Gainean dugu 'Go!azen 8.0.'ren estreinaldia Denboraldi berri honekin, hamar urtetik gora dira pantailan, eta aktore asko igaro dira telesailetik, Go!azen-en ostean ere arrakasta izan duten aktore berriak eta talentu gazteak. Haien ibilbidea ezagutu nahi duzu?

Talentu gaztearen harrobia

Go!azen telesailaren arrakastaren gakoetako bat, jarraitzaileen leialtasunaz eta EITB Taldearen eta Euskaltelen laguntzaz gainera, aktoreekin bete-betean asmatu izana da.

Eta galdera berdina egiten dute denboraldiz denboraldi: aurkituko ote dugu bila gabiltzana? Erantzuna "bai" da. Hauxe esan digute: "Guretzat oso atsegina da gazteen prestakuntzan ikusi dugun bilakaera, 2008an egin zen lehenengo film hartatik. Gazte euskaldunek talentu paregabea dutela esateko moduan gaude. Antzezteko, dantza egiteko, kantatzeko... Eta jarrera bikainarekin gainera!".

Neska-mutil asko izan dira Basakabin, eta Go!azen-en ondoren ibilbide paregabea izan duten aktore horietako batzuk bakarrik ekarriko ditugu gogora.

Aitana eta Paula Etxeberria

Gogoan dituzue Haizea eta Helene? Ordiziako Aitana eta Paula Etxeberria bikiek interpretatu zituzten. Gaur egun 'Twin Melody' izenaz dira ezagunak sareetan, eta gelditu ere egin gabe aritzen dira: Instagram, Tik Tok, telebista-saioetan ere aritzen dira, Disneyko telesailetan parte hartzen dute ('Bia'), talent showetan lehiatzen dira, beren biografia idazten ari dira 23 urterekin, eta Alejandro Sanzen kontzertuetan hasierako kantari izan dira. Geldiezinak dira jada...

Go!azen: 'Begietara begira': Haizeak eta Elenek:

Ainhoa Larrañaga

'Go!azen'eko Eli, hau da, Ainhoa Larrañaga, kantaria eta aktorea da. 2020an 'Eskuinak' diskoa kaleratu zuen, eta bigarren diskoa prestatzen ari dela jakin dugu. Aktore gisa prestatzeko ikasten jarraitzen du, eta ondo ari da, 'Servir y proteger' (TVE) eta 'El internado: las cumbres' (Amazon Prime Video) telesail ezagunetan parte hartu baitu, besteak beste. Ez galdu haren arrastoa.

Miren Arrieta

Miren Arrieta ere, hiru denboralditan Ane izan zena, aktore-lanetan ari da. 2018an 'Go!azen' utzi zuenetik, gelditu ere egin gabe aritu da zineman, telebistan eta antzerkian. 'Soinujolearen semea' (2019) filmean, 'Ihesaldia' (2019, ETB), 'Etxekoak' (2020, ETB), 'Las chicas del cable' (2020, Netflix) eta 'Altsasu' (2020, ETB) telesailetan, eta 'Utzi zure mezua seinalearen ondoren' eta 'Ameriketara bidaian' antzezlanetan ikusi dugu, Nerea Mazorekin batera ('Nikole'). Neska polifazetikoa benetan :)

STR

Eta, bukatzeko, musika. Ezagutzen duzue STR taldea? Taldeko hiru partaide telesailean aritu ziren: Aritz Mendiola ('Gari'), Oihan Moreno ('Jontxu') eta Iker Villa ('Ander'). 'Go!azen'etik taula gainera jauzi egin dute mutil horiek. 'Göxö' da haien lehenengo diskoa, eta erritmo urbanoak dakarzkigute. Gustuko duzue haien musika?

S T R - GÖXÖKI (Official Film)

Aurten ere aktore berriak izango dira 'Go!azen 8.0'n; adibidez, Malen Azpirotz (Iraia izango da), Joanes Echeveste (Ibai), Julen Castillo (Koldo), eta Iñaki Mujika (Unax).

Basakabitik igarotzen diren aktoreek datozen urteetan ere zeresana ekarriko dute, eta guk horren berri ematen jarraituko dugu, ziur gaude :)