Ziur bakoitzak baduela Euskadin txoko kutunen bat, edo txokoren bat zoragarria iruditzen zaiona eta inoiz aldatu edo desagertu beharko ez lukeela pentsatzen duela. UNESCOren Gizateriaren Ondarearen zerrendak balio natural edo kultural paregabea duten leku horiek guztiak biltzen ditu, eta haiek babesteaz arduratzen da. Gizateriaren Ondarearen zerrendan Euskadiko zein bost txoko dauden kontatuko dizugu.
1972tik, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) leku-zerrenda bat egiten du, haien babesa zaintzeko, etorkizuneko belaunaldiei gizateriarentzako baliotsutzat jotzen dugun guztia irits dakien.
UNESCOk Gizateriaren Ondarearen zerrendan jasotzeko aukeratzen duen ondare kultural eta natural guztia legatu babestu bihurtzen da, iraganetik jaso duguna eta etorkizuneko belaunaldientzat mantendu eta babestu beharrekoa.
Hona hemen Gizateriaren Ondarearen zerrendan dauden Euskadiko bost lekuak. Zerrenda bizia da, urtez urte alda daitekeena, eta espero dugu hazten jarraitzea, gure lurraldeak datozen belaunaldientzat manten dezan bere kulturaren eta ondarearen balio guztia.
Bizkaia zubia (2006)
Zubi esekia, Portugaleteko zubia edo Portugaleteko zubi esekia esaten zaio, baina haren izen ofiziala Bizkaia zubia da. Transbordadore-zubi bat da, Bilboko itsasadarraren bi ertzak lotzen dituena Portugalete eta Getxo artean.
Alberto de Palacio y Elissague arkitektoak diseinatu zuen. 45 metro garai eta 160 metro luze da, eta, eraikitzeko, XIX. mendeko eraikuntza metalikoko teknika tradizionala erabili zen, baina tortsio txandakatuko altzairuzko kable arin berritzaileak ditu bereizgarri.
1893an inauguratua, euskal industrializazioaren ikurrik handiena bihurtu zen, eta metalezko egitura zuen lehen transbordadore-zubia izan zen munduan.
2007an, Bizkaia zubia Euskadiko lehen Gizateriaren Ondare bihurtu zen, eta Estatuan aitortutako lehen Industria Ondarea.
Altxerriko kobazuloak (2008)
2008an, Paleolitoko hamazazpi kobazulo apaindu batu ziren UNESCOren Gizateriaren Ondarearen zerrendara, Altamirako kobazuloko gunearen zabalpen modura. Ondasun honek UNESCOren zerrendan “Altamirako koba eta Espainiako iparraldeko Paleolitoko labar-artea” izena du.
Haitzulo horiek Europa osoan, Ural mendietatik Iberiar penintsularaino, K.a. 35.000 eta 11.000 urteen artean garatu zen labar-artearen adibide paregabea dira.
Altxerriko haitzuloa Aia udalerrian dago, Gipuzkoan. Jatorrizko kobazuloan labar-pinturak daude, Madeleine aldikotzat joak (duela 14.500 eta 11.700 urte artekoak), Europako zaharrenak.
Altxerriko haitzuloetako artearen estiloaren bereizgarria bertako figuren errealismoa da. Pinturetan 68 bisonte, 7 elur-orein, 6 ahuntz, 5 zaldi, 4 arrain, orein bat, hartz bat eta suge bat agertzen dira, besteak beste.
Horrez gain, arte paleolitikoko pinturarik handienetako bat ere badu: okre-gorriko bisonte izugarri bat, 4 metro zabal eta 2 metro garai dena. Haren barruan beste bi figura daude, felino bat eta hartz bat.
Bisita ezazu Euskadiko Gizateriaren Ondarearen harribitxi hau.
Ekaingo kobazuloa (2008)
Ekaingo kobazuloa Deba udalerrian dago, Gipuzkoan. 1969an aurkitu zuten, eta honek ere Madeleine aldiko labar-pinturen zenbait multzo ditu barnean.
