HD bideoak ikusi Youtuben, edo telesailak Netflixen geldialdirik gabe, segundo gutxian argazki-album oso bat igo Internetera, Play Stationarekin online eta bizi-bizi jolastu... AC estandarrak egundoko aurrerapena ekarri die haririk gabeko konexioei. Gure Produktu adituak emango dizkigu azalpenak, denok ulertzeko moduan: Eduardo Lejarretak, alegia.

Teknologia mugikorrak bezala, WiFiaren bilakaerak ere baditu bere "belaunaldiak". Egun, AC WiFia da aurreratuena. Estandar hori du Euskaltelen azken bideratzaileak, zeina zuzenean kontrata baitezakezu, 1717ra deituta.

- Euskaltelen bloga: Zer bilakaera izan du WiFi teknologiak?

- Eduardo Lejarreta: Asko laburbilduz Interneterako haririk gabeko konexioaren historiaren teknologia, bosgarren etapan gaudela esango nuke.

2000. urtean hasi zen 5 Mb/s abiaduran nabigatzeko aukera ematen zuen WiFiaren lehen etapa. Berehala etorri zen WiFi b, zeinak 11 megarainoko abiadura hartzen baitzuen. Gero, 2003an, g WiFia hedatu zen. 54 megarainoko ahalmena zuen. 2009an etorri zen oraindik ere hedatuena dena, n WiFia, zeina 600 mega teorikotaraino iristen den, benetako abiadura 50 eta 150 mega artekoa badu ere.

Azkena, berriz, AC estandarra dugu. 2014an plazaratu zen, baina iaz hasi zen merkatuan leku hartzen.

Konexio hiru aldiz azkarragoa, eta etenik gabea

- EKT bloga: Zein dira AC WiFiaren abantailak?- E.L: 1,3 gigara iristen da, teorikoki, teknologia hori, mega errealak 300 inguru diren arren, hots, aurrekoa (n) baino hiru aldiz azkarragoa da.

Abiaduraz aparte, badu beste abantaila aipagarri bat ere: ez du 2,4 GHz-ko bandaren saturazio-arazorik. n WiFidun gailu askok izaten dute arazo hori: mugikorrek, mikrouhin-labeek, berogailuek, alarmek..., baita Gabonetako zuhaitzen argiek ere. Gailu horiek guztiek igortzen dituzten seinale elektromagnetikoek interferentziak eragiten dituzte 2,4 GHz-ko bandan (hor jarduten da n WiFia); hori dela eta, hondatu egiten da sarearen seinalea, edo deskonexioak izaten dira. Hori da, hain zuzen ere, zenbait erabiltzailek detektatzen duten arazoaren eragile nagusietako bat: bere operadorearekin kontratatuta dauzkaten baino abiadura motelagoak detektatzen dituzte WiFi bidez konektatuta daudenean, abiadura-test bat egitean.  Bideratzailea kable bidez konektatuta dagoela eginez gero abiadura-proba hori, askoz ere hobeak izango lirateke emaitzak.

Aldiz, 5 GHz-ko bandan jarduten da AC WiFia, zeinak ez duen jasaten horrelako interferentziarik. Beraz, askoz ere sare egonkorragoa eta sendoagoa da.

Baina, horrez gain, Beamforming teknologia du AC estandarrak.

- EKT bloga: Zer hobekuntza dakar Beamforming teknologiak?

- E.L: Estaldura hobetzen du teknologia horrek. Selektiboagoa da seinale-transmisioari dagokionez, eta interferentzia gutxiago eragiten du. Laburbilduz, WiFi konexio azkarragoak egiteko aukera ematen du, eten gutxiagorekin eta estaldura-irismen handiagoarekin.

- EKT bloga: Edozein gailurekin konekta al naiteke AC WiFi sare batera?

-E.L: Hargailuek ere (mugikorra, tableta...) AC izan behar dute. Duela bi urtetik hona egin diren ordenagailu eta mugikor ia guztiek badaukate jada.

Bideratzaile dualak gailu guztietarako

router AC Euskaltel- EKT bloga: Zer gertatzen da AC bideratzaile bat instalatzen badidate baina nire gailuak bateragarriak ez badira?

- E.L: Ez dago inongo arazorik. AC bideratzaileen beste abantaila bat (Euskaltel bere abiadura-eskakizun handieneko bezeroei jartzen ari zaien bideratzailearena, adibidez) hau da: dualak dira. Hau da, bi WiFi sarek bidaltzen dute seinalea: batek, 5 GHz maiztasunean; besteak, 2,4 GHz-koan (b, g eta n WiFi estandarrena). Hori dela eta, gailu zaharrak zein berriak konekta daitezke AC bideratzailera.