Berehala ditugu Gabonak... eta izugarri gustatzen zaizkigu! Familia-ospakizunak, lagunekin berriro elkartzea, jaiak eta opariak, opari asko! Batzuetan, gehiegi… Eskerrak lagun ezkutua dagoen! Pentsa, bestela, zer aurrekontua beharko genukeen Olentzerorako eta Errege Magoetarako

Inork ez daki oso ondo non jaio zen lagun ezkutua: batzuek esaten dute Venezuelan sortu zela, beste batzuek Eskandinavian, beste batzuek Estatu Batuetan... Jatorria edozein duela ere… mundiala da! Hemendik aurrera, bukatu da dirutza xahutu beharra: orain, pertsona bakar batean zentratu gaitezke, eta zerbait berezia aukeratu, arrazoizko aurrekontu batekin.

Teknologia gure alde dago, eta, orain, urrunetik eta papertxorik gabe egin dezakegu zozketa. Badakizu nola? Arrasateko enpresa batek zurelagunezkutua.com webgunea sortu zuen, eta harrezkero, dena mugikorretik antola dezakegu, euskaraz, gaztelaniaz edo katalanez.

Asier Etxebeste webgune horren sortzaileetako bat da, eta azaldu digu krisia hasi zenean sortu zela ideia, 2008. urtean: bere enpresak, Goisolutions, teknologia bat probatu nahi zuen, eta pentsatu zuen webgune hori jartzea kolaboratzaile zuten agentzia baten Gabonetako kanpainaren barruan. Harrezkero, webgune horrek jende askori lagundu dio lagun ezkutua egiten.

Oso erraz erabiltzekoa da: parte-hartzaileen izenak, helbide elektronikoak eta gehienezko aurrekontua sartu behar dituzu, eta webguneak zozketa egiten du eta bakoitzari bere emaitza bidaltzen dio. Eta kito.

Urtearen parterik handienean ez du jarduera asko izaten, baina egun jakin batzuetan izugarri handitzen da trafikoa: Gabonetan, noski, baina baita uztailean ere! Badakizue zergatik? Bada, Uruguain, Argentinan, Brasilen, Paraguain eta Perun uztailean Lagunaren Eguna ospatzen delako. Hain da ezaguna, ezen NBEk ere erabaki baitzuen uztailaren 30a Adiskidetasunaren Nazioarteko Egun izendatzea. Eta, egun horietan, webgunea jo eta su aritzen da.

“Eguneko trafikoa 1.200 eta 1.300 bisitaraino ere irits daiteke”

Oraingoz, ekimena ez da oso errentagarria (“ez dugu dirurik irabazten harekin”, onartzen du Asierrek), baina Goisolutionsek denbora darama pentsatzen zer aldatu diru-sarrerak lortzeko; Secret Santa bat egitea ere bururatu zaie, lagun ezkutuaren bertsio estatubatuarra. Egun hauetako batean ideia bikain batekin etorriko zaizkigu, seguru.

Orain, webgunea izanik, aurrekontu bat zehaztu eta ideia bikainetan pentsatu baino ez dugu. Webgune batzuk aurkitu ditugu 20 euro baino gutxiagoko oparien proposamenekin. Haietako bat Discursite da: ehun bat ideia proposatzen dituzte. Beste bat, Aladinia: Euskadin zein beste autonomia-erkidego batzuetan oparitzeko plan merkeak biltzen ditu. Eta, horrez gainera, eBay etaAmazon ere badaude; haiek ere gauza zoragarriak dituzte. Hona hemen gehien gustatu zaizkigun proposamen batzuk!

  • Smartphonerako aluminiozko euskarria. Osagarri ezin hobea da azken belaunaldiko zure mugikorra edo tableta une oro lan-mahaian ikusgai izan dezazun, baita erakusteko ere, zergatik ez. Gailu mugikor gehienekin bateragarria da, eta oinarrian zuloak ditu, kablea tolestu gabe kargatu dezazun.
  • Rubik-en kuboa. Modaz inoiz pasatzen ez den klasiko bat: 43 trilioi konbinazio posible, emaitza bakar bat lortzeko. Rubik-en kuboa aukera bikaina da 8 urtetik gorako edonorentzat, eta gazteenen denbora-pasa nagusi bihurtu da berriro.
  • LED argi-zerrendak. Izugarri gustatu zaigu ideia hau: LED zerrenda itsasgarriak dira, urruneko aginte txiki baten bidez kontrolatzen dira, eta USB ataka bat baino ez dute behar konektatzeko. Telebistaren atzeko aldean itsasten badituzu, marko argiztatu liluragarri bat izango duzu. Irudika ezazu Euskaltelen telebista ikustea atzea argiztatua duela...
  • Maletentzako baskula. Hegaldietan gaur egun dauden ekipaje-murrizketa guztiak kontuan hartuta, atsekabeak saihesteko modurik onena bidaietara baskula eramangarri bat eramatea izango da, zure maletaren pisu zehatza emango dizun baskula bat. Digitala da, oso praktikoa, eta helduleku soil baten tamaina du. Bikaina asko bidaiatzen dutenentzat.
  • Mugikorrerako eskularruak. Negua iritsi arren, hotza ez dadila oztopoa izan sare sozialetan argazki on bat partekatzeko. Eskularru horiekin eta gure Wifi Kaleanekin, txateatu, nabigatu, selfieak atera eta zure smartphonarekin egin behar duzun guztia egin dezakezu, baita zero azpitik egonda ere.

Badituzu hor ideia batzuk lagun ezkutuarekin arrakasta izateko. Opari interesgarriei buruzko beste webgune batzuk ezagutzen badituzu edo gure aurrekontua gainditu gabe arrakasta izateko aukera emango digun proposamenen bat, partekatu gurekin eta idatzi iruzkin bat.