Ekain muinoaren ekialdeko magalean dago, Debako udal-mugartean, Zestoatik oso hurbil. Haitzuloa labirinto katramilatsua da, eta 150 metroko distantzia du ahotik hondora.
Ekaingo kobazuloa osorik dago apainduta, ia etenik gabe. Kalkulatu da 70 figura inguru daudela; 59k animaliak irudikatzen dituzte, eta gainerakoak oraindik interpretazio argirik ez duten zeinuak edo irudiak dira. Gainera, kobazuloko zati batzuetan hatz-markak topatu dira.
Koba ez dago bisitarientzat irekita, baina erreplika bat egin da. Ekainberri izena du, eta kobazulotik hurbil kokatutako azpiegitura kultural bat da; bisitariei aztarnategia ezagutzeko aukera ematen die eta, aldi berean, Euskadiko Gizateriaren Ondare honen babestea bermatzen du.
Santimamiñeko koba (2008)
Santimamiñe haitzuloa Bizkaiko Kortezubi herrian dago, eta Historiaurreko ikonotzat jotzen da. Inguru naturalean kokatuta dago, eta bertan Madeleine aldiko pinturak topatu dira.
Euskadiko Gizateriaren Ondareko toki hau Urdaibai naturagunearen barruan dago. Bertako labar-pintura Goi Paleolitoko Madeleine aldikoa da, eta hainbat animalia irudikatzen ditu (bisonteak, zaldiak, hartzak, oreinak eta ahuntzak).
Koba hori ere itxita dago bisitarientzat, baina Interpretazio Zentroan 3D ibilbide birtualak egiten dira, eta, horren bidez, koba barneko aberastasuna ikus daiteke. Kontsultatu hemen erreserbetarako ordutegiak.
Donejakue bideak Euskadin: kostaldeko bidea eta barnealdeko bidea
Donejakue bidea kultur ondaretzat jo zen 1962an. 2015ean, baina, UNESCOk erabaki zuen Iberiar penintsulako iparraldeko Donejakue bideak mundu-ondareko ondasunen zerrendan sartzea.
Euskadin, Donejakue bideak bi ibilbide ditu: batak Gipuzkoa eta Bizkaia gurutzatzen ditu kostaldetik, ekialdetik mendebaldera, eta beste bat barnealdetik doa, Gipuzkoan eta Araban barrena, iparraldetik hegoaldera.
Guztira 364 kilometro dira, eta Euskadiko hainbat leku esanguratsutatik igarotzen dira, hala nola Bilboko Donejakue eta Gasteizko Santa Maria katedralak, Zenarruza-Ziortzako kolegiata eta Zegamako San Adriango kobazulo edo tunela.
Euskadiko seigarren Gizateriaren Ondarea: Urdaibai
UNESCO Euskadin dituen Gizateriaren Ondareko bost lekuak ezagutu ondoren, ezin dugu ahaztu gure lurraldeko beste ondare bat, ez gizateriarena, baizik eta biosferarena. Urdaibai erreserba.
Urdaibai Biosfera Erreserba naturagune bat da, eta Oka ibaiaren ahoan sortzen da, Busturialdean (Bizkaia). Mundakako edo Gernikako estuarioa ere esaten zaio. Itsasadarraren inguruko 22 000 hektareek balio handiko altxor biologikoa gordetzen dute: eremu horretan hainbat ekosistema elkartzen dira, eta fauna- eta landaredi-komunitate bereziak biltzen dira, espezie oso garrantzitsuak dituztenak.
Hegazti migratzaile ugarik hor igarotzen dute negua. Hainbesteraino, non 1994an Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu baitzuten.
Hona hemen lau plan Urdaibain egiteko eta eskaintzen duen guztiaz gozatzeko:
Bisitatu dituzu Euskadiko Gizateriaren Ondare guztiak? Zeren zain zaude? Informazio guztia duzunez, bisita planeatu besterik ez duzu egin behar, UNESCOk bere zerrendan zergatik sartu dituen bertatik bertara ikusteko. Ez zaio arrazoirik faltako.
Goiburuko irudiaren iturria: Eusko Jaurlaritza