Denoi gustatuko litzaiguke hil ondoren gutaz luzaroan gogoratzea. Gure gizartearentzat figura esanguratsua izatea. Baina ohore hori oso pertsona gutxik dute. Gaur, Euskadiren historian nabarmendu diren 16 emakume ekarriko ditugu gogora. Haien lanak edo bizitzak oso esanguratsuak izan ziren, eta zenbait urte geroago ere haiek gogoratzen jarraitzen dugu.
Zerrenda honen asmoa ez da adierazgarriena edo osoena izatea. Ziur gaude izen garrantzitsuak kanpoan geratu zaizkigula eta zerrenda handiagoa izan zitekeela, baina uste dugu emakume horietako batzuek Euskadiren historia baldintzatu zutela eta aitzindari izan zirela beren arloetan. Merezi dute gogoratzea eta ahaztuak ez izatea.
Frantziska Akulodi (XVII.-XVIII. mendeak)
Frantziska Akulodi kazetaria eta enpresaria izan zen. Europako kazetaritzan aitzindari izan zen, eta 1687 eta 1689 artean jardun zuen lanean, historiako lehen editoretzat oker hartutako Daily Couranten sortzaile Elizabeth Mallet baino lehen.
1678. urtean, Frantziskaren senarra, Martin Huarte, hil egin zen, baina hil aurretik, baimena eman zion (garai hartan beharrezkoa zen) “Gipuzkoako probintzia txit noble eta txit leialaren inprimatzailearen” tituluaren oinordeko izateko. Semeetako batek erreleboa hartu arte inprimategiari eusteko baldintzapean utzi zion ohore hori.
Horri esker, 1683. urtean, Frantziska Akulodik Noticias Principales y Verdaderas aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, Bruselan argitaratzen zen egunkari baten gaztelaniazko itzulpenari bertako berriak gehitzen zizkion hamabostean behingo aldizkaria.
Rita Barrenetxea (1757-1795)
XVIII. mendeko emakumezko prosalari eta antzerkigile bakarretakoa izan zen Espainian. Emakume kultua, ilustratua, erreformista eta filantropikoa zen, artistak babestera eta pobreenei laguntzera emana zegoen.
“Sociedad Bascongada”ren ingurukoa izaki, 1787an “Junta de Damas aneja a la Sociedad Económica Matritense” elkartea sortu zuten hamalau emakumeetako bat izan zen. Madrilgo zirkulu sozial itzaltsuenekin eta haietako kideekin erlazionatu zen (besteak beste, Albako dukesarekin eta Jovellanosekin).
Bizenta Mogel (1782-1854)
Euskarazko lehen emakumezko idazlea izan zen, euskarazko alegiak argitaratzen lehena eta euskarazko haur-literaturako lehen idazlea.
Bizenta Mogelek irakasle jardun zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, eta emakume gehienek irakurtzen eta idazten ez zekiten garai hartan euskaraz idazten zuen lehen emakumea izaki, emakume alfabetatu eta idazle izateari buruzko azalpenak ematera behartuta egon zen.
Josefa Kruz Gassier (1821-1866)
Josefa Kruz, "La Gassier” goitizenarekin ezagunagoa, arrakasta handiko sopranoa izan zen XIX. mendean . Soprano edo tiple arin gisa debuta egin zuen Londresen 25 urte besterik ez zituela, eta Bilboren izena mundu osoko agertokietara (Frantzia, Espainia, Erresuma Batua, Estatu Batuak…) eraman zuen.
Hainbesteko arrakasta izan zuen Amerikan, ezen Manuel Saumell musikari kubatarrak haren izena daraman kontradantza bat konposatu baitzion.
Eulalia Abaitua (1853-1943)
Eulalia Abaitua emakumezko lehen euskal argazkilaria izan zen, dakigunez. 2.500 argazkiko ondarea utzi zuen —Bilboko Euskal Museoan gordetzen da— , eta gertaerak erregistratzeko eta oroitzeko informazio-tresna automatiko gisa aurkeztu zuen argazkilaritza. Garaiko egunerokotasunaren argazkiak egiten zituen, erretratuak, kasu gehienetan.
Bere 2.500 argazkietatik, gehienak kanpoan eta argi naturalarekin egindakoak dira, baina badaude bere kezkak eta jakin-mina aditzera ematen dituzten zenbait adibide ere, hala nola esposizio bikoitzeko argazkiak edo collagearen teknika erabiltzen dutenak.
Benita Asas Manterola (1873-1968)
Benita Asas Manterola gipuzkoarra aldaketaren aitzindari eta feminismoaren bultzatzaile izan zen, hots, egungo eskubide eta askatasunak lortzeko bidea ireki zuen emakumeetako bat.
1913an, Pilar Fernández Selfarekin batera, El Pensamiento Femenino egunkaria sortu zuen, eta zuzendu egin zuen 1913 eta 1916 bitartean. 1929an, Genevan Nazioen Elkarteak deitutako batzarrera joan zen Benita, Emakumeen Ligako ordezkari gisa.
Bigarren Errepublikan (1931-1939), konstituzio berria idaztearen harira, Benitak emakumearen boto-eskubideari buruzko Memorandum bat aurkeztu zuen Gorteetan, Konstituzio Batzordearen aurrean.
Maria Goiri (1873-1954)
Maria Goiri idazlea, filologoa, historialaria, pedagogoa, irakaslea eta Espainiar literaturaren ikertzailea izan zen. Unibertsitateko Filosofia eta Letretako emakumezko bigarren ikasle ofiziala ere izan zen, eta emakumeen eskubideen defendatzaileen abangoardian egon zen.
