Amaitu da uda, baina jarduera ugari dugu urrian zurekin partekatzeko; guztiek lagunduko dizute eguneroko zereginetara itzultzeak dakarren ajea gainditzen. Esate baterako, erronka teknologikoak, ikastolen festak, Hiru3 Jaia etxeko txikientzat eta moda. Hasi data horiek egutegian markatzen eta udazkenaz gozatzen.
Teknologia
Erronkak gustatzen zaizkizu? B24 ekitaldia zuretzat da. Berrikuntzaren 24 orduak hemen dira berriro ere: urriaren 4an eta 5ean, DBHko ikasleentzat, Getxoko Aixerrota institutuan, eta urriaren 25ean eta 26an, Batxillergoko, LHko eta unibertsitateko ikasleentzat, Derion, Euskaltelen eraikinean. Parte-hartzaileek 24 ordu dituzte aukeratzen duten erronkari irtenbide bat emateko. 24 ordutan jendea ezagutuko dute, lan egingo dute, ebaluatu egingo dituzte... baina dibertsiorako tartea ere izango dute!
Euskara
Ikasturte berriarekin batera, urrian Gipuzkoako eta Nafarroako ikastolek beren urteroko jaiak egingo dituzte. 2019ko Kilometroak Zarautzen egingo da, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta. Gipuzkoako ikastolen festa urriaren 6an, igandea, izango da, eta jarduera ugari antolatu dute prestatu dituzten kilometroetarako. Motorrak berotzeko, hasi aurtengo abestia ikasten:
Bestalde, Tuteran izango da 2019ko Nafarroa Oinez, urriaren 20an, igandea. Argia ikastola azken ukituak ematen ari da egitarauari, egun bikaina pasa dezazun kultura, artisautza, musika eta beste zenbait ekintzatan, gurasoekin, senideekin eta haurrekin. Eta hauek ere buru-belarri aritu dira lanean. Hona hemen haien bideoklipa:
Eta festa hauekin gozatzeko eta Zarautzi eta Tuterari buruzko jakingarrien berri izateko, deskarga ezazu Ikasjai aplikazioa. Sari ugari irabazi ahal izango duzu.
Txikis
Etxeko txikienek primeran pasatuko dute EiTBk antolatutako Hiru3 Jaia. Aurten urriaren 12an izango da BEC (Bilbao Exhibition Center) 2. pabiloian. 11:00etatik aurrera, sei orduz luzatuko da festa. Jarduerak eta emanaldiak 20 gunetan banatuko dira: Hiru3 Gunea, tailerrak, ludoteka, puzgarriak, pista amerikarra, laser labirintoa, fanzonea telebistako marrazki bizidun ezagunenetako pertsonaiekin, eta askoz gehiago. Eta bideo-jokoak atsegin badituzu, zatoz Euskaltelen gunera; primeran pasatuko duzu.
Baina hori ez da guztia. Ondo-ondoan, 4. pabiloian, Go!azen 6.0-ren denboraldi berriaren aurrestreinaldi bikaina izango baita. Ez galdu aukera!
Moda
Dagoeneko tradizionala den Pasarela Bilbaok hamargarren edizioa du urriaren 19koa, eta harrotasunez ospatuko dute. Bilboko Kale Nagusia galaz jantziko da modako azken joerak erakusteko, dotore joan gaitezen. Bilbao Centro elkarteak antolatutako pasarela honetan, 50 saltoki baino gehiago, bertakoak diren diseinatzaileak eta nazioartean erreferentzia direnak elkartuko dira. Izaera inklusiboaren alde egiten duenez, Síndrome de Down Fundazioak, ONCEk eta Acambik parte hartuko dute, besteak beste. Jantzi zaitez zure soineko ederrenez, eta zatoz front rowra.
Ikus dezakezun bezala, denen premiak asetzeko planak ditugu. Hautatu gehien gustatzen zaizkizunak, zatoz gurekin, eta, gogoratzen bazara, kontatu gure sare sozialetan.