har, astelehenetik ostiralera irekitzen dute, 09:00etatik 21:00etara.
BilbaoArtek, gainera, bi gune ditu egoitza nagusiaz gain: URIBITARTE40 aretoa, zentroan bertan ekoitzitako proiektu artistikoetarako, eta Otxarkoagako estudioak.
URIBITARTE40 aretoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekitzen dute asteartetik larunbatera. Igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita dago.
Athletic Club Museoa
Gustatuko litzaizuke "Katedrala" ezagutzea? Athletic Club Museoa paradisua da futbolzaleentzat, eta, bereziki, Athletic Cluben jarraitzaileentzat. 1.000 objektu original baino gehiago biltzen ditu, eta klubaren historiari buruzko 900 bideo inguru ikus daitezke; zaharrena, 1898koa.
Museoa bisitatzeko, sarrera hartu beharra dago, baina doan sar daitezke 0 eta 5 urte bitarteko haurrak (gehienez ere, 3 haur heldu bakoitzeko) eta 14 urtetik beherako Athletic Clubeko bazkideak, nola museora, hala San Mamesen zeharreko ibilbide gidatura.
Gogoan hartu duzu noiz sar zaitezkeen doan Bilboko museoetara? Hamaikatxo plan, zein baino zein merkeago 😉.
Goiburuko irudiaren iturria: Bilboko Arte Ederren Museoa.