Maria Maeztu (1881-1948)
Maria Maeztu maistra, pedagogoa, eskolako zuzendaria, hizlaria, feminista eta humanista izan zen, eta 1915 eta 1936 bitartean Residencia de Señoritas etxea zuzendu eta bultzatu zuen. Institutu-Eskolako zuzendaritza-batzordeko kide izan zen, eta Lyceum Club Femeninoren buru ere bai (1926-1936).
Julene Azpeitia (1888-1980)
Irakasle,a idazlea eta euskaltzalea. Maistra izan zen 18 eta 70 urte bitartean, ideia pedagogiko modernoak ekarri zituen, euskarazko hezkuntzaren alde egin zuen eta ikastolen sustatzaile izan zen Bigarren Errepublikan.
Azpeitiak haurrentzako liburuak eta ipuinak ere idatzi zituen euskaraz, Euskaltzaindiko kide izan zen, eta aldizkari askotan idatzi zuen.
Dolores Ibarruri (1895-1989)
Dolores Ibarruri, “Pasionaria” goitizenez ezaguna, borrokalari sozial eta politikoa eta idazle feminista izan zen, eta langile-klaseak eta emakumeak gizartean eta lan-arloan aintzatestea bilatu zuen beti.
Alderdi Komunistako kidea izan zen sortu zenetik, eta 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Bigarren Errepublikan egindako azkenetan, diputatu aukeratu zuten.
Katalina Eleizegi (1889-1963)
Katalina Eleizegi Maiz euskal idazlea izan zen eta antzerkigile gisa nabarmendu zen. Irakasle-ikasketak egin ondoren, Euskadiko zenbait tokitan lan egin zuen eta euskal antzerki modernoaren aitzindarietako bat izan zen.
Irakasle-ikasketak egin zituen Burgosko Eskola Normalean, baina euskal antzerkia drama historikoekin aberasten eman zuen bizitza, Donostian, Gerra Zibila baino lehen, eta Lizarran ondoren.
Felisa Martin Bravo (1898-1979)
Felisa Martin Bravo Fisikako doktore-titulua eskuratu zuen lehen emakumea izan zen. Bere doktorego-tesiaren emaitza gisa, kristalografiaren historiako artikulurik bereziena jaio zen, hots, gai horri buruz Estatuan argitaratutako lehen ekarpen idatzia: “Nikel oxidoaren, kobalto oxidoaren eta berun sulfuroaren kristal-egitura zehaztea” (1926).
Bere tesian, nikel eta kobalto oxidoen eta berun sulfuroaren egitura ezarri zituen, Bragg eta Debye-Scherrer-en metodoak X izpien bidez aplikatuz.
Luz Zalduegi Gabilondo (1914-2003)
Albaitaritza-ikasketak amaitu zituen Euskadiko lehen emakumea izan ze. eta estatuko hirugarrena. Osasun-ikuskatzaile gisa jardun zuen Euskadiko zenbait herritan, eta ohorezko kolegiatu izendatu zuen Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizialak.
Zezilia Garzia Gilarte (1915–1989)
Kazetari, eleberrigile, antzerkigile, saiakeragile eta unibertsitateko irakasle lanetan aritu zen idazlea.
Idazle autodidakta, tradizio anarkistako langile-familia batean jaioa. Iparraldeko Fronteko zenbait gunetako gerra-korrespontsal gisa egindako kronikak garai hartako egunkarietan argitaratu ziren. Bataila-frontera egindako bisitengatik nabarmendu zen, unitate militarretan bete-betean sartzeraino.
Mentxu Gal (1918-2008)
Mentxu Gal gerraosteko pinturaren berritzaileetako bat izan zen, eta gazte-gaztetatik egin zen ezaguna pinturaren munduan. 1959an, Pinturaren Espainiako Saria jaso zuen lehen emakumea bihurtu zen.
Paisaiak eta, hein txikiagoan, erretratuak ekarri zioten ospea, eta kolorearekiko erakarpen pertsonala garatu zuen horietan. Jaioterriko paisaiak izan zituen bereizgarri, eta gerraosteko artista handienetako bat bihurtu zen.
Maria Antonia Uzkudun “Anoetako txikita”(1927-2008)
Maria Antonia Uzkudun eliteko pilotaria izan zen 1914 eta 1967 bitartean, eta “Anoetako txikita” goitizenarekin ezagutzen zen. Erraketa-modalitatean lehiatu zen Espainian, Mexikon eta Kuban. Atzelari gisa aritzen zen. Garaiko prentsaren arabera, munduko erraketista onena izatera iritsi zen, eta sari ugari jaso zituen.
Lurdes Iriondo (1937-2005)
Donostian jaiotako artista gipuzkoarra, gerraosteko ikastolen munduari lotua. 1964an euskaraz kantatzen hasi zen, Andoaingo ikastolarako dirua lortzeko. Oihartzun handia izan zuen gaurkotasuneko gai sozialei buruz gitarra lagun zuela egindako euskarazko kantuekin.
Ikusten duzuenez, gizarte-esparru guztietan daude beren lanarengatik nabarmendu ziren emakumeak. Bidea ireki zuten aitzindariak dira, eta ez ditugu ahaztu behar. Ziur laster euskal emakume gehiago ekarriko ditugula zerrendara, osoagoa izan dadin.