Gasteizko inauteriak tradizio handiko jaiak dira, eta sekulako giroa izaten da Arabako hiriburuko hirigune historikoan eta erdialdean: konpartsen desfileak ez ezik, Sardina Erretze tradizionala eta ekitaldi gehiago ere izaten dira.

2024an, otsailaren 6tik 13ra izango dira Gasteizko inauteriak, eta, berrikuntza gisa, bi konpartsa gehiago izango dituzte: Iturribero eta Salburua. Hala, guztira 25 konpartsa ibiliko dira aurtengo Gasteizko inauteri-jaietan.

Gasteizko 2024ko inauterietako egitaraua

Programa del Carnaval de Vitoria Gasteiz 2024

Irudia: Gasteizko Udala

Konpartsek aukeratuta dauzkate dagoeneko gaiak, eta otsailaren 6rako (asteartea) dago programatuta Gasteizko 2024ko inauterietako lehenbiziko ekitaldia.

Aurten ere larunbata eta igandea izango dira egun handiak (otsailak 10 eta 11), baina guk osorik aurkezten dizugu programa, konpartsen desfile eta emanaldi guzti-guztiekin.

Asteartea, otsailak 6

  • 18:00 Goiuri jauregia: inauteri-jaien hasiera. Konpartsak aurkezten dira eta herritar guztiak gonbidatzen dira inauterietan parte hartzera. Sarrera doan, leku guztiak bete arte.

Lerdo eguna, otsailak 8

  • 18:15 Haur-abesbatzen erronda, Gasteizko kale eta plazetan barrena. Folklorearen Udal Akademiako, José Uruñuela Dantzaren Udal Kontserbatorioko eta Arabatxo Haur Koruen Arabako Federazioko abesbatza, musikari eta dantzariek hartuko dute parte.
  • 19:30 Probintzia plazan, abesbatzen, musikarien eta dantzarien emanaldia elkarrekin.

Ostirala, otsailak 9

  • 19:15 Inauterietako entzunaldia: Luis Aranburu udal musika-eskolako auditorioan, eskola horretako ikasleen emanaldia.

  • 20:00 Plaza Berria: Ezetz harrapatu inauteri-ikuskizuna, Indarra Kultur Elkartearen eskutik.

Larunbata, otsailak 10

  • 13:00 Gasteizko margolarien kalejira, eta Ibiltaria eskulturari mozorroa jartzea. Titania Teatrok, eta Biotzatarrak eta Indarra fanfarreek hartuko dute parte.
  • 18:00 Inauterietako konpartsen desfilea. Parte hartzen duten 26 konpartsak Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko dira Florida Parkerantz karroza eta guzti, hiriko kale nagusietatik desfilatuz: Legutianoko Atea, Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, eta Florida kalea.
  • 19:30 Plaza Berria: Endika & Mike DJen musika-animazioa.
  • 21:30 Orkresta elektrotxaranga, Zabalguneko oinezko kaleetan.
  • 23:00 Plaza Berrian, dantzaldia Akerbeltz taldearekin

Igandea, otsailak 11

  • 12:00 Inauterietako konpartsen desfilea. Konpartsak Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko dira Florida Parkerantz karroza eta guzti, hiriko kale nagusietatik desfilatuz. Legutianoko Atea, Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, eta Florida kalea.

Asteartea, otsailak 13

Carnaval Vitoria Gasteiz Quema sardina

Irudia: Gasteizko Udala

  • 18:00 Plaza Berrian, Sardinaren dantzaldia Joselu Anayak taldearekin.
  • 20:00 Plaza Berrian, inauteri-jaien amaiera eta Sardina Erretzea. Negartiek kolorez beteko dute Plaza Berria, eta konpartsek publikoari lagunduko diote jaiei agur esaten. Hileta-martxa doinuekin erreko dute sardina sutan.

Gasteizko 2024ko inauterietako konpartsak

Comparsas del Carnaval Vitoria Gasteiz

Irudia: Gasteizko Udala

Konpartsak eta haien kalejirak dira Gasteizko Inauterietako protagonista erabatekoak. Asko ikastetxeekin lotuta daude, baina badira parrokietakoak, eskualde-etxeetakoak edo futbol-lagunarteenak ere.

Konpartsaren batean lagundu edo parte hartu nahi baduzu, haiekin jarri behar duzu harremanetan. Aurtengoak itxita daude dagoeneko eta, gainera, Udalak gehienez ere 400 laguneko muga ezarri zuen 2023an konpartsa bakoitzeko.

Iaz guztira 6.433 lagunek parte hartu zuten konpartsetan. Halere, 2020an hautsi ziren hiriko errekor guztiak: 7.162 lagun irten ziren konpartsen desfileetan. Ea aurten ere pil-pilean jarraitzen duten.

2024an, 25 konpartsa hauek parte hartuko dute Gasteizko inauterietan:

  • Ikasbiturribero konpartsa elkartea: Arabako patata
  • Salburuko ikastetxea - Errekabarri Eguzkia Guraso Elkartea. Natura magikoa
  • Sansomendi-Ehariko Adiskideen Elkartea. Que la fuerza te acompañe
  • Carpe Diem Antzerki eta Kultur Elkartea. Corsariooos, al aborda je..jeje!
  • San José de Calasanz Guraso Elkartea (Eskolapioak). Festilapios
  • Séneca Kultura Zentro Andaluziarra. Un mundo de sueños
  • Niño Jesús Ikastetxeko Inauterietako Elkartea. NJ Back to the 80’s
  • Marianisten ikastetxeko Guillermo Chaminade Guraso Elkartea. Marias Bros
  • Sagrado Corazón ikastetxeko (Karmelitak) Guraso Elkartea. Quidditch
  • Sagrado Corazón ikastetxeko (Corazonistas) Gurasoen Elkartea. Mardi Gras Coras
  • Urkide Ikastetxeko Guraso Elkartea. Pac-Man
  • Zabalganako Konpartsa Kultura Elkartea. Zabalbusters
  • Comparsa Baila y Disfruta Kultura Elkartea. Molinillos
  • Artzain Onaren Parrokiako Kultura Elkartea. Cubanos
  • Ana Maria Rivier Guraso Elkartea (Presentación de María). El templo de PresenMulán
  • Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxea. Lusitania ad Victoriam
  • Aranbizkarra Elkarte Soziokulturala. Arizguardianes
  • Errekatxiki-Santa Luzia Auzo Elkartea. El príncipe de Santa Bel-air
  • Abetxukuko Inauterietako Konpartsa. Cherokee
  • Vera Cruz Ikastetxeko Guraso Elkartea. Michael Jackson
  • Egibide-Nieves Cano Ikastetxeko Guraso Elkartea. ¡Vaya, vaya! ¡Egibide se va a la playa!
  • Iritsi Gara Elkarte Soziokulturala. Sambabizkarra
  • Aranako Auzo Elkartea. Abbarana
  • Gasteizko Euskobarça Barcelonaren Lagunartea. Monstruos de las emociones
  • San Viator/Cofradía NSCC Kultur Elkartea. SANVI ROCK & “yabba dabba doo”

Gasteizko inauterien historia

Gasteiztarrek inauteriekiko duen zaletasuna ez da atzo goizeko kontua. XVII. mendekoak dira festa honen lehenbiziko aipamenak. Beti ospatu izan da kale-giroan, eta gizarteko maila guztietan.

Gasteizko inauterietako erreferentziarik zaharrenetako bat Marie-Catherine le Jumelle de Barneville edo Madame d’Aulnoy kondesarena da.

Hauxe idatzi zuen noble europar hark 1679an: «Plaza Berrira iritsi nintzenean, txundituta eta erabat harrituta geratu nintzen: lau mutil-talde ikusi nituen, berrehundik gora lagun, denak gazteak. Kornetak eta danborrak aurretik zituztela, alai asko zihoazen guztiak».

Itxura guztien arabera eta datak kontuan hartuta, Gasteizko inauteria izan bide zen, ordurako errotuta baitzegoen gasteiztarren artean. Beti ospatu izan dituzte inauteriak kale-giroan. Halaxe abesten zuten XIX. mendearen amaieran, arabarren artean hain ezaguna zen eta gaur egun ere kantatzen duten biribilketa batean. Antza denez, Atxuriko eta Amarako geltokiak pintatzen ziharduten margolariak, lanak amaitu ondoren, Gasteiz aldera joan ziren inauterietara.

«Los pintores de Vitoria
han terminado ya de pintar,
las Estaciones de Achuri
y Amara en San Sebastián.
Guía, guía maquinista
a toda velocidad
que la máquina del tren
se va a parar....
Y nos vamos a Vitoria
a pasar el Carnaval»
(Gasteizko pintoreek
amaitu dituzte
Atxuriko geltokia
eta Donostiako Amarakoa.
Goazen, makinista,
ziztu bizian,
trenaren makina geratu ez dadin
bidearen erdian...
Eta goazen Gasteiz aldera
inauterietan)

Oraindik ere ez badituzu ezagutzen Gasteizko Inauteriak, badakizu zer egin behar duzun: hartu egun pare bat aurten, eta zoaz Arabako hiriburura bertatik bertara bizitzera.

Goiburuko irudia: Gasteizko Udala