Hiriaren erdialdea kirol ugari praktikatzeko kantxa erraldoi bihurtu zen ordu batzuez, eta gurasoek, gazteek, mutikoek eta neskatilek aukera eduki zuten jarduera-pila batez gozatzeko. Aisialdi- eta dibertsio-eguna familia guztiarentzat. Beste helburu bat ere badu Kirol Egunak: oso ezagunak ez diren kirol-modalitateak erakustea gizarteari.
Eguna primeran hasi zen, zumba-klasean aldakak topera mugituz. Gorputzari "herdoila kentzeko" eta egun osorako kemenez hornitzeko modu bikaina, alajaina! Beti bezala, eskalada-murruak eta jumpingak neska-mutiko ugari erakarri zuten, salto egiteko eta paretan gora ibiltzeko gogoz guztiak ere.
Uretako jarduerek ere jende asko erakarri zuten; izan ere, ez dago sasoi betean egon beharrik bainujantzia hartu eta Bilboko itsasadarrean arraunean aritzeko, Urdaibaiko, Portugaleteko, Zierbenako eta Kaikuko arraunaren munduko bizkaitar profesionalek lagunduta.
Kirol Egunak nobedade interesgarriak ere izan ditu aurten,; esate baterako, skateko malda. Zalantzarik gabe, monopatinentzako guneak jende ugari erakarri zuen, eta jauzi ikusgarriak ikusi ziren. Guretxoko Skate Skolako neska-mutilei begira izugarri gozatu zuen jendeak. Maila bikaina erakutsi zuten skatelariek.
Sari bereziak futbol- eta minisaskibaloi-txapelketetan
Eguneko bi ekitaldi nagusietakoetan ere aparta izan zen maila: 4ko futbol-txapelketan eta minisaskibaloi-txapelketan, alegia. Kirol Eguneko modalitate izarrek, gainera, bi sari bikain zituzten, parte-hartzaileen hortzak zorrozteko modukoak biak ere.
Kukullaga taldea, haur-kategorian, eta Katxorros taldea, kimu-kategorian, izan ziren 4ko futboleko txapelketako irabazleak. Saria: Athleticeko jokalarien eskutik aterako dira irabazleak San Mamesera. Saskibaloi-txapelketako irabazleek (Friends in black eta Gure Lagunak), berriz, partida bat jokatuko dute Bilbao Arenan Bilbao Basket-en partida bateko atsedenaldian.
Amaitzeko, txapelketa inklusiboa eta kontzertua
Eguna amaitzeko, hitzordu berezi bat izan genuen: Desgaitasuna duten pertsonentzako III. futbol-txapelketa inklusiboa, Athletic Fundazioaren eta ADIZMI elkartearen laguntzaz antolatua. Arrakastatsua izan zen saioa, partaidetzari dagokionez, eta jende ezagun ugarik esku hartu zuen: galtza motzak jantzi eta izerditan blai bukatu zuten denek
Helburu bera zutela (desgaitasuna dutenekiko sentsibilizatzea eta desgaitasuna ezagutzera ematea), galtza motzak jantzi zituzten Manu Arco Euskaltelen Giza Baliabideetako zuzendariak, Jon Berasategi eta Eduardo Zárate Athletic eta Dominion Bilbao Basketeko zuzendari nagusiek, Ritxi Mendiguren Athletic Fundazioko zuzendariak eta Asier García jokalari ohiak, besteak beste. ADIZMI elkarteko jokalariekin taldeak osatu eta gogor saiatu ziren txapelketa irabazten.
Mendizabal III.a, Arretxe II.a, Agirre eta Elordi pilotari ezagunak ere ausartu ziren esferikoz aldatzera, beren laguntzatxoa emateko. Baina, zalantzarik gabe, umore ona izan zen nagusi zelaian.
El hombre del tiempo taldea arduratu zen larunbateko Kirol Egun zoragarriari amaiera egokia emateaz.
Laster, berriro ere Kirol Eguna dugu. Beraz, iragan asteburuan Bilbon egoterik ez baduzue izan, gogoan izan hurrengo Kirol Eguna Donostian egingo dugula. Ekainaren 25ean, larunbata, izango da, Alderdi Ederren eta Antiguan.
Parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa, besterik ez duzue ekarri behar. Zain gauzkazue!