18 eta 24 urte bitartekoak dira horren erabiltzaileen erdiak. Batez beste, egunean 150 milioi lagunek erabiltzen dute aplikazio hori, zeinak aukera ematen baitu segundo gutxi batzuez argazkiak eta bideoak partekatzeko. Zer berrikuntza duen? Bada, ezabatu egiten direla edukiak, markatutako epea betetakoan. Sortu eta lau urtera, Twitterrek baino erabiltzaile gehiago ditu egunean, hain du handia arrakasta...
Hona Snapchaten arrakastaren gakoetako bat: komunikazioaren alderdi dibertigarriaz baliatzen da. Partekatzen diren selfieak eta bideoak deformatzeko edo margotzeko aukera ematen zuen lehenbizikoetakoa izan zen, eta oso TOP dira haren iragazki adimendunak. Ez zara saiatu oraindik txakurtxo bihurtzen edo ahotik ortzadar bat jaurtitzen?
Horra argazki-aplikaziorik ezagunena, non paisaia ikusgarriak eta irudi ederrak ikusten diren eta jende ezagunak bere eguneroko bizimodua azaltzen digun. Sei urte badira sortu zela, eta nagusi den arren, Snapchaten zenbait berrikuntza "kopiatu" egin behar izan ditu Instagramek, lehiakidearen hazkunde azkarra moteldu nahirik. Ikusi al duzu Instagram Stories? Egun batez parteka daitezke argazkiak eta bideoak; gero, automatikoki ezabatzen dira. Horixe da, hain juxtu ere, Snapchaten funtzionamenduaren oinarria. Noiznahi hasiko da gerra. Facebook da argazkiak eta bideoak partekatzeko sare sozial horren jabea, oraingoz behintzat, eta Snaptchatek baino bi bider erabiltzaile gehiago ditu egunean: 300 milioi. Eta zuk, zein duzu nahiago?
Musical.ly
Zure alderdirik sortzaileena erakuts dezakezu Musical.ly-ri esker. Playback egin dezakezu haren galerian aurkituko dituzun milaka abestiekin, eta zenbait efektu erantsi: kamera geldoa, kamera lasterra, markoak, iragazkiak... Amaitzean, Facebooken, Twitterren, Whatsappen eta beste zenbait sare sozialetan parteka dezakezu emaitza. Bruno Mars kantariak eta Maroon 5 taldeak bat plataforma hori erabiltzen dute beren kantu berriak plazaratzeko. Erakuts ezazu zu ere artista bikaina zarela, iOserako eta Androiderako erabilgarri dagoen apliakzio horretaz baliatuta.
Twitch
Amazonen jabetzakoa da munduko bideojoko-plataforma nagusia, zeinaren bidez zuzenean eman baitaitezke bideojokoetako partidak. Zuzenean ematen dituzte jokalariek beren saioak, etxetik, iruzkinen ataletik ikusleek animatzen dituzten bitartean. LVPk ere (Bidejokoen Liga Profesionala) Twitcheko bere kanalean ematen ditu lehiaketa onenak.
Haren hazkunde izugarria ikusirik, Youtube Gamingekin sendotu zuen bere webgunea Youtubek, bideojokoen alorreko munduko plataformarik handienetakoak, zuzeneko partidak hobeto emateko.
Aldatu egiten dira modak, eta azkar asko desagertzen dira aplikazio batzuk; badirudi, ordea, arrakastaz arrakasta jarraituko dutela aipatu ditugun lau horiek. Probatu nahi al dituzu? Esan, iruzkin batean, zer iruditu zaizkizun ;)