Urre-koloreko harea fineko 2 kilometro eta erdi, toldo koloretsuak, mundu guztiko surflariek miresten dituzten olatuak, ikuspegiaz eta gastronomiaz gozatzeko lokal bikainak... Zarauzko hondartzaz ari gara, gure kostaldeko ezagunenetariko bat baita. Euskadin udan bisitatu beharreko helmugetako bati buruz jakin beharreko guztia kontatuko dizugu.

Zarauzko hondartzak ez du parekorik; toldo urdin, berde eta zuri deigarriak eta bereizgarriak ditu, eta hondar azalera handia. Udan, uraren batez besteko tenperatura 19-21 ºC izaten da. Itsasora ematen duenez, surflarien eta olatuen zaleen paradisua ere bada. Hala, “Gipuzkoako surfaren hiriburua” dela esan ohi da.

Beraz, ez da harritzekoa Condé Nast Traveler bidaia-aldizkariaren irakurleek "estatuko hondartza onena" izendatu izana 2024an. Diotenez, "surferako hondartza guztien ama da".

Xehetasun gehiagorekin ezagutuko dugu. Honelakoa da Zarauzko hondartza.

Nola iritsi Zarauzko hondartzara

playa zarautz vista

Iturria: Turismoa Zarautz

Zarauzko hondartza, herria bezalaxe, Orio eta Getaria artean dago, Urola Kostako (Gipuzkoa) ekialdean. Iñurritza edo San Pelaio erretena itsasoratzen den tokiaren eta Iteiko puntaren artean dago.

Donostiatik hogei kilometro eskasera dago Zarautz. A8 autobidea da iristeko modurik ohikoena, bai Donostiatik eta Bilbotik datozenentzat, bai Frantziatik datozenentzat. Kostaldeko bidetik ere etor daiteke, N-634 errepidetik.

Laburbilduz, ez da batere zaila gure kostaldean den udako eta surfeko helmuga ezagun honetara iristea.

Nolakoa den Zarauzko hondartza

Zarauzko hondartza Euskadiko luzeena da. Guztira, urre-koloreko hondar finezko 2,5 kilometro baino gehiago, bai eta olatu-mordo bat, parekorik gabeko ingurune naturala eta nahi adina lokal eta terraza ere. Itsas pasealekua ere ez da makala; hara joanez gero, eskulturak eta haur-parkeak ikusiko dituzu, besteak beste.

Are gehiago ibili nahi baduzu, Iñurritzako biotopo babestuan ia kilometro bateko pasabide bat dago, dunen, paduren eta labarren artean eraikia; eta hondartzaren amaieran, Getariaraino doan oinezkoentzako bide bat ere badago (5 kilometro pasatxo dira).

Zarauzko hondartzara bazoaz, lehenik eta behin, zuretzako toki aproposena aukeratu behar duzu. Izan ere, hondartzak hiru eremu ditu: mendebaldekoa, ur bareak eta zerbitzu guztiak dituena, ezin hobea familiarekin eta haurrekin etortzeko; ekialdekoa (ezkutuena da, eta nudismoa egin daiteke); eta erdiko aldea, olatu bikainen aldea eta surflarien paradisua; surfa oso ezaguna da Gipuzkoako herri honetan.

Surfa Zarauzko hondartzan

playa zarautz surf

Iturria: Euskadi turismoa

Zarauzko olatuak oso ezagunak eta desiratuak dira. Herria ezaguna da nazioartean surferako helmuga gisa, eta zenbait adinetarako eta mailatarako ikastaro eta jarduerak ematen dituzten bost surf-eskola ditu. Gainera, lehiaketak eta txapelketak antolatzen dituzte urte guztian; besteak beste, Rip Curl Pro Zarautz txapelketa, Surfeko Mundialerako puntuagarria.

Hala, Zarautzen, eta, bereziki, portu inguruan, etengabea da bertako eta atzerriko surflarien joan-etorria.

Hain zuzen, haien ustez, bi toki hauek dira Zarautzen surfean aritzeko onenak: portu parea (bi metrotik gorako olatuak sortzen dira han) eta El Canal (olatu onak daude, baina urrunago dago; aproposa da lasaiago aritzeko surfean).

Urritik martxorako hilabeteak dira Zarautzen surfean ibiltzeko egokienak, korronteek orduan eratzen baitituzte olatu sendoenak.

Zarauzko hondartzako zerbitzuak

playa zarautz toldos

Iturria: Turismoa Zarautz

Zarauzko hondartza ongi prestatuta dago egunero jasotzen dituen bisitarientzat.

Ibilgailuak errazago utzi ahal izateko, Zarauzko Udalak doako aparkaleku handi bat gaitu du herriaren sarreran, Asti kirol-eremuan, hondartzaraino doan autobus eta guzti.

Bestalde, hondartzan dutxak, komunak eta aldagelak daude, bai eta sorospen-zerbitzua ere.

Nahi baduzu, hamakak eta aulkiak erreserbatu ditzakezu. Eta Zarauzko hondartzaren ikur diren toldo koloretsuak ere erabil ditzakezu. Egunka edo denboraldika alokatzen dira. Familia batzuek toldo bera hartzen dute urtero: dagoeneko udako tradizio bilakatu da erritual hori.

Atseden hartzeko, aisialdirako gunea eta taberna dituzu, eta itsas pasealekuko lokal eta izozki-denda ugariak.

Kirolerako hondartza denez, garrantzitsua da kirol-eremuak eta arauak errespetatzea. Bandera gorri-urdinak ur-kirolen eremua adierazten du.

Zer ikusi Zarautzen

Zarautz Euskadiko hondartza onenetako bat baino gehiago da: herrian ikusteko asko dago, eta bikaina da bisitan joateko.

Baleazaleen herria izan zen garai batean, eta XIX. mendean errege-erreginak eta aristokratak hasi ziren etortzen uda pasatzera. Hala, goi-burgesiak eraikitako jauregitxo eta etxebizitza ugari daude. Hondartzaren aurrez aurre dagoen Narros jauregia dugu haietako bat; Elisabet II.aren bizilekua izan zen, eta monumentu historiko-artistiko izendatu zuten.

Zarauzko alde zaharrean, Andre Maria Erreginaren eliza nabarmentzen da, estilo gotikokoa; Dorre Luzearekin batera, Andre Maria Erreginaren Arkeologia eta Monumentu Multzoa osatzen du. Dorre Luzea udalerriko eraikin zaharrena da, eta, gaur egun, Arte eta Historia Museoaren egoitza da.

Badiako ikuspegi zoragarriez gozatu nahi baduzu, zoaz ekaitzen zaindariaren ohorez eraikitako baselizaren ondoan dagoen Santa Barbara behatokira.

Eta azken aholku bat: Zarauztik joan aurretik, jan bertako pintxo ezagunak. Adibidez, toldotxo pintxoa probatu dezakezu, Arguiñanotarrek sortua; Zarauzko tabernetan eska dezakezu, edota Karlos Arguiñano sukaldari ezagunaren hotel-jatetxean (Zarauzko hondartzako antzinako jauregitxoa).

Kontatu dizugun guztia irakurri ondoren, galdera bat baino ez: Noiz joango gara Zarauzko hondartzara?

Goiburuko irudiaren iturria: Euskadi turismoa.