Apirileko Feriara Realarekin
Pentsa ezazue une batez zale txuri-urdinak zaretela eta, Euskaltelen bezero izateagatik bakarrik, Sevillara joateko aukera duzuela Realaren partida bat ikustera. Eta irudikatu zuen taldearekin bat egiteaz gain, Apirileko Feriaren ospakizunen erdian egokitzen dela partida. Eta primeran pasatzen duzuela: koloreak, soineko parpailadunak, gurdiak, musika, rebujitoak. Eta horretaz gain, zuen taldeak berdindu egiten duela lehiakide zuzen duen taldearekin eta bihotzekoak jotzeko moduko partida bat dela gainera. Ba al da hori hobetzerik?
Bada, horixe da Jaionek bizi izan zuenaren laburpena. Senarrarekin eta Real Sociedadekin joan zen Sevillara maiatzaren 5ean, eta bidaia “perfektua” izan zuen. “Egun mundiala izan zen, benetan, joan eta etorri oso azkarra, hori bai, baina denetarako balio izan zigun, ikaragarri aprobetxatu baikenuen. Hori izan zen onena.”. Aste batzuk pasatu dira dagoeneko egun hartatik, baina atzo joan izan balitz bezala gogoratzen du Jaionek. Ostegun arratsalde batez iritsi ziren Sevillara, eta hiria ezagutzen eman zituzten arratsalde hura eta hurrengo eguna. “Apirileko Feriako egunak ziren Sevillan, eta gertu-gertutik ikusi genituen giroa, gurdiak, dena. Zoragarria.”. Horren aurretik, jokalariak ezagutzeko aukera ere izan zuten: “oso jatorrak, hurbil-hurbilak”. Eta azkenean, iritsi zen partida hasteko ordua. “Bat eta bat gelditu ziren, eta oso gogoan dut ostu egin zigutela partida, baina, hala ere, egun zoragarria izan zen!”.
Eta, egia esan, ez zen egun bakarreko kontua izan. Denboraldi benetan ikusgarria egin du Realak. Eta datorren urtean... egon adi, Europa konkistatzera joango baikara denok!
Loiutik Bartzelonara Athleticekin
Asierren oroitzapena, berriz, latzagoa da, ez esperientziagatik beragatik, “paregabea” izan baitzen, partidaren emaitzagatik baizik, txuri-gorriek galdu egiten baitzuten berriz azken denboraldietan lehiakide gupidagabe izan duen taldearen aurka. Otsailaren 4an joan zen Bartzelonara Asier, emaztearekin, eta asteburu “ahaztezina” pasatu zuen han. Gehiena hunkitu zuena bidaia izan zen, jokalarien hegazkin berean joan baitziren biak. Hain zegoen liluratuta, ez zien ezertxo ere esan, ez gogaitzearren, haiek beren gailu elektronikoetan murgilduta zeuden bitartean. “Egia esan, atentzioa eman zidan ikusteak makinatxoekin jokatzen ari zirela jokalari guztiak bidaiak iraun bitartean”, oroitzen da Asier. Bartzelonan eman zuten eguna zoragarria izan zen; hiria ezagutu eta primeran pasatu zuten. Baina jokatzeko ordua iritsi zen, eta 3-0 irabazi zion Bartzelonak Athletici. “Pena izan zen partida galtzea; giroa ez zen izan irabazi ondoren egon ohi dena, noski, baina esperientzia benetan ahaztezina izan zen.”, dio.
Asier, askotan irabazi izan diegu, eta berriz ere irabaziko diegu. Bartzelonan, Bilbon eta Koparen hurrengo finalera bidaltzen gaituzten lekuan. Eskerrik asko zuen laguntasunagatik!
Camp Nouko palkora Eibarrekin
Ez dakigu zergatik, baina Eibarrek harrapatu egiten zaitu. Galdetu, bestela, Hilariori eta haren seme Josuri. Eibarrek Bartzelonaren aurka jokatutako partida batera joan ziren Eibarren aldekoak izan gabe, eta ia alkatea bera baino armazaleago itzuli ziren.
Berez, Hilario txuri-urdin zalea da, eta haren seme Josu… culé!. Beraz, uste baino bi zaletu gutxiagorekin joan zen Eibar Camp Noura Barça guztiahaldunaren aurka jokatzera. Edo hala ematen zuen, hasiera batean. Izan ere, Eibarrek eta haren jokalariek beren magia guztia hedatu zuten, eta aita-semeak txunditu zituzten. “Eibar izugarri gustatu zitzaigun: ezin jatorragoak dira. Partidaren amaierarako ez geneukan ahotsik. Hainbeste animatu genituen! Yoel atezainari besarkatuta bukatu nuen. Penaltia gelditu zuen! Eta semea Inui japoniarrarekin argazkiak ateratzen ibili zen, Eibarren bi golak sartu baitzituen", gogoratzen du.
Hilariorentzat "luxuzko esperientzia sinestezin bat" izan zen. Beren etxean jaso genituen eta aireportura eraman; jokalariekin hitz egin zuten, eta Camp Nouko autoritateen palkora sartzeko gonbita ere jaso zuten. “Azkenean, ez ginen sartu, gorbata jantzi behar zelako. Baina beste palko batean egon ginen; janaria eta edariak zituzten”, gogoratu du Hilariok. “Esperientzia izugarria izan zen. Euskalteli esker. Horrelako zerbait dagoen hurrengo batean ere, kontatu nirekin, joan egingo naiz eta!”.
Jakina, Hilario! Zatoz! Hurrengo zozketan Alavésekoa ere egingo zaitugu!
Final historikoa Alavésekin
Estitxuk, ahizpa Nagoreren deia jaso zuenean, ez zitzaion burutik pasatu ere egiten handik pare bat egunera Asier mutil-lagunarekin Vicente Calderónen egongo zenik Kopako finalean Alavés animatzen birikak eman ahala. Ez bakarrik ahizpak talde babazorroaren historian partida garrantzitsuenetako baten sarrerak uztea espero ez zuelako, baizik eta larunbat goiz horretan bertan Estitxuk zeregin garrantzitsu bat zuelako: ezkontzako jantziaren proba egitea! Estitxuk dioenez, ez da "oso futbolzalea", baina Asier laguna... oso zalea da. “Soinekoaren proba hamarretan nuen, eta hamaiketarako dendako atean nuen Asier autoan zain”, gogoratzen du. Mutil-laguna “tematu” zen Madrilera partidara joatearekin, eta Estitxuk, "zalapartaka" bidaiatzeko gogorik ez zuen arren, orain dio egun ikaragarria izan zela: “Primeran ibili ginen. Oso giro ona zegoen. Ni ez naiz oso zalea, baina gorputz eta arimarekin bizi nuen finala, Alavés-a gure taldea delako”.
Zorionak Estitxu eta Asier! Espero dugu zuen ezkontzan ere oso ondo pasatzea eta zoriontsu izatea.
Gustatuko litzaizuke gure irabazleek kontatu diguten moduko esperientzia bat izatea? Twitter eta Facebook-en gure jarraitzaile izan besterik ez duzu, eta hilero bidaltzen dizkizugun mezu elektronikoei kasu egin. Irabazteko lehen urratsa parte hartzea da beti! Zorte on